Arto, kuia, babarrun... Hazi aldaera hainbat trukatzeko eta ezagutzeko aukera izan zuten, atzo, Elizondon (Nafarroa). Haziak eta hazien inguruko ondare kulturala babesteko helburuarekin jende mordoxka bat bildu zen herriko Merkatuko plazara, han egin baitzen Bertako Hazien V. jaia. Hazi trukean eta informazioa elkarren artean zabaltzen eman zuten eguerdia.
Garai batean baserrietan eta baserritarren artean egiten zen hazi trukaketa plazara eraman zuten Bidasoaldeko Hazien Sareko lagunek. Mahai luze baten inguruan bildurik eman zuten goiza. Inor ez zen esku-hutsik etorri, babarrun, artoa, kuia... aleak kristalezko potoetan sartuta, edo gutun-azaletan ekarri zituzten, aldaeraren izena idatzia zutela. Mahaiaren gainean jarri, eta trukean eta solasean hasi ziren bildutakoak, bakoitzak ekarritakoa eman eta beste aleren bat hartzeko asmoz. «Jendea elkartu, bakoitzak ekarri duen hazia utzi, eta nahi duena eramaten du. Bakoitzak ekartzen ditu bere baratzean lortutako haziak, ahal delarik haren historiarekin, nondik datorren, zenbat urte dituen zehaztuz», zioen Edorta Muruak, Bidasoaldeko Hazien Sareko kideak. Sarean nahi duenak parte hartzen du, baratze bat edukitzeanahikoa da.
Mahaiaren inguruan zebilen Mila Zabalo. Lezotik (Gipuzkoa) etorria, hoppy aldaerako kuiak, zerbak eta lekak nahiz haritz aldaerako letxugak eraman zituen. Ordainean azenario hazia eta krispetak egiteko artoaren hazia hartu zituen. Nekazaritzatik bizi da. Hiru mila metro koadroko baratzea du Lezon, eta, baratzean ekoitzitakoarekin,ostiralero, saskiak banatzen ditu hainbat kontsumitzaileren artean. Etxalarko (Nafarroa) Jasone Mitxeltorenak artoa, lioa, babarrun beltza eta baba beltz txikia eraman zituen. Beste arto mota bat eta kuia hartu zituen trukean. Lagun batzuekin elkarlanean aritzen da baratzean bera. Autokontsumorako dute handik ateratako gehiena, baina urtean bitan, Etxalarren egiten diren ekaineko eta udazkeneko azoketan plazara ateratzen dira, egiten dutena eskaintzera.
Hemengoa babestu
Bortziriak, Baztan eta Malerrekako nekazariak biltzen dituen sarearen beste helburuetako bat hemen hazitako eta ekoitzitako produkzioa lortzea eta babestea ere bada. «Lokala izatea ere bada ideia. Hemen egin eta jan», dio Muruak. Kanpoko gero eta hazi gehiago dago eta, tamalez, hemengo hazi asko galtzen ari dira. «Ardura bat dugu. Hazi asko galtzen ari dira. Ondorioz, batetik, zure haziarekin zure baratzea egiteko burujabetza galtzen da, eta, bestetik, ondare bat». Mende bat edo biko historia duten haziak dira, eta galera hori asko gertatu da artoarekin. «200 urteko artoak galdu dira, eta ahal dena salbatzea da asmoa». Hala salbatu dute Aritzakungo etxe erori batean aurkitutako malar aldaerako babarrun berezi bat, adibidez.
Eskualdean irauten duten barazki, fruitu zuhaitz eta laboreen barietate bereziak gal ez daitezen ere lanean ari dira. Baserrietan dauden aldaera guzti horien zerrenda bat egiten ari dira, ekoizpena bermatzeko. Horretarako hazien babeslekua sortu dute Oronoz-Mugairin, denen eskura egon daitezen lortutako aldaerak. Herriko kontsumo elkarteko egoitzan sailkatu dituzte haziak, batzuk libre hartzeko,eta, besteak, behin erabilita, itzultzeko konpromisoarekin. Hurrengo saioa hilaren 22an dute, Berako Toki Onan.
Haziak trukatzen eta ezagutzen
Bertako Hazien V. Jaia egin dute Elizondoko Merkatuko plazan. Hainbat kontsumitzailek eta ekoizlek haziak trukatzeko eta produkzio burujabetzaz mintzatzeko baliatu du eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu