Komunikazioa. Ekografiak

Heldu horri!

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Barkamena eskatu behar dizut, aldez aurretiko barkamena. Ekografia hauek idazten hasi nintzenetik neure buruari jarritako araua hautsiko dut gaur. Ez da kasualitatea izango, ez. Izan ere, duela ez hainbeste, tabernan geundela, hala esan zidaten: «Horiek ere ikusten dituzu?». Telebista piztura begirada altxatu, eta saio arrosa horietako baten irudiak ikusi nituen. Belen Esteban ageri zen, hain zuzen. Ezetz adierazi nion neure buruaz harro. Ez zuela merezi halakoei hitz erdirik eskaintzeak. Handitu baino ez ditugula arrazoituz. Badakizu, publizitatearen maxima: ondo ala gaizki, garrantzitsuena hizpidea ematea dela. Gaur, ordea, lehenengoz, Belen Esteban ekarriko dut txoko honetara. Belen Esteban eta bere irudia puztutzen dituenetako bat, (tele)zaborraren eragile handienetako bat.

Oharkabean, Paolo Vasile Tele5 kateko kontseilari ordezkariaren azken adierazpenak iritsi baitzaizkit belarrietara. Haren aburuz, Belen Esteban bera da M-15 mugimenduaren aitzindaria. Heldu horri! Hona haren hitzak: «Belen Esteban ohiz kanpoko pertsonaia da. M-15 mugimenduaren aitzindaria da. Protesta egiten duen emakumea, inkonformista, irudikatzen du. Jendearen barrua hustutzeko aukera irudikatzen du. Jendea era baketsuan suminduta egon eta era kementsuan ager daiteke, Belen bezala, sistema batekiko desengainua erakutsiz. Ez diot Belen izan denik M-15aren abiaburua, baina haren kontzeptua iragartzen du, gauza zentzudunak esaten baititu... Eta Tele5, soilik, bere ikusleen mende dago».

Interpretazio askotarikoa izan daiteke. Ez dakit mugimendu horren partaideek jakin duten adierazpen horien berri, partekatzen dituzten, edo salatu eta madarikatu. Partaiderik horiekin ados balego, sinesgarritasun gutxi izango luke aurrerantzean. Esango nuke, asko eta asko beste behin suminduko zirela. Horrek Vasileren muntaiara eramango gintuzke. Publizitatearen maxima, gezurrean oinarritua. Altxa dezagun eskua, Belen Esteban koherentetzat dugunok, edo inkonformistatzat dugunok, edo barrua hustutzeko eredutzat dugunok, edo sistema batekiko desengainuaren ikurtzat dugunok, zentzuduntzat dugunok, edo...

Noski. Banekien. Isiltasunak hartu dugu gutako bakoitza. Eskuak patrikan ezkutatu ditugu denok. Noski. Banekien. Baina non eta zergatik du, orduan, horrenbeste ikus-entzule?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.