Aita AEBetan lanean zela, bertan jaio zen Ana Armenta gasteiztarra (Ann Arbor, Michigan, 1974). Lan eskaintza bati baiezkoa eman, eta Madrildik Atlantara (AEB) joan zen bizitzera duela sei urte, Txemi Rios (Santurtzi, Bizkaia, 1972) senarrarekin eta bi seme-alabekin. Kaliforniako San Jose hirian, berriz, lau urte daramatzate.
Madrilen bizi zineten; han jaio ziren zuen bi seme-alabak. Nola iritsi zineten AEBetara?
ANA ARMENTA: Lankide ohi batek esan zidan AEBetako telefonia konpainia batean ari zela lanean, eta iruditzen zitzaion asko lagundu nezakeela. Badaezpada, elkarrizketetara aurkeztu nintzen; aurrera egin nuen, eta eskaintza egin zidaten. Abentura bat iruditu zitzaigun. Seme-alabak txikiak ziren; 7 eta 4 urte zituzten. Pentsatu genuen guretzat aldaketa handi bat egiteko azkeneko aukera izan zitekeela. Nik beti izan nuen buruan kanpora joatea; Euskal Herritik Madrilera joan nintzen, bai, baina zerbait gehiago nahi nuen. Bestetik, erraztasunak izan nituen, pasaporte estatubatuarra nuen eta; amak bi nazionalitateak egin zizkidan jaio nintzenean, eta beti mantendu nituen biak.
Atlantara joan zinetenean, Txemi, zuk ez zenuen lanik. Nolakoa izan zen zuretzat hara joatea?
TXEMI RIOS: Abentura bat izan zen. Madrilen ereindako guztia atzean utzi behar izan nuen, eta hutsetik hasi. Hasieran, etxearen eta haurren zaintza nire gain zegoen, eta pixkanaka harremanak egiten joan nintzen. Une zailak ere pasatu nituen, baina nire tokia aurkitu nuen. Gogorra izan da, baina, pasatutakoan, esker onekoa ere bai.
Nolakoa izan zen Atlantan lan berrira egokitzea, Ana?
A. A.: AEBetan denetarik dago. Atlantako egoitzan zerbait berritzailea topatuko nuela uste nuen, baina ez zen horrela izan. Kultura aldetik ere talka handia izan zen. Egokitzapena gogorra izan zen.
T. R.: Hasieran iruditu zitzaigun atzerapausoa izan zitekeela guretzat.
A. A.: Prozesu batzuk oso mantsoak ziren, oso burokratikoak. Eta zenbait pertsona oso atzera zegoen arlo teknologikoan.
Bi urte egin zenituzten Atlantan. Kaliforniara joatea beste zerbait izan al zen?
A. A.: Atlantan geundela, laneko bilera batzuk eta bisita batzuk izan nituen Kalifornian, eta berehala konturatu nintzen tokiak zerikusi handiagoa zuela gurekin. Kultur aniztasun handia dago; proportzioan, Europako jende gehiago dago. San Frantzisko-Sillicon Valley arlo teknologikoan munduko zentroa da. Kultur eta kirol arloan eskaintza handia dago. Hondartza zoragarriak eta mendia ez zaizkigu falta...
Txemi, zu gaztelania irakasle ari zara. Zer moduz zabiltza lan horretan?
T. R.: Oso ondo, neure burua berriro asmatzea izan da. Duela bost urte ordezkapen bat egin nuen, proba egin, eta gustukoa suertatu zitzaidan. Orain eroso sentitzen naiz irakasle lanarekin. Irakasle lana oso aberasgarria da, beste lan batzuekin alderatuta —aurretik kazetari eta diseinu grafikoko lanetan aritua nintzen—. Asko ari naiz ikasten, baina segurtasunez sentitzen dut neure burua dudan bokazioarekn lotuta duen zerbait irakasten: pertsonen arteko komunikazioa sustatzea.
Seme-alaben eskolatzea ondo al doa?
A. A.: Bai, nabarmenduko nuke guraso gehienek ikastetxeko jardueretan parte hartzen dutela. Haurrekin lotura izaten laguntzen dizu horrek. Hemen ez dago poteorik, eta gizarteratzeko modu ona da.
T. R.: Erabat integratuta daude. 13 eta 10 urte dituzte orain, eta, itzultzea erabakiko bagenu, haiengatik oso zaila izango litzateke.
Koronabirusak ere jo du Kalifornia. Etxetik ari zarete lanean.
A. A.: Bost aste dira etxetik lanean hasi nintzenetik. Bulegoan elkarri begira hasi ginen, eta berehala hartu genuen erabakia etxera joateko. Arazorik gabe nabil lanean.
Baina nola daramazue gurasoak eta senideak urrun izateak?
A. A.: Oso gaizki, zeren zerbait gertatzen baldin bada ezingo genuke hara joan. Uda honetan ziur aski ezin izango dugu Euskal Herrira joan. Gu ondo gaude, baina kezkatuta gaude ezingo dugulako edonoiz hara joan.
Zer da Euskal Herritik faltan sumatzen duzuena?
A. A.: Lagunekin tabernaz taberna ibiltzea pintxoak jaten, eta kalean jendearekin egotea. Gasteizera joaten naizenean, gehien gozatzen dudan unea da lagunekin terraza batean egoten naizenean.
T. R.: Arraina botatzen dut faltan. Baita poteatzea eta Athleticen partidetara joatea ere. Espainiako Kopako finala, ordea, San Frantziskon Athleticek duen peñan ikusiko dudala iruditzen zait.
TXAPELA BURUAN. Ana Armenta eta Txemi Rios. Kalifornian bizi dira
«Hemen gizarteratzeko, modu ona da eskolako jardueretan aritzea»
Telefono konpainia baten eskaintza jaso zuen Armentak, eta AEBetara joan zen bizitzera familiarekin. Atlantako lehen bi urteak «gogorrak» egin zitzaizkien, baina orain «oso pozik» daude Kalifornian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu