Asteburuko proposamenak

Hegaztiak ezagutzeko aukera

Hegaztien Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekitaldi egingo dituzte asteburuan Euskal Herrian

Garrapoa da Baztan eta Bidaso aldean ikus daitekeen hegaztietako bat. IÑIAKI ATXA.
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Toki askotan prestatu dute egitarau mardula asteburu honetarako, Hegaztien Nazioarteko Egunaren harira. Baztan-Bidasoa (Nafarroa) eskualdeko ondare naturala eta baliabideak hobeki ezagutzeko, Nafarroako Hegaztien IV. Jardunaldiak eginen dituzte. Hitzaldiak, argazki erakusketak eta hegaztiak ikusteko eta ezagutzeko irtenaldiak antolatu dituzte.

Inguruan duten ondare naturalaz jabetzeko antolatu dira jardunaldiak. Bihar hasiko dira Elizondoko Museo Etnografikoan. Eloisa Martinezek Naturaren soinuak hitzaldia emanen du 19:00etan. Larunbatean, Bertiz natur parkera bisita antolatu dute, 10:30ean. Juan Goñik gidatuko du bisita. Arratsaldean, jardunaldiek Iruritako jauregian izanen dute segida. Juan Valera ilustratzaileak Artea eta kontzerbazioa hitzaldia emanen du, 19:00etan. Herriko Olari jatetxean afaldu eta gero, 23:00etan, Aves (Hegaztiak) izeneko olerki eta musika errezitaldia eskainiko dute Patricia Furlongek eta Edorta Muruak jauregian.

Igandean, Juan Varelak hegaztiak margotzen ikasteko ikastaro praktiko bat eginen du toki berean, 10:30ean. Eraikinaren atarian, hegaztiak hurbiltzeko janaria jarriko dute, eta haiek zuzenean marrazten saiatuko dira. Tailerrean parte hartu nahi duenak bi eratara egin dezake: helbide elektronikora idatziz, dorreaelkartea@gmail.com, edo ondoko telefonora deituz: (0034) 652- 16 21 03. Ordu erdi geroago, Leurtzako urtegian, poesia musikatuko errezitaldia eskainiko dute Furlongek eta Muruak.

Heldu den astebururako ere beste zenbait ekitaldi prestatu dituzte. Urriaren 12an hegazti askeen argazki tailerra eginen da Iruritako jauregian, 08:00etan. Ordu eta erdi geroago, Elizondoko Merkatuko Plazatik abiatuta, Mikel Mugirorekin irtenaldi ornitologikoa eginen dute Elizondon. Ordu eta leku berean, kabi-kutxen tailerra ere eginen da. 17:00etan, berriz, tailerrean egindako kabi-kutxak jarriko dituzte. Hurrengo egunean, hegaztiak ez eze, tximeletak eta burruntziak ikusteko irtenaldia eginen da Erdizaga mendira.

Gasteizen ere hegaztien inguruko jardunaldiak eginen dira asteburuan. Besteak beste, ibilaldi ornitologikoa antolatu dute Salburuan SEO/BirdLifek taldeko kideek, etzi. 09:00etan hasiko da hegaztiak ezagutzeko irtenaldia. Haurrek txori habiak egiten ikasteko lantegiak ere izanen dituzte, Atarian, 17:00etan.

HEGAZTI JARDUNALDIAK

Non. Baztanen eta Gasteizen.

Noiz. Asteburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.