Egun handia izango da biharkoa. Horrenbeste prestaketaren ondoren, iritsi da uneaz gozatzeko garaia. Gozatu eta sufritzekoa. 23.000 lagunek parte hartuko dute Behobiatik Donostiarako bidea egingo duen kirol festan. Hasiberriak, kirolzale amorratuak, gazteak, adinduak... askotariko jendea izango da biharko proban. Baita Euskal Herriko aurpegi eta ahots ezagunak ere. Horien artean egongo dira Xabier Murua eta Joxe Mari Apaolaza Euskadi Irratiko kirol kazetariak, baita Andoni Aizpuru ETBko aurkezlea ere.
Andoni Aizpuru telebistako aurkezlea eskarmentu handiko korrikalaria da. 1985. urtean egin zuen lehen aldiz Behobia- Donostia lasterketa, eta aurtengoa 26. lasterketa du. Korrikalaria eta eguraldi saioko aurkezlea izaki, badaki igandeko proba ez dela samurra izango. «Ikusteko, eguraldi bikaina egingo du; korri egiteko, ordea...», dio. Termometroa 20 graduren bueltan ibiliko da, eta hego haizea iragarri dute iganderako. Orduko 40 kilometroko haize boladak ere egon daitezke, meteorologoen esanetan. Eguraldiko saioan lasterketari buruzko aipamentxoa egin du egunotan, lasterketak jende asko mugitzen duela jakitun. «Jendeari lasai ateratzeko aholkatu diot. Bukaeran izango da astia dena emateko, indarra izanez gero. Asko hidratatzea ere ezinbestekoa da, bero asko egingo baitu».
Ostegunean egin zuen lasterketa aurreko azken saioa. «Orain igandera arte atsedena hartu behar da. Igandean korri egiteko irrikaz atera behar duzu».
Donostiako maratoian parte hartzeko asmoa du Aizpuruk, azaroaren 27an, eta igandeko lasterketan gehiegikeriarik ez egitea espero du.
Aurten ez du Xabier Euzkitze lankidea izango ondoan, ez baitu lasterketan atera behar bertsolariak. Sorginen Laratza saiora joan zen behin Aizpuru eguraldiari buruz hitz egitera, eta han bota zion Euzkitzek erronka, ea nork egingo zuen denborarik onena. «Lehia sanoa edukitzen genuen».
Iraupen eskiaren zalea da Aizpuru, eta horrelako saioak neguan eskiatzeko ondo etortzen zaizkiola dio.
Ikusleek korrikalariei ematen dieten berotasuna goraipatu du Aizpuruk. «Hasieratik bukaeraraino jendea dago animatzen». Gainera, ezaguna izanik, lagun eta senideena ez ezik, beste jende askoren bultzada jasotzen du. «Animo asko entzuten ditut. Horrek daukaguna baino gehiago ematera bultzatzen gaitu». Ikusleez gain, korrikalari asko ere agurtzera etortzen zaizkiola dio Aizpuruk. «Urte asko dira telebistan. Erdaldunek ere ezagutzen naute: 'Mira, el del tiempo', esaten didate».
Errenteriako euskaltegian lana egindakoa da Aizpuru, eta lasterketa hortik igarotzen den unea gustuko du, lankide eta ikasle ohiak ikusi ohi baititu. «Trintxerpe parean ere oso polita izaten da, hor egoten diren txistulariek meritu handia dute». Baina, ezbairik gabe, Aizpururentzat lasterketako unerik politena Mirakruzgo gainetik aurrerako kilometroak dira.
Garrantzitsuena ondo bukatzea dela gogoratu du, biharamunean lanera joan behar baita. «Astelehenean lana izaten dugu, eta ezin dugu lur jota egon».
Lasterketa amaitzean familiarekin bazkaldu ohi du Aizpuruk. «Gazte denboran diskotekara joaten ginen lasterketa ondoren. Baina euri asko bota du ordutik».
1985ean egin zuen lehen lasterketa, lagun min batekin. «Orain gaixo dago, eta animo beharrean, eta aurtengo lasterketa haren omenez egin nahi nuke».
Kirol esatariak, korrika
Eskarmentu handiko korrikalariak dira Joxe Mari Apaolaza eta Xabier Murua kirol kazetariak ere; urte osoan atera ohi dira zangoak estutzera. Apaolaza ez da bereziki Behobiaren zalea; Murua bai. Hemeretzigarren Behobia-Donostia egingo du aurten Muruak. «Gustura ateratzen naiz. Proba asko daude egutegian, baina bereziena, jendetsuena eta giro gehien dagoena da Behobia», azaldu du.
Apaolazak urte mordoa badaramatza ere lasterketa ugaritan parte hartzen, Behobia-Donostia bakarra bete du oraingoz. Biharkoa izango du bigarrena. «Ito egiten naiz horrenbeste jenderekin. Ikustera etortzeko ikaragarri polita da; urte pila batean etorri naiz. Lanera ere etorri izan naiz. Korrika behin bakarrik egin dut, eta ez zait ibilbidea gustatzen, ez da batere gustagarria», dio.
Murua ez dago ados irratiko lankideak esandakoaren. «Ibilbidea bada erakargarria. Gogorra da, baina horrek ematen dio xarma berezia».
Antolakuntzan gauzak asko hobetu direla azaldu du Muruak. «Lehen denok batera ateratzen ginen. Ordu erdi lehenago irteeran prest egoten nintzen ni lekua hartzeko». Irteera dortsalen kolorearen arabera egiteak lasterketa asko erraztu duela uste du kirol kazetariak.
Apaolaza atera zen lehen aldi hartan dortsal zuria zuen —azkenetarikoak ateratzen dira zuri koloredunekoak—. «Gaintxurizketa igotzen hasi arte sufrimendu bat izan zen. Jende artean, elkar zapaltzen, oinez tarteka... 'baina zer da hau?', pentsatzen nuen». Murua ziur da bihar gusturago ibiliko dela lankidea.
Kirolzaleak dira bi kazetariak, eta korrika egitea dute eguneroko errutinatik ateratzeko ihesbidea. «Oporretan astebete gelditzen naiz. Gorputzak astebetean deskantsatzen du, baina burua gaizki edukitzen dut, eta atera beharra daukat. Nire kezka da zahartzaroak eta ezinak mendean hartzen nauenean zer egin beharko ote dudan orain korrika egiteak ematen didan deskantsua hartzeko», dio Apaolazak, nahiz eta 46 urterekin sasoi betean dagoen.
Muruak ere, lankideak bezala, korri egitea beharrezkoa du eguna ahal den txukunen aurrera eramateko. «Eguneroko bizitzari eta lanari heltzeko beste bizipoz bat ematen dizu».
Garrantzitsuena parte hartzea eta kirolaz gozatzea dela esan ohi dute askotan. Muruak eta Apaolazak hori badakiten arren, ezinezkoa dute beren baitan gordetzen duten lehiakortasun puntu hori saihestea. «Gezurra esango nuke esango banu ez dudala ordularia begiratzen», aitortu du Muruak. «Nire helburutxoak jartzen dizkiot beti neure buruari. Dortsala jartze hutsak beti ematen dizu lehiarako bidea».
Apaolazak izugarri du maite korrika egitea; ez horrenbeste, ordea, dortsala jartzea. «Badakit zer gertatzen den. Ezinezkoa da lasai ateratzea, lasterketaz gozatzea. Azkenean, ondokoarekin haserretzen ez bazara, zeure buruarekin haserretzen zara. Ezinbestekoa da lehia».
Hala ere, bi kazetarien aburuz, garrantzitsuena lasterketa ondo bukatzea da. «Zuk hartu behar duzu gorputza mendean, eta ez gorputzak zeu. Ondo bukatu behar da, ez leher eginda».
Apaolaza ez da Behobiaren zalea, baina lasterketa egin zuen hartatik oroitzapen ona gordetzen du Mirakruzgo gainetik helmugarako kilometroez. «Dena eskuin-ezker jendez beteta zegoen. Oilo ipurdiarekin iritsi nintzen. Bukaerakoak ez du hitzik».
Irteerako giro ona gustuko du Muruak. «Parte hartzaileen artean giro oso berezia sortzen da, jendea txaloka hasten da. Hori bai, kronometroa martxan jarri orduko jendea isildu egiten da».
Irratian ere, Behobia-Donostia lasterketako gaia bolo-bolo ibili da egunotan. «Guk kiroletan nahi eta nahiez eman behar dugu, baina beste sailetan ere aipatu dute», azaldu dute. Ikuspuntu askotatik jorratzeko aukera ematen baitu, izan ere, lasterketak. «Gu, halere, beste lasterketei ere garrantzia ematen saiatzen gara, baina jendeak beti erreferentzia bakarra izaten du: Behobia-Donostia», adierazi du Apaolazak.
Ezarian. Behobia-Donostia lasterketa
Hedabideetatik errepidera
23.000 lagun inguruk parte hartuko dute Behobia-Donostia lasterketan. Horien artean, izango da aurpegi eta ahots ezagunik. Joxe Mari Apaolaza, Xabier Murua eta Andoni Aizpuru kazetariak irteeran izango dira bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu