Gerizpean. Uda-pasa

Hendaian, txipiroia nagusi

Hendaiako hainbat elkartek Txipiroiaren Festa antolatu dute gaurko; saltsa guztietan dastatu ahalko dira

Giro paregabea izango da gaur txipiroiaren bueltan Hendaian. HENDAYE TOURISME.
Adrian Garcia.
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bere tintan, frijituak, erromatar erara, beteak... Ezagutzen diren modu eta saltsa guztietan dastatu ahal izango dira txipiroiak gaur Hendaian (Lapurdi). Herriko hamabi kirol eta kultura elkarte, merkatari eta jatetxek, urtero legez, Txipiroiaren Festa antolatu dute. Jatetxe erraldoia bilakatuko da gaur Hendaiako herria. Antolatzaileek azaldu dutenez, urtero milaka pertsona mugitzen duen ekitaldia da Txipiroiaren Festa.

Euskal gastronomian oso estimatua den jakia da txipiroia, eta hendaiarrek urtero egiten diote gorazarrea zefalopodo horri. 1989. urtetik ospatzen dute Txipiroiaren Festa, eta giro paregabea sortzen da plateren bueltan.

Aurten ere, beste urteen antzera, hondartza auzoko Mimosa etorbidea eta herriko beste txoko anitz txipiroi usainez beteko dira. 19:00etatik aurrera hasiko da txipiroiaren festa gastronomikoa, Hendaiako kaleetan.

Elkarte bakoitza txipiroiak era batera prestatzeaz arduratuko da, ondoren, bakoitzak gustuko duen eran prestatuta dasta dezan.

Txipiroiaren Festan bildutako dirua urte osoan hainbat ekitaldi eta jarduera antolatzeko erabiliko dute.

Afaria girotzeaz Zarpai banda arduratuko da. Halaber, Holako orkestra izango da. Baltsak, dantzaldiak, txarangak eta trikitiak ez dute hutsik egingo. Antolatzaileek diotenez, 02:00ak arte giroa ziurtatuta egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.