Bertsoa eta soinu esperimentazioa elkartzen dituen Txori Mugariak ikuskizuna eskainiko dute gaur Maialen Lujanbio bertsolariak eta Xabier Erkizia musikariak, Miarritzen, Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren karietara.
Donostiako Literaktum jaialdiaren enkarguz sortu zuten ikuskizuna iaz. Hasieran, iparraldeko eta hegoaldeko artistak elkarlanean aritzea zuen helburuetako bat. Horregatik, Stephane Garin musikari eta fonografistarekin aritu ziren lanean, hirukotean. Oraingoan, haatik, bikote gisa datoz Lujanbio-Erkizia.
Hitzen eta hotsen gainean egindako lana da Txori Mugariak, sortzaileek hainbatetan azaldu dutenez. Esan daiteke Ornitorrinkus lanaren ildotik egin dutela lan hau.
Irrati dokumental edo irrati performance gisa definitzen dute emanaldia. Iparraren ideia azaldu nahi dute, eta, horretarako, hitzak, hotsak eta erritmoak aldez aurretik grabatutako soinu eta elkarrizketekin nahastuko dituzte. Glenn Gould (1932-1982) piano jotzaile kanadarrak 1970. urtean eginiko The Idea of North (Iparraren ideia) hartu dute oinarri eta erreferentzia moduan. Kanadako iparraldeko natura eta soinu paisaia, zein hango jendearen gaineko hausnarketa egin zuen, musikako kontrapuntuaren teknika irratigintzarako erabiliz.
'TXORI MUGARIAK'
Noiz. Gaur, 20:30ean.
Non. Les decouvertes-Theatre des Chimeresen egoitzan, Miarritzen.
Hegazti mugaldekoak, txioka
Soinu eta bertso performancea eskainiko dute Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu