Haurren irriek eta oihuek berotu dute hiria

Haurren Eguna antolatu dute Baionako bestetarako. Hiriko gune orotan hainbat animazio eta tailer proposatu dituzte, haurrak egunaren jabe izanik.

Leon erregearen iratzartzea, Askatasunaren plazan. PATXI BELTZAIZ
Leon erregearen iratzartzea, Askatasunaren plazan. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko uztailaren 10a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Marengo karrikan haur bat kexatu da gaiteroen desfilea hastean. «Noiz geldituko dira gaiteroak?», erran die gurasoei belarriak eskuekin tapaturik dituela. Gaiteroen, erraldoi ttipien eta buruhandien desfilearekin hasi da Haurren Eguna Baionan. Ohi bezala, besten ortzeguna haurrentzat antolatua da, eta goiz-goizetik nagusi ziren hiriko karriketan txarangen gibeletik edo zenbait eremutan antolatu jokoetan. 

Karrikan goiti doaz, nagusiki haurrak, San Andres elizaren kontra ziren erraldoi ttipiak ikustera. Bestaz gozatzen badute ere, erran daiteke haurrek ere egiten dutela besta. Izan ere,Besteak konpainiako erraldoiak haurrek eramaten dituzte, eta haurrek gidatzen dute danborrada ere. Nahiz desfilea hasia ez izan, batzuen urduritasunak eta eguneko eguzki izpiek izerdi uharretan eman du haur tropa. 10:30ean abiatu da jende tropa merkatuko plazarantz, erraldoi ttipiak desfileko buru izanik. Bidean, haurrek ahoetan dituzten plastikozko tronpeten hotsak ere adi daitezke gaiten eta danborren kolpeez gain, guraso eta bestazale batzuei etsipen pixka bat eragin arren. 

Behin merkatu plazara arribaturik, haur andana hurbildu da erraldoi ttipien ingurura. Esku zarten artean harrera egin diote desfileari, eta, zangoak lurrean pausatu bezain laster, dantza bat egin duteBesteak konpainiako sei erraldoiek. Emeki-emeki elkarren artean gurutzatuz, erraldoien arropak airean ibili dira plazaren alde batetik bertzera. Amaia Sierres erraldoi ttipi baten eramailea da, bere lagun Baptiste Ropquinekin batera. Biek kontatu dute desfilea «errazki» iragan dutela eta dantza egitea dela zailena.

«San Andres plazatik bakoitzak behin eraman dugu erraldoia, eta plazan bakoitzak dantza bat egiteko ukaiten dugu»

AMAIA SIERRESZigante eramailea

Sierresek kontatu duenez, hiru kide arduratzen dira erraldoi batez, eta txandaka eraman dute desfile denboran; baita dantza egiterakoan ere. «San Andres plazatik bakoitzak behin eraman dugu erraldoia, eta plazan bakoitzak dantza bat egiteko ukaiten dugu». Ropquineri bero handiagatik erraldoia eramatea zaila egin zaion arren, «biziki» kontent agertu da eginiko ibilaldiaz. «Hamar eta hamabost kilogramo artean dute erraldoiek, eta beroa egiten duenean zaila da horiek eramatea, baina heldu den urtean berriz eramanen dut, dudarik gabe». 

Haurren alaitasuna ez da merkatuko plazan soilik nabaritu. Eguerdian, Leon erregearen iratzartzean ere, haurrek bete dute Askatasunaren plaza. Merkatu plazatik jin desfilearekin agertu dira franko, baina bertze anitzek aitzinetik lekua hartu dute erregearen iratzartzea ikusteko. Balkoitik animatzaile batek hamabiraino kontatu ondotik, bertze batek haurrei honako galdera hau egin die: «Gurekin ote da Leon? Gurekin ote da Leon?». Haur saldoak baiezkoa erran ondoan eta oraino oihuka zirela, balkoi erdiko erridaua ireki dute. Haurren begirada guziak balkoira zuzendu dira eta «Leon, Leon, Leon!» oihuka errepikatuz deitu dute erregea kanpoaldera. Balkoian agertu orduko jauzi uholdea lehertu da herriko etxe azpiko plaza zabalean.

«Sentsibilizazioa» helburu

Tenore bertsuan ireki da La Poterne parkea. Bertan, urtero bezalaxe, hainbat animazio proposatu dituzte haurrentzat. Harresien kontrako itzal eta belar zati guziak jendez bete-beteak dira bazkariko tenorean, eta hortik hurbil, berriz, harresien luze-zabalean, hainbat elkartek postuak instalatu dituzte. Anitzen artean, Bil ta Garbi sindikatuak joko bat antolatu du. Maia Etxeberria animatzailearen arabera, hondakinen bereizketari buruzko bi joko egin dituzte, bata haur ttipientzat, eta bertzea, berriz, 8 urtetik goitikoentzat.

Hain zuzen ere, haurrei bizikleta ibilaldi bat proposatu diete. Hiru bizikleta dira orotara, eta ibilaldian atzematen dituzten hondakinak bildu, eta saski egokietan sailkatu behar dituzte bukaeran. Tailerra ez da zikin ontzi horiaren eta beltzaren arteko jokoa soilik; sentsibilizazioa egiteko manera «ezin hobea» dela azpimarratu du Etxeberriak. Horren karietara, animatzailea ohartu da 8 urtetik goitiko haurrek dagoeneko badituztela hondakinak sailkatzeari buruzko nozio batzuk. Azken finean, sailkapenaren ideiak gauzatzeko eta etxean praktikan emateko saioa da Bil ta Garbik eskainirikoa. «Ez da ahantzi behar haurren eguna dela eta jokoaren bidez transmititu behar direla ideiak. Helburua da ideia batekin joan daitezen etxera, eta egunerokoan hondakinak behar bezala sailkatu ditzaten». 

«Ez da ahantzi behar haurren eguna dela eta jokoaren bidez transmititu behar direla ideiak. Helburua da ideia batekin joan daitezen etxera, eta egunerokoan hondakinak behar bezala sailkatu ditzaten»

MAIA ETXEBERRIA Bil ta Garbi sindikatuko animatzailea

Sentsibilizazioa ez da bakarrik hondakinak sailkatzeari buruzkoa izan. Parkean berean Idoki etxe ekoizpenen elkarteak ere bere postua eman du, tokiko mozkinez osatu otorduak kozinatzeko. Gazia ala gozoa, sukaldean dabiltzan laborariek orotariko eskaintza egin diete haurrei eta gurasoei. Laborarien xokoarekin batera, bestetan lekuko mozkinak jateko gunea da Idokiren postua. Hori bakarrik ez, Ipar Euskal Herriko laborarien biziarazteko postuak dira biak, laborariari bere mozkinak kozinatzeko eta zuzenean saltzeko parada baita. 

Bertzalde, Gaia elkarteak lekuko jokoen tailerrak antolatu ditu Patxa plazan. Arratsalde hastapenetik aitzina, herri kirolak proposatu dituzte besta alternatiboen gunean. Julen Lassalle laguntzailearen arabera, Euskal Herriko joko batzuk ezagutaraztea dute helburu. Euskal kulturaren inguruan jostatuz, lasto altxatzea, enbor mozketa eta zotz bilketa egin dituzte. Bertako jendeari ez ezik, kanpoko familiei ere irekia da bertako jokoak aurkezteko elkartearen proposamena. «Gehien-gehienik hemengo jendea hurbiltzen da, baina kanpotik eta gure kultura ezagutzen ez dutenak ere heldu dira gure jokoetan parte hartzera». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.