Gauzak ez direla lehen bezala egiten. Hozkailuak, berogailuak eta abar ia betiko zirela garai batean; zuri-beltzeko telebistarekin aspertu eta koloretakoa erosten zela, baina ez zaharra matxuratu zelako; autoak bezala: bat erosi eta urte askoan harekin. Sentipenak dira, kontsumitzaileen kexu ez arrazoituak, edo sena. Eta baita gehiago ere. Zaharkitze programatuak azal dezake egungo erabiltzaileak sentitzen duena lau-bost urte besterik ez duen etxetresna moderno bat matxuratzen zaionean. Aspaldiko kontzeptua da industria munduan, 1930eko hamarkadakoa.
Thomas Alba Edisonen asmakizunarekin hasi zen dena. Bonbillak 2.000 ordu inguru irauteko ekoizten zituzten, harik eta enpresari talde batek iraupen hori txikitu egin behar zela erabaki zuen arte. Bai eta txikitu ere, erdira hain zuzen. Zaharkitze programatuaren hasiera izan zen; erosleek etengabe erosteko teknika martxan zen. Halaxe kontatzen du The Light Bulb Conspiracy dokumentalak. Cosima Dannoritzer (Dortmund, Alemania, 1965) zinemagilearen lana Interneten ikus daiteke. Europako hainbat telebistatan ere eman dute, besteak beste, TVE katean Comprar, tirar, comprar izenburupean.
Egungo krisi ekonomikoa gainditzeko kontsumoa sustatzea ezinbestekoa dela dio politika ekonomikoari buruzko ildo jakin batek; bada, 1930eko krisi latza gainditzeko formula hori bera sustatu zuten hainbat enpresarik. Nola, ordea? Zaharkitze programatua arlo askotara zabalduta. Kontsumitzailearen adostasuna, haren ongizatea edo iritzia gutxienekoa zen, eta gaur egun ere hala dela dirudi. Izan ere, 1929ko crash ekonomikoaren ondoren hasitakoa XX. mende osoan gailendu zen askotariko produktuen serieko ekoizpenetan, baita gaur egun ere.
Erosi eta erosi, eta berriro ere erosi. Etengabeko kontsumoaren eredua gailendu da gaur arte, eta, horretarako, ezinbestekoa izan da kontsumitzaileari beharra sortzea. 1950eko hamarkadako emakumeak nylonezko galtzerdi iraunkorrekin gustura baziren edo ez berdin dio, ehun ahulekin egindako galtzerdiekin aldatu ziren nylonezkoak, nahi gabe ere hausten diren horiekin.
Sinestekoa al da inpresorak egiten dituen etxe ezagun batek bere gailuei txip bat jarri izana, hainbat orri kopuru inprimatu eta gero huts egin dezan? Hala kontatzen du Cosima Dannoritzer egileak bere dokumentalean, eta hainbat froga erakusten ditu. Dena den, hainbat enpresatan eta hainbat produkturen ekoizpenean jarrera horrekin jarduten dela argi zegoen orain baino lehen. Jakina da, kasurako, iPod gailuak iraupen gutxiko bateriarekin merkaturatu zituela Apple etxeak. Hura amaitzean iPod berria erosi behar zela esaten zien erabiltzaileei.
Baina zaharkitze programatua zabala da enpresa munduan, eta era askotara egin daiteke. Modaren bidez, esaterako. Gutxi dira orain dela 20 urteko jantzi zaharkitu bat jartzen dutenak, inauterietan ez bada, edo, modaren ikonoek soilik ulertzen dituzten arrazoiak direla medio, berriro ere modan jartzen ez bada. Batzuek ez dute jantzi nahi iaz modan zegoen oihala edo kolorea,aurten ez dagoelako modan. Edo ez dute nahi pantaila laua ez duen telebistarik. Berdin dio tripaduna ongi dabilen edo ez; «bada garaia LTD barneraturik duen telebista laua erosteko; LED teknologiakoa, gainera, USB eta Hdmirekin, eta 200 hertz edo gehiagorekin». Halako pentsamoldearekin bizi da kontsumitzailea, eta zaila da tentazioari ezetz esatea saltoki gune handi bateko sarreratik pasatzen den bakoitzean. Epe labur batean etxeko ordenagailua alboratu eta eramangarri bat erosi dutenak ez dira gutxi izango, ezta eramangarria eduki arren iPad edo antzeko tableta bat erosi dutenak ere. Azken-azkena edukitzea, alegia muturreko teknologiaren jabe izatea eta prestigioa lotzen baitute han eta hemen, telebistako iragarkietan eta filmetan; eta lagunen arteko elkarrizketetan eta laneko giroan.
Gauzak beste era batera egin daitezke, ordea; produktuak iraunkortasun handiagoa edukitzeko diseina daitezke. «Bonbillak askoz gehiago iraun dezaketela frogaturik dago», esan zion kazeta honi Cosima Dannoritzer dokumentalgileak elkarrizketa batean. Modaren aldagai psikologikoaz gain, informatikan erabiltzen den beste mekanismo bat ere azaldu zuen Dannoritzerrek. «Bateraezintasuna baliatzen dute informatikan: duzun softwareak ez du balio gailu berrirako, edo alderantziz. Orain, berriz, USBrik ez duten ordenagailuak egin dituzte, eta gailu askok soilik USBrekin dabiltza». Hamaika trikimailu berriak erosteko beti. Nork nahi du duela bost-sei urteko sakelako telefono zaharra? Zertarako, askoz handiagoa izan arren, hamaika megapixeleko kamera ez badu eta ukipenezkoa ez bada?
Finean, gizarte eredu jakin bat dago arazoaren atzean. Etengabe kontsumitzera eta gailu berriak erostera bultzatzen du eredu horrek, zaharrak tonaka eta tonaka pilatuz, zabor mundu bat sortuz.
Ezarian. Zaharkitze programatua
Hausteko diseinatua
Zaharkitze programatua aspaldiko kontzeptua da ekoizpena sailean egiten duen industrian; haatik, kontsumitzaile asko asaldaturik daude, berriki izan dutelako mozkinak handitzea helburu duen mekanismoaren berri; besteak beste, 'The Light Bulb Conspiracy' dokumentalari esker. Gailuak erabilera kalkulatu baten ostean apurtzeko edo matxuratzeko diseinatzea da zaharkitze programatua, eta, hala, berriak etengabe erostera bultzatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu