Beste besta eredu bat aldarrikatzen du Baionako Gazteak taldeak: «Denei irekiak diren bestak, herritarrek eginak eta herritarrentzat». Bertako kidea da Kamille Dizabo.
Baionako Gazteak taldea osatu duzue. Zein ideien inguruan batu zarete?
Baionako gazte batzuk gara, elkarte eta dinamika ezberdinetakoak. Bildu gara Baionako bestetan beste egitarau bat proposatzeko jendeari.
Zein da herriko etxeak proposatzen duen egitarauari egiten diozuen kritika?
Herriko etxeari leporatzen dioguindarrik ez egitea Baionako hiriarentzat, Baionako eta Euskal Herriko jendearentzat. Bestak gehiago Parisi buruz itzuliak dira, indarrik egin gabe adibidez, Hego Euskal Herriari begira. Denei irekiak diren bestak nahi ditugu, baina ahantzi gabe hemen kultura bat badugula. Euskal kulturaren folklorizazioa egiten du herriko etxeak, jendea erakartzeko, eta hori ez dugu onartzen.
Herriko etxeak euskal kultura folklorizatzen duela diozue.
Oro har urte osoan herriko etxeak ez du gauza handirik egiten euskara eta euskal kultura sustatzeko. Baionako gazteria aspertzen da, jendea aspertzen da, eta horretarako ditugu beste gauza batzuk proposatu nahi. Egoera aldatzeko mugitu behar dugulauste dugu.
Harremanetan zarete herriko etxearekin?
Egia erran gutxi, izugarri gutxi. Egitarau alternatiboa antolatu dugu haiekin hitz egin gabe.
Zer proposatzen duzue zuen programa alternatiboaren barnean?
Gure egitaraua denei irekia da, herritarrek egina eta herritarrentzat. Egun guztiz proposatu dugu zerbait, zeren, azken finean, herriko etxeak animazio gutxi ditu proposaturik. Jendea etortzen da mozkortzera; ongi pasatzera, ados, baina mozkortuz. Txupinazioarekin hasi ginen, atzo [herenegun] poteoa genuen Xutik taldearekin eta bihar [gaur] Gazte Eguna dugu. Igandean presoen aldeko bazkaria izanen da, elkarretaratze batekin. Egitarau horrekin nahi diegu jendeei erakutsi hemengo errealitatea zein den. Horretarako ditugu gure animazioak jende guztiei irekitzen, errealitatea zein den ikus dezaten.
Jendea hurbildu da? Zer nolako harrera ukan duzue?
Bai, kanpoko jendea ezagutu dugu. Poteoan, adibidez, jende anitz interesatu dira gure egitarauari, gure helburuei. Horrek plazer egin digu, zinez. Gero, betikoa, jendea etortzen da besta egitera eta egia da gehienak ez direla interesatzen hemengo kulturari. Ez zaielako aurkeztua, hori da betiko arazoa. Hala ere, jende irekia bada, eta interesa sentitu dugu haien partetik.
Herriko etxea Hego Euskal Herriari ez dela aski itzulia diozu. Zuek gomitaHego Euskal Herrikoei luzatua duzue?
Euskal Herriko guztiei, baita ere kanpoko jendeei. Egia da euskaldunak garela, abertzale garela eta, adibidez, gure egitaraua bi hizkuntzetan proposatzen dugu. Gure hizkuntzaren presentzia eta euskal kultura aldarrikatzen dugu, baina denei irekia izanez. Bai, nion bezala, herriko etxea Parisi zuzendua da bakarrik, komunikazio txar batekin, erranez hemen edozer gauza egin daitekeela. Azken finean, jendea etortzen da bakarrik besta egitera eta ondorioak ikusten dira: borrokak, eraso sexistak, errespetu falta... Horren kontra nahi dugu borrokatu, eta animazioak proposatuz, uste dut jendearen interesa pizten ahal dela. Interesarekin batera, errespetu gehiago sortzen ahal da.
Bihar bukatzen dira aurtengo bestak. Ondoko egun eta hilabeteetan biltzen segituko zarete?
Baionako Gazteak taldea sortu da besten kari, beste besta eredu bat proposatzeko, baina gero urtean ere bilduko gara. Edozein gisaz, betiko jendea da, Baiona txikia delako, baina argi da gomita luzatzen dugula Baionako gazteriari. Ez dira bakarrik Baionako bestak, eta urtean ere animazioak antolatu behar ditugu. Dinamika azkartu behar dugu, Baionari bizia eman behar zaio.
Gazteak bazarete, haatik ez duzue gaztetxerik...
Gaztetxearen gaia ez dugu aipatu bestetan, baina bai gazte talde horretan Gazte Asanbladako batzuk badira. Bai, bistan da, gaztetxe bat aldarrikatzen dugu. Ez dugu lokalik, jendea hor da motibaturik baina herriko etxearen partetik ez dugu deus. Haiekin harremanetan sartuko gara arazoa aipatzeko eta hemendik goiti ikusiko zer aterako den. Hasteko, guk gure mugimendua segitzen dugu.
Baionako bestak. Potreta. Kamille Dizabo. Besta alternatiboen antolatzailea
«Hemengo errealitatea zein den erakutsi nahi diogu jendeari»
Herriko etxearen egitarau ofizialaren ondoan, besta alternatiboa antolatzen dabil Baionako Gazteak taldea; gaur Gazte Eguna dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu