Iragartze Garai. Etorkintza elkargoko psikologoa

«Helduek nerabeek baino askoz errazago ikusten dute 'porru'-ak erretzearen arazoa»

'Porru'-ak erretzeari uzteko saioak antolatu ditu Etorkintza elkargoak. Kalamua kontsumitzeari utzi nahi diotenei laguntzeko, helburua zehaztu eta hori lantzea beharrezkotzat jo du psikologoak.

Iñaki Lasa Etura.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Kalamuaren kontsumoaren inguruan laguntza behar dutenekin egindako lana zabaltzeko, porru-ak erretzeari uzteko talde saioak antolatu ditu Etorkintzak. Maiatzaren 7tik aurrera hasi nahi dituzte lan saioak, Markina-Xemeinen (Bizkaia), Iragartze Garai psikologoaren ardurapean (Getxo, Bizkaia, 1978). Izena emateko epea irekita dago oraindik.

Erraza al da gazte batentzat porru-ak erretzeari uztea?

Ezetz uste dut. Gure eskarmentuaren arabera, benetan txarto pasatu duen jendea etortzen da elkargora. Normalean, nerabeak etortzen dira, gurasoek eskatzen dietelako horrelako zerbait egiteko. Orokorrean, jendea ez da bere kabuz etortzen; kalamuaren inguruan ez dago arazoaren kontzientzia handirik. Nahiko normalizatua dago, kostatu egiten da utzi behar horretara iristea.

Berdina da gazteekin edo helduekin lan egitea?

Ez da erraza adin tarte egokia adieraztea. Nire ustez, egokiagoa da helduekin egitea. Nerabeei asko kostatzen zaie mendekotasuna dutela onartzea. Nerabezaroan kalamuarekin arazo bat edukitzea, gainera, zailagoa da. Nerabeak ez ditu jasotzen ondorio zuzenak. Helduek askoz errazago ikusten dute: denbora luzez kontsumitu ondoren, erretzeari utzi nahi diote.

Zergatik antolatu duzue saioa 18 urtetik gorakoentzat eta ez gazteagoentzat?

Ez direlako etorriko. Ez baduzu adin muga bat jartzen, gerta liteke 14 urteko batek eta 27 urteko batek deitzea, eta bi pertsona horiek talde berean sartzeak ez du zentzurik. Jakina, haien bizimoduak eta bizitzan dituzten helburuek ez dute zerikusirik. Interesgarriagoa da taldea homogeneizatzea. Lea-Artibain horrela planteatu da. Ez da erraza izango taldea aurrera ateratzea, baina interesgarria da.

Nola antolatuko duzue lantaldea?

Plangintza nahiko zorrotza da. Zortzi-hamar saio izaten dira, bakoitzak bere helburuak markatzen ditu, eta guk lagundu egiten diegu horiek aurrera eramaten. Helburuak ez du zertan izan kalamua erretzeari laga; malguagoak gara: izan daiteke porru kontsumoa jaistea. Hori da abiapuntua. Gero, planteamendu zorrotz batekin, nork bere burua ezagun dezan laguntzen dugu. Norberak drogekin daukan erlazioa eta bere burua ezagutzea loturik daude. Bestetik, talde terapia batean oso garrantzitsua da zuk kontatzen duzuna besteengan zein oihartzun duen ikustea. Azken batean, helburua nork bere kontsumoarekin daukan lotura ezagutzea da.

Inguruak askotan ez du laguntzen...

Talde presioak eragin handia dauka. Oso garrantzitsua da. Erretzailea den bat kontsumitzailez inguratua badago, askoz zailagoa izango da uztea. Lagungarriak izango diren lagunak detektatzea ez da erraza, baina hori lantzen saiatzen gara.

Egin al da noizbait halako ekimenik?

Badaude AEBetan horrelako praktikak. Institutu eta teknika ugari daude. Egiten dira horrelako taldeak. Ez da guk asmatu dugun gauza bat. Hau testatuta eta praktikatuta dago. Guk teoriko batzuen ideia hartu dugu, etagurera moldatu dugu. Populazio guztiari zabaltzea eta hain irekia egitea da guretzat berria. Guk, Etorkintzan, kontsumitzaileekin egiten dugu lan. Baina udalerri batean zabaltzea berria da; orain arte ez dugu egin. Ez dakit arrakastatsua izango den, baina polita da saiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.