Bidea aldapan gora izan arren, euskararen alde urratsak egiten jarraitzeko prest daudela argi utzi dute gaur Euskarabentura espedizioan parte hartu duten 126 gazteek. Getxoko (Bizkaia) helmugara helduta, bota lokaztuak kentzeko aukera izan dute jzioquitarrek. Hala ere, euskararen kontrako erabaki judizial eta administratiboek lohitutako bideari jarraitu beharko diote orain. Belaunaldi berrien hizkuntza ohituretan eragiteko egiten da Euskarabentura, eta hilabete osoan ehundutako sareak oztopoei aurre egiten lagunduko die parte hartu duten gazteei.
Jzioqui dugu! lelopean, uztailaren 1ean abiatu zen Atharratzetik (Zuberoa) VII. Euskarabentura: euskara oinarri duten harremanak egiteko aukera eman die espedizioak 15 eta 17 urte bitarteko gazteei, pausoz pauso Euskal Herria alderik alde gurutzatzen zuten bitartean. Guztira, 700 kilometrotik gora egin dituzte esperientziak partekatzeko, 400 kilometrotik gora oinez, eta 26 herritan pasatu dute gaua. Horiek horrela, egunerokoaren gorabeherak bizitzeko eta txoko eta eduki berriak ezagutzeko abagunea ere izan dute nerabeek.
«Guk bultzadatxo bat baino ez diegu ematen. Gero, haiek egin behar dute bidea»
IRUNE DE LA MAZAEuskarabenturako dinamizatzailea
Aurten 126 gaztek parte hartu dute, eta haiei laguntzen 28 begirale izan dituzte. Irune de la Maza Euskarabenturako dinamizatzaileak adierazi duenez, espedizioan zehar euskararekin daukaten harremanari buruz hausnartzeko tartea izan dute parte hartzaileek, eta, nahiz eta helmugara heldu, abiapuntua baino ez da: «Proiektu berrien hasiera da; euskaraz harreman sendoak sortzeko lehenengo urratsa, alegia. Guk bultzadatxo bat baino ez diegu ematen. Gero, haiek egin behar dute bidea».
Nerabeentzat ere ez da nolanahikoa izan abentura. Mattin Chaumont biriatuarra parte hartzaileetako bat izan da, eta hark «liluragarritzat» jo du hilabete honetan bizi izandakoa. Egindako lagun berriei agur esan behar izateagatik emozioari eutsi ezinik zegoen, baina euskararen erabileran aurrerapausoak egin dituela aitortu du gazte lapurtarrak: «Erraztasun handiagoa daukat orain».
Lur Sorzabal irundarra ere malkoei eutsi ezinik ibili da. Izan ere, Euskarabentura «espedizio bat baino askoz gehiago» izan da harentzat: «Lagunak baino askoz gehiago dira: familia bat gara». Aitortu duenez, «zaila izango da denok elkartzea eta guztiekin harremanetan jarraitzea». Hala ere, euskararen inguruan sortutako harreman sarea «ez da hilabete bateko gauza», uste du Sorzabalek.
Bilbotik Getxora
Agurtu aurretik, Euskarabenturaren azken etapa elkarrekin egiteko aukera izan dute jzioquitarrek. Bilbon lo egin ostean, goizean goiz ontziratu dira, eta Bizkaiko zubirainoko bidea itsasadarrean barrena egin dute gazteek, Portugaleteraino (Bizkaia). Areetara igaro ostean, Amaia Agirre Getxoko alkateak egin die harrera. Udal agintariak «pozarren» hartu ditu espedizioko kideak, eta Euskal Herri osoan zehar euskararen erabilera sustatzeko egin duten ahalegina goraipatu du.
Algortara arteko bidea, ordea, oinez egin dute. Horiek horrela, eguerdiko hamabiak ziren Kasino plazara heldu direnerako, eta han zain zituzten Etorkizuna aisialdi taldeko hankapaloak. Gazteek eta begiraleek haiekin batera egin dute kalejira, Muxikebarri kultur aretoraino: jzioquitarrek dantzan eta algaraka egin dituzte espedizioko azken metroak, haietako batek Palestinako bandera bat astintzen zuen bitartean. Helmugan zain zituzten senide eta lagunak, eta haiek guztiek txaloka hartu dituzte bidaiariak.
Muxikebarrira sartu baino lehen, aurreko urteetan bezalaxe, Algortako jai batzordeko kideek egin diete harrera Euskarabenturako parte hartzaileei. Izan ere, San Inazio jaiak dira herrian, eta zapi gorri bana oparitu diete, baita eskerrak eman ere: «Ohore handia da guretzat beste urte batez zuek gurean izatea, euskarari ekarpen oso handia egiten diozue eta».
Muxikebarri aretoaren barruan, besteak beste, hilabetean zehar igarotako uneak gogoratzeko aukera izan dute ibiltariek, argazkien eta bideoen bitartez; eta diploma bana jaso dute. Horretaz gain, 2018. urtetik espedizioa antolatzen aritu den Euskarabentura elkarteko kideek hartu dute hitza. Ohartarazi dutenez, «datorren urteko edizioa ez dago bermatuta», gero eta diru gehiago behar delako horrelako egitasmo bat aurrera atera ahal izateko. Hori dela eta, finantzaketa lortzen laguntzeko deia egin diote Euskarabenturaren komunitate osoari.