Ezarian. Behobia-Donostia

Helmuga aurreko izerdia

Behobia-Donostia lasterketa hurbiltzen ari den heinean, espaloira atera dira milaka korrikalari, hogei kilometroko lasterketa horren prestakuntzari gogor ekiteko.

Jendetza erakartzen du urtero Behobia-Donostiak; korrikalariak entrenatzen ari dira orain. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eguzkiaren lehen printzen aurretik hasita, hura mendebaldean ezkutatu arte. Sargori, edo euria goitik behera ari badu. Egunotan une oro ikus daiteke jendea lasterka industrialdeetan zein hiriguneetan. Urte guztian ikus daitezke korrikalariak, baina irailetik azarora areagotu egiten da kopurua, onddoak mendian bezala. Helmuga bera dute guztiek jomuga: Behobia-Donostia lasterketa —azaroaren 11n korrituko da—.

Hazten eta hazten ari da Fortuna elkarteak antolatzen duen proba. Iaz, 23.000 pertsonak parte hartu zuten, eta, aurten, 25.000 inguru izango dira. Lehen egunetan amaitzen dira dortsalak, eta azkar ibili ez denak itxaron zerrenda beste aukerarik ez du. Badu berezitik zerbait Behobia-Donostiak hainbeste pertsona erakartzeko, inoiz korri egin dutenak maratoi erdi bat prestatzen hasteko.

Inor gutxik jakingo du Iker Oiarzabalek (Donostia, 1976) baino hobeto zer den Behobia-Donostia korritzea. Lehen aldiz, 10 urte zituenean atera zen, eta, geroztik, ez du behin ere huts egin. Guztira, 26 aldiz parte hartu du. Motibatzeko arazorik ez dauka 27. aldiz ateratzeko: «Beste lasterketa batekin ez daukat honekin daukadan obsesio hori. Behobia iristen da, eta egin egin behar dut. Urteren batean min hartuta egonda ere atera naiz».

Orain dela gutxi ekin zion aurtengoa prestatzeari, irail hasieran. «Urte osoan segitzen dut korrika, baina ez oraingo intentsitatearekin. Orain, astean lau-bost egunean egiten dut lasterka; bestela, asteburuetan, eta ez asteburu guztietan». Behobia-Donostia egin aurretik lasterketaren batean parte hartzeari ez dio garrantzi handirik ematen. Entrenamenduak hartzen ditu lasterketa gisa: «Korrika hasten naiz, eta aurrean dagoena pasa behar dut. Ez dut lasterketa beharrik lehiatzeko».

Gutxi entrenatu denez, bere marka onena hobetzeko dezente hobetu behar duela uste du. Lasterketa 01:20 eta 01:25 artean bukatzeko moduan ikusten du bere burua: «01:20 dena ondo badoa, eta 01:25 zerbait okertzen bada. Beti ez dut lortzen, baina normalean hor ibiltzen naiz». Oraindik ere urduri jartzen dela aitortu du: «Aurreko astean hasten dira kirioak dantzan; egia esan, une askotan oilo ipurdia jartzen zaizu».

Behobiatik Donostiaraino, ibilbide osoan dagoen giroa nabarmendu du. Korrikalariak animatzen dituztenentzat esker oneko hitzak ditu: «Izugarrizko meritua daukate, hor hotza pasatzen askotan. Guk, korrika ari garenean, ez dugu hotzik pasatzen; hor bi ordu animatzen aritzen denak meritu handiagoa dauka, agian».

Jadanik beteranoa izanik, gomendio bat eman die aurten lehen aldiz aterako direnei. «Gozatzeko esango nieke. Ez ateratzeko azkarregi; ahal badute ondo bukatuko dutela; baina, batez ere, gozatzeko».

Egoera horretan dago hain zuzen ere Aitor Ugarte (Donostia, 1986). «Lagun batekin hasi zen guztia; hark lehenago amaituko lukeela ateraz gero, baietz, ezetz... Nik badakit lehenago iritsiko dela hura, baina tira. Gainera, hain da ezaguna lasterketa, korritzeko gogoa nuen».

Irailaren 3an ekin zion entrenamenduari, «oporretatik bueltan». Ordutik, astean hiruzpalau egunean ateratzen da lasterka egitera. Bost-zortzi kilometro inguru egiten ditu. Asteburuetan entrenamendua gogortzen du. «Pixkanaka, gehiago egiten ari naiz: hamar kilometro lehendabizi, gero hamabi, hamalau...». Hasiberria izanik, lagunei aholkuak eskatu dizkie. Besteak beste, ur asko edateko esan diote, eta jaramon eginda asko hidratatzen dela dio.

Oraindik ez du inongo lasterketatan parte hartu Ugartek. Heldu den larunbatean lehiatuko da lehenbizikoz, Irunen. Gero, Donostiako hamabost kilometroko lasterketan parte hartzeko asmoa du. «Neure burua probatzea da asmoa». Helbururen bat jartzekotan, bi ordutik jaitsi nahi du: «01:45 inguruan amaitzea gustatuko litzaidake».

Gurpil gaineko Behobia

Korrikalariak ez dira Behobia-Donostian aterako diren kirolari bakarrak. Gurpil aulkian eta patinen gainean ere lehiatuko dira, azken urteetan bezala. Enrique Martinez (Gasteiz, 1968) Donostirollerreko kidea izango da irristailuekin aterako direnetako bat. Irristatzaileen artean lasterketa ez dago korrikalarien artean bezain sustraitua. Badira beste proba garrantzitsuago batzuk. Martinezek Espainiako Txapelketa du begiz joa. Urriaren 14an izango da, Castellon (Herrialde Katalanak), eta prestakuntza hori baliatuko du gero Donostiako 15 Kilometroak eta Behobia-Donostia egiteko.

Behobia «festa bat» balitz bezala hartuko du Martinezek, baina denboraldi txarra izan duenak beste modu batean hartzen duela azaldu du. Lasterketako maldek zaildu egiten dute ibilbidea. Kontuan izan behar da kirolari hauek batez beste orduko 40 kilometroko abiadan ibiltzen direla eta aldapa behera orduko 70 kilometrotik gora har dezaketela.

Irristalariak ezin dira entrenatu korrikalariak bezala. Donostirollerreko kideak, adibidez, kiroldegi batean aritzen dira, areto futboleko kantxan. Igandeetan, industrialdeak hutsik daudenean, ahal duten moduan aritzen dira. Gasteizko Marianistas taldeak, berriz, azpiegitura egokiagoak ditu: 400 metroko zirkuitua eta patinodromo bat daukate.

Gurpil gainean izan edo arineketan aritu, hilabete eta erdi geratzen da oraindik. Oiarzabalek, Ugartek eta Martinezek entrenatzen jarraituko dute jo eta su, eta haiekin batera gainontzeko parte hartzaile guztiek. Azaroaren 11n helmugara iristean emango du fruitua hilabete hauetako izerdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.