Osasuna. Adimen emozionala

Hemen eta orain…

2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Aurreko idatz-bisitaldian iraganari begira bizitzeaz aritu ginen bezala, gaurkoan, orainera etorri eta bertan kokatzeko asmoz naiz. Pentsatzen jarriz gero, konturatu al zara zeinen erraz, ia modu automatikoan, kokatzen garen oraina ez den beste edozein unetan? Gure arreta egiten ari garen horretan egon ordez, gero egin behar dugunaz, lehen lankideak edo bikotekideak esan didanaz, asteburua noiz iritsiko gaudenean…

«Eta hori ere gaizki al dago ba?», esango du batek baino gehiagok; gaizki, gaizki…? Nola esan… tentagarria da zenbaitetan, irudimena eta pentsamendua beste bidaia gozo batzuetan murgiltzea —atseginak direnean—; egia da. Etorkizuna planifikatzeko joera duenak, berriz, nolabaiteko sosegua senti lezake hurrengo hilabeteak, urteak, bizitza antolatzen... Gero hala gertatuko ez bada ere… Horrela begiratuta, ez dirudi oso arriskutsua denik orainean ez bizitzea…

Eta lasaitu nahi eta burua gelditu ezinik dugunean? Burua beste nonbait dagoenean, geure emozioek ihes egin eta kontrola galtzera iristen garenean? Pilotu automatiko delakoarekin funtzionatzen dugunean? Zenbat hanka sartze, zenbat erreakzio baldar eta desegoki, aurrean duguna behar bezala atzeman ez edota erantzun automatiko delako horiek emateagatik? Orainean ez egoteagatik gertatzen da hori guztia.

Hemen eta orain bizitzen ez dakienak, gero hobeto egotea bilatu arren, une horretan goza ditzakeen eta benetakoak diren bizipen eta tarteak galtzen ditu. Eta, gainera, burua gelditzea nahi duenean, ez daki nola egin, bere pentsakizunek etengabean darraielako; gure nagusia gure barruan 24 orduetan biziko balitz bezala, jo eta ke, gauzak agindu, epaitu, antolatu, segi eta segi… eta ezin atseden hartu…

Ezinbestekoa dugu geure buruari, gorputzari moduan, atsedena ematea; izan ere, buruak automatikoan aritzeko joera orokortzen duenean, azkenean, gorputzari ere atsedena kentzen dio. Buru gaineko ordenagailua atsedenean jarri eta gorputzean atsedena hartzeko garaia bada, ezta hala? Horri helduko diogu hurrengoan, hala nahi baduzu behintzat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.