Ireki berri dute Andelos Falkoneria Zentroa, Mendigorrian (Nafarroa). Ehiza hegaztiak hezteko, zaintzeko, eta ezagutzeko aukera eskaintzen duen Euskal Herriko zentro bakarrenetarikoa da. Oraingoz bost hegazti dituzte, eta, ehiza hegaztiren bat dutenei animalia falkonerian bertan edukitzeko, trebatzeko eta mantentzeko aukera ere eskaintzen zaie.
Bi arrano, nahasketa bat den belatz bat, hontz zuri bat eta bele bat dituzte. Gatibualdian jaiotakoak, haientzat egindako kaiola berezietan bizi dira bostak. Bederatzi metro koadrokoak dira kaiolak, igerilekua dute eta zintzilikatzeko haga bat. Teilatua eta atzealdea estaliak ditu, eta aurrealdean arrantzale sarea du. «Kilo erdiko hegaztientzat toki nahikoa da. Orientazio berezia dute, lehenengo eguzkia sartzeko eta ipar haizearen eragina kentzeko», dio Alfonso Bañeres hegazti albaitari eta hezitzaileak.
Zentroan zer egiten duten azaltzeko Tabira Harris arranoa ateratzera joan da kaiolara. Ezkerreko eskuan larruzko eskularru berezia jantzi, eta hartu du arranoa. Besoari bultzada bat eman, eta hegaztiak hegan egin du zuhaitz baten adarreraino. Bitartean, oilasko zati txiki bat jarri du erpuruaren eta hatz nagiaren artean. Txistu eginez deitu du. Berehala itzuli da, besoan pausatu da, haragi zatitxoa janez. Izoztutako oilaskoaren edo untxiaren haragia ematen diete, bitaminekin, haragi izoztua izatean ezaugarri batzuk galdu egiten dituelako. Janaria hegaztiaren pisuaren arabera ematen zaio. «800 gramotan dago Tabira. Egunero 60 gramo janari eman behar zaio».
Hegaztien ongizatea helburu
Ondoren Zazu bele hibridoa atera du kaiolatik. Txitoa da oraindik, sei hilabete besterik ez ditu, eta nahiko aztoratuta dabil. Basamortuko eta Ipar Europako beleen arteko nahasketa da. Iraupen handiagoa du. Ia urik edan gabe bizi daiteke, eta ongi jasaten ditu hainbat tenperatura. «Gure kulturan madarikatuak izan dira, baina oso azkarrak eta trebeak dira. Taldean bizi dira, eta haren indarra bilatzen dute. Oso sozialak dira, eta ikasteko eta jendearekin egoteko aukera asko ematen dute», azpimarratu du albaitariak.
Hegaztiak ongi egoteko behar den guztia irakasten da zentroan. Nola mantendu, pisatu, jaten zer eman. Baina hori bakarrik ez: lumadun horiengan interesa duenarentzat ikastaroak eta mendi irtenaldiak ere eskaintzen dituzte. Ehiza hegaztien inguruko oinarriak ikasteko goiz bateko ikastaroak daude. Hegaztion inguruan deus ez dakienarentzat dira. Alde teorikoa dago, batetik, non hegaztion anatomia, fisiologia eta etologia irakasten diren. Eta aldepraktikoa, bestetik, non hegaztiarekin nola ibili irakasten den, eta mendi irtenaldi bat egiten den. Ikastaroa amaitutakoan partaideari ziurtagiria ematen zaio.
Ehiza hegaztien ahalik eta argazki osoena eskaini nahi du zentroak. Falkoneriarako gero eta afizio handiagoa omen dago Euskal Herrian, baina Bañeresek argi utzi du horrelako hegazti bat ezin duela edonork izan. «250 euroan eros daiteke horrelako hegazti bat, baina denbora eta lekua behar da. Jakin behar da nola mantendu. Horregatik sortu dugu horrelako azpiegitura, hegaztia ederki egoteko». Hazi eta hezi egiten dituzte, entrenamendua emanez, eta, nahi izanez gero, animalia falkonerian bertan egoteko zerbitzua ere eskaintzen dute.
Hegaztiak ezagutzeko
Ehiza hegaztiak hezteko, zaintzeko eta ezagutzeko, falkoneria zentro bat zabaldu dute Mendigorrian; hegaztiak falkonerian bertan bizitzen uzteko aukera ere eskaintzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu