Batez ere haurrentzat izango da, aurten, Hegaztien Mundu Eguna. Asteburu honetan ospatuko da, BirdLife Internationalek antolatuta, Abenturazale txikietatik naturazale handietara, hegaztien etorkizunarengatik lelopean.
Haurrek naturaren balioak errespetatzen ikastea da ekitaldiaren helburuetako bat. Eta horrekin batera, etorkizun eramangarri eta berdeago bat lortzea.
Euskal Herrian, hainbat ekitaldi prestatu dituzte egun horrekin bat egiteko. Besteak beste, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Gasteizko Atarian eta Irungo Plaiaundin izango dira ekintzak.
Familia osoarentzat prestatu dituzte ekitaldiak Euskadiko Biodibertsitate Zentroan. Hain zuzen, eguna bisita gidatu batekin hasi eta bukatuko dute larunbatean. 10:00etan, Padurako hegaztiak ezagutzeko bisita egingo dute. Arratsaldean, berriz, Urdaibaiko hegazti migratzaileak izenburupean egingo dute bisitaldia. Egun osoan, tailerrak, itsasontzi ibilbidea eta dokumental baten proiekzioa izango dira, besteak beste. Igandean ere, antzeko egitaraua errepikatuko dute; www.torremadariaga.org webgunean dago bi egunetarako egitaraua.
Duela hamabi urtetik egin ohi duten moduan, Plaiaundiko parke ekologikoan ere (Irun, Gipuzkoa) Hegaztien Mundu Eguna ospatuko dute igandean. Itsas Enara ornitologia elkarteko ornitologoen laguntza izango dute, gainera. Ibilbidean dauden behatokietan, bisitariei hegaztiei buruzko argibideak emateko prest egongo dira taldeko ornitologoak. Eguerdian, berriz, Ruth Muñiz biologoak hitzaldi bat emango du: Boluntarioak baso amerikarrean: ideiak elkartuz biodibertsitatearen alde. Arranoharpiaren adibidea.
Aranzadi zientzia elkartekoak ere bilduko dira ospakizunera, eraztuntze zientifikoaren berri emateko. Goizean, haurrentzako tailerrak egongo dira.
Gasteizko Atarian ere izango dira ekitaldiak. Larunbatean, Asmatu eta sortu zure txotxongiloak tailerra egingo dute. Iganderako, berriz, ekitaldi ugari prestatu dituzte: habia kaxak eta jateko ontziak egiteko tailerra, haurrentzako antzerkia, arrautzak eta lumak identifikatzen ikasteko lehiaketa... Goizeko hamaiketan hasiko dira.
HEGAZTIEN EGUNA
Non. Irungo Plaiaundin, Gasteizko Atarian, Busturiko Euskadiko Biodibertsitate Zentroan.
Noiz. Larunbat eta igandean.
Asteburuko proposamenak
Hegaztien mundurako bidaia
Tailerrak, ibilbide gidatuak, hitzaldiak eta beste izango dira asteburuan, hegaztien mundua ezagutzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu