Malaysian desagertutako hegazkina izan da azkena, baina historian izan dira arrastorik utzi gabe desagertu diren hegazkinak, lurrak irentsi izan balitu bezala. Ehunka hildako eragin dituzte, eta desagertzeei buruzko hipotesiak ere beste horrenbeste izan dira: eguraldi txarra, hutsegite teknikoak, objektu hegalari ezezagunekin talka... Haien arrastoa airean geratu da; lurrean, berriz, misterioa.
Malaysia Airlines konpainiako 370 hegaldia Kuala Lunpurretik Pekinerako ibilbidea egitekoa zen. 227 bidaiari zihoazen hegazkinean. Aireratu eta bi ordura galdu zuen kontrol dorreak harekin harremana. «Gabon pasa» izan ziren pilotuaren azken hitzak. Berehala hasi zituzten bilaketa lanak, eta berehala hasi ziren zabaltzen desagertzeari buruzko hipotesiak, zurrumurruak eta informazioak. Horietako batek zihoen arrastoa galdu ostean hegazkina beste lau ordu egon zela hegan egiten. Malaysiako Gobernuak, haatik, ukatu egin du hori.
25 herrialde ari dira parte hartzen bilaketa lanetan, eta Malaysiako Gobernuak laguntza handiagoa eskatu du. Poliziak, berriz, ikerketarekin jarraitzen du. Asteburuan bertan, pilotuaren eta haren laguntzailearen etxebizitzak miatu zituzten. Gero eta indar gehiago hartzen ari den hipotesia bahiketarena da.
Malaysiakoaren antzera desagertutako hainbat hegazkinen kasuak ospetsu egin dira.
1937: Lehen desagertze ospetsua
Amelia Earhart pilotu estatubatuarrak ekuatoreari hegazkinez bira ematen zion lehen emakumea izatea zuen amets. Horretarako eraiki zioten 1937an motor bikoitzeko Lockheed Electra hegazkina. Bidaidea ere bazuen: Fred Noorman. Noormanek eskarmentu handia zuen halako hegaldietan. Martxoaren 17an ziren abiatzekoak, baina aireratzean arazoak izan zituzten, eta hegazkinak kalte dezentekoak izan zituen. Hori dela eta, espedizioa bertan behera utzi behar izan zuten. Hegazkina konpontzeko agindu, eta ekainaren 1ean berriro aireratu ziren. Lehen hilabetea arazorik gabe egin zuten, baina nekea agerikoa zen. Ordurako, 35.405 kilometro eginak zituzten, eta 11.265 falta zitzaizkien. Uztailaren 2an, Papua Ginea Berriko Lae irlatik abiatu ziren. Nahikoa erregai zeramaten 20-21 orduko bidaia bat egiteko. Baina eguraldia txartuz joan zen, eta bidaia korapilatu egin zen. Howland uhartean lur hartzen saiatu ziren, baina hegazkina uretara erori zen. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bederatzi hegazkin eta 66 itsasontzi bidali zituen bilaketa lanak egiteko. 402.000 kilometrotik gora zeharkatu zituzten. Ezer aurkitzen ez zutela ikusita, uztailaren 18an bertan behera utzi zituzten lanak.
1945: Hemeretzigarren Hegaldiaren misterioa
Ameriketako Estatu Batuetako armadaren bost aireontzi Floridako kostaldearen parean desagertu ziren. Entrenamendu saio bat egitera zihoazen: Hemeretzigarren Hegaldia deitutakoa. Hamalau soldadu zihoazen aireontzietan. Pilotuetako batek abisua igorri zuen, galduta zeudela esanez. Hegazkin bat abiatu zen haiek erreskatatzera, baina hura ere desagertu egin zen. Dirudienez, entrenamendu saioa gidatzen zuen hegazkineko pilotua galdu egin zen, iparrorratzek ez zutelako behar bezala funtzionatu. Orduan hasi ziren estreinakoz Bermudako Triangeluaz hitz egiten. Florida, Bermuda uhartea eta Puerto Rico inguruari deitzen zaio hala, eta hainbat itsasontzi eta hegazkin desagertu dira han. Misterioz betetako ingurua da, eta kondairak dio istripuak ekaitzengatik gertatzen direla.
1954: Bermudan gertatutako istripurik larriena
1954ko urriaren 30ean Lockheed R7V-1 hegazkinak izandako istripua izan da orain arte Bermudako Triangeluan gertatutako larriena. 52 pertsona zihoazen han, gehienak AEBetako soldaduak. Eguraldia oso ona izan ez arren, John Leonard pilotuak irtetea erabaki zuen. Marylandetik Azoreetara zihoan, eta ondo ezagutzen zuen ingurua. AEBetako kostaldetik 652 kilometrora zegoela, haatik, haren arrastoa galdu zen. Bat-batean izan zen. Bost egunez egon ziren ikertzen, baina ez zen hegazkinaren zatirik aurkitu; ezta bidaiarien gorpurik ere. Ikerketa egin zuten adituen arabera, hegazkina desegin egin zen, bat-batekoa eta ezezaguna zen indar batengatik. Hipotesi hori, ordea, ez da frogatu, eta misterioa argitu gabe dago oraindik.
1969: Bi eserleku, arrasto bakarra
Urpekarien aurkako Grumman hegazkina 1969ko uztailaren 1ean desagertu zen, Almeria kostaldean (Espainia). «Eguzkirantz goaz» izan ziren Antonio Gonzalez de Boada pilotuaren azken hitzak. Ordutik, hegazkinak ez zituen deiak erantzun, ezta seinalerik eman ere. Bilaketa talde bat martxan jarri zuten, baina arrasto bakarra aurkitu zuten: bi eserleku. Gonzalez de Boadak denbora zeraman objektu hegalari ezezagunen fenomenoa ikertzen. Artikulu bat ere argitaratu zuen. Haren jarraitzaileek istripuak ikerketarekin zerikusia izan zezakeela esan zuten.
1972: 'Alive' filmarengatik ezagun
1972ko urrian, Uruguaiko Old Christians taldea Txilera zihoan partida bat jokatzera. Partida ez zen sekula jokatu. Andeak igarotzen ari zirela, jokalariak zihoazen 571 hegaldiak aurrez aurre jo zuen mendikatearen aurka, eta bi hegalak galdu zituen. Hegazkina behera etorri zen, eta haren arrastoa galdu zen. Behe lainoak eragin zuen ezbeharra. Jokalariez gain, beste hainbat bidaiari zihoazen han: 45, guztira. Erdiak baino gehiago hil egin ziren; gainontzekoek bizirik irautea lortu zuten. 72 egunez, 4.500 metroko altueran egon ziren. Muturreko tenperaturak jasan behar izan zituzten, gainera: 15 gradu zero azpitik. Bizirik iraun zutenek aitortu zuten hildako bidaiarien gorpuzkiak jan zituztela. Istripua ardatz hartuta, Frank Marshal zuzendariak Alive filma egin zuen 1993. urtean.
1999: Nork ikertuko eztabaidagai
1999ko urrian, 217 pertsona hil ziren, New York-Kairo arteko bidean EgyptAir 990 hegazkina desagertu ostean. Hegazkina Ozeano Atlantikoa igarotzen ari zen. Ezbeharra nazioarteko uretan gertatu zenez, hegazkinaren jatorrizko herrialdeak, Egiptok, hartu zuen ikertzeko ardura. AEBek, dena den, ikerketa propioa egin zuten; ez zuten nahi ikerketaren ardura Egiptoren esku utzi. Emaitzak oso desberdinak izan ziren: Egiptoren arabera, hutsegite mekaniko batengatik gertatu zen istripua; AEBek salatu zuten, ordea, pilotuaren laguntzaileak nahita eragin zuela ezbeharra. Ondoren jakin zen Egiptoko aire konpainia jazarri egin zitzaiola pilotu laguntzaileari, «sexu jarrera desegokia» izateagatik. Dena den, ez batak eta ez besteak ez zuen gertatutakoa argitu. Malaysiako istripuaren aurretik izandako azken desagertze garrantzitsuena izan zen.
2009: Air France baten ezbehar larriena
Azken desagertzea 2009. urtean gertatu zen. Rio de Janeirotik Parisera zihoan Air France konpainiako Airbus A330 hegazkinak harremana galdu zuen kontrol kabinarekin. Irudiak bat-batean eten ziren. Lau ordu eta hamalau minutu zeramatzan airean, eta 216 bidaiari eta tripulazioko hamabi kideak zihoazen hegazkinean. Ikerketen arabera, hegazkina 11.000 metroko garaieratik jauzi zen. Hegazkinaren kutxa beltzak berreskuratzea lortu zuten. Horien arabera, abiadura kontrolatzeko gailu automatikoa itzalita zegoen. Dirudienez, abiadura neurtzen duten gailuak izoztuta geratu ziren. Informazio hori gabe, eta abiadurari euste aldera, pilotuek behar baino gehiago okertu zuten hegazkina. Metalezko pieza txiki batzuk eta erregai arrastoak baino ez zituzten aurkitu. Hainbat gorpu ez dituzte aurkitu oraindik.
Ezarian. Desagertutako hegazkinak
Hegaldi etenak
Hegazkinak kontrolatzeko teknologiak aurrera egin arren, historian dozenaka hegazkin desagertu izan dira arrastorik utzi gabe. Horietako azkena, Malaysiakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu