Aurrekoetan bezala, Gastronomikaren hirugarren aldian ere berritasunaren aldeko apustua egin dute antolatzaileek. Bilakaera prozesuan, azaleratzen ari diren sukaldaritzei egin diete gonbita, Brasil, Mexiko eta Peruri, hain zuzen. Azaroaren 20a eta 23a bitartean egingo dira San Sebastian Gastronomika jardunaldiak. Aurreko bi urteetan bezala, mundu osoko sukaldarien topagune izan nahi dute Gastronomika jardunaldiek aurten ere. Hala, Espainiatik, Frantziatik, Italiatik, AEBetatik, Suediatik, Erresuma Batutik eta Singapurtik etorritako sukaldariek ere parte hartuko dute.
Atzo aurkeztu zuten aurtengo egitaraua Donostiako Miramar jauregian. Juan Karlos Izagirre alkateak gastronomiak «gure lurreko ohiturei estu loturiko ondasun kultural moduan» duen garrantzia azpimarratu zuen. Harro dago Izagirre «kulturaren eta gastronomiaren Europako hiriburu honetan errestaurazioko maisu-maistra handiak bizi direlako» eta horrek nazioarteko bisitariak erakartzen dituelako.
Kolore berrien bila
Orain arteko egitarauei jarraiki, ohikoak diren solasaldi eta tailerrak ere egingo dira jardunaldien barruan.
Etengabeko berrikuntza bilatuz, formatu eta beste gastronomia mundu batzuk ezagutzeko aukera eskaini nahi dute antolatzaileek gonbidatuen bitartez.
Beste lehiaketa batzuen artean, 2011ko Espainiako Ardozain Onena aukeratuko dute.
Jardunaldiak herritarrei hurbildu nahian, azaroaren 20ko programazioa hiriari eskainiko diote. Orduan emango zaie ongietorria aipatu herrialde gonbidatuei. Ekitaldia Kursaalean egingo da, eta sukaldari donostiar eta hegoamerikarrek hitzaldiak emango dituzte.
Iaz, 12.000 profesional kreditatu izan ziren San Sebastian Gastronomika jardunaldietan. Horiez gain, 1.250 biltzarkide, 300 hizlari, 130 erakusketari, 1.100 erakusketari moduan kreditatuta eta 400 kazetari baino gehiago ere izan ziren, besteak beste.
Hego Amerikako sukaldaritza nagusi izango da San Sebastian Gastronomikan
Brasil, Mexiko eta Peruko sukaldariak gonbidatuko dituzte azaroan egingo diren jardunaldietara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu