Osasuna. Adimen emozionala

Haurren beldurrak

Jon Berastegi.
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Beldurra gizakia bezain zaharra da. Beldurra auto-babes mekanismo bat bezala jo daiteke, oso erabilgarria dena haurraren hazkundean. Mekanismo horrek aukera ematen du, gorputzaren aktibazioaren bidez, inguruarengandik jasotzen dituen arriskuetara egokitzeko. Haurtzaroan, beldur fisiologikoek, naturalek, pixkanaka-pixkanaka desagertzeko joera dute adinean aurrera egin ahala. Aldiz, beldurrak ez-naturalak ere izan daitezke. Haurrek egoera beldurgarrien aurrean egiten dituzten balorazioak benetakoak ez direnean edo egoeragatik suerta daitezkeen ondorio arriskutsuak gehiegizkoak direnean sortzen dira beldurrak. Kasu horretan, bai haurrek eta bai gurasoek sufrimendu handia jasaten dute. Modu horretan, haurraren egiteko erari eta haren eguneroko egoerei aurre egiteko gaitasunari kalte egiten dio beldurrak (lo egin, eskolara joan, bakarrik egon, irteerak egin...). Bi beldur mota horien arteko muga ezartzea zaila izaten da askotan. Faktore batzuen araberakoa izango da, hala nola haurraren adina, beldurraren izaera eta egoerak, intentsitatea, maiztasuna, sufrimendua eta zer-nolako ezgaitasun maila sortarazten duen haurrarengan.

Nola adierazten den beldurra

Maiz, ezinbestekotzat jo dezakegu guraso eta hezitzaileek seme-alabek botatzen dituzten mezuei arreta jartzea. Batez ere, ez-hitzezko mezuei, hau da, hitzez ez direnenean adierazten, hala nola oldarkortasuna, indarkeria, joera gogaikarriak une oro, pasibotasuna, motibazio eza edo isolamendurako joera, insomnioa edo enuresis (gaueko eta eguneko mikzioa) sintomak, haur maina luzeak, hatza ahoan sartzea, marrazkiak...

Nola gainditu beldurra

Lehenik eta behin, seme-alabaren egoera lasai bizi behar da (gutxienez haren aurrean), kezka edo estutasuna erakutsi gabe. Gogoratu gurasoen jokabideen ereduak direla umeak behatzen eta barneratzen dituenak. Ez behartu umea beldurra sentiarazten dion jokabideak egitera. Egoerari aurre egitea ezinbestekoa suertatzen denean, egoera horretara hurrenez hurren hurbiltzeko plan bat egitea komenigarria da. Horretarako,jokoak eta irudimena erabil ditzakezu. Adibidez, performance emozional bat egin dezakezu. Horrela, seme-alabak nahi duen fikziozko pertsonaia bati helduarekin aldez aurretik landutako argibideak eskaintzen dizkio, objektu edo egoera beldurgarri horri aurre egiteko.

Erabilgarria izan daiteke, beldurrak antsietatearekin bat egiten duenean, erlaxazio teknikak erabiltzea ere. Saihestu egin behar duzu seme-alaben beldurrak irrigarri uztea, bereziki ikaskideak edo lagunak aurrean dituenean. Zure arreta irtenbide posibleetara zuzendu behar duzu, ez zigor ondorioetara.

Ez dugu ahaztu behar beldurra, beste emozioak bezala, sendatu baino gehiago, mimatu eta ulertu egin behar ditugula.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.