«Irten ginenetik gutxi batzuk besterik ez ginela iritsiko, hori esaten ziguten hainbatek Bilbotik abiatu aurretik». Rafa Cantera eta Joseba Marin Bizkaiko labe garaietako langile ohiek ongi oroitzen dituzte Burdinaren martxaren lehen urratsak egin aurreko hitz horiek. «Arrazoirik ez zeukatela erakutsi genien. Bostehun lagun atera ginen, eta bi kidek besterik ezin izan zuten amaitu ibilaldia», oroitu du Canterak. 1992ko urriaren 9an irten ziren Bizkaiko hiriburutik, eta hemeretzi egun geroago, urriaren 26an iritsi ziren Madrilera. Helburua oso argia zen: desagertzeko arriskuan zegoen siderurgia integralari eustea.
Bostehun kilometroko ibilaldiaren ondoren, Bizkaiko labe garaiak eta Asturiasko Ensidesa enpresek ez zuten euren helburua bete, azkenean itxi egin zituztelako. Hala ere, «elkartasun ariketa izugarria» izan zela oroitzen dute bi langile ohiek. Orain, martxa hartatik 20 urte pasatu direnean, argazki eta eskultura erakusketa batek Ezkerraldeko langileen borroka hura oroitzeko ahalegina egin du. «Jende gazteak garai hartan gertatu zena jakiteko antolatu dugu», Canteraren esanetan. Era berean, eurentz bizi izandakoa gogoratzeko ere balio izan du harentzat: «Argazki horiek ikustean oroitzapen eta bizipen ugari etortzen zaizkit burura».
Sestaoko (Bizkaia) Txirbilenea kulturguneak maiatzean antolatu zuen Langile borroka gara jardunaldietarako prestatu zuten erakusketa hainbat langile ohiek. Canterak eskulturak egin zituen, eta Marinak garai hartako langileen artean argazki aukeraketa zabala egin zuen. Horretarako, bilketa lan handi bat egin behar izan zuen. «Gainera, ilusio berezia egin zigun erakusketa hori Sestaoko aprendiz eskolan jarri izanak», Canteraren esanetan. Hain zuzen ere, Txirbilenea kulturgunea labe garaietako eraikina izandako batean kokatuta dago. «Pentsa noiztik ez ginen han egon», zehaztu du Canterak. Orain, Bilboko Hika ateneoan jarri dute erakusketa, eta hilabete amaierara arte egongo da bertan ikusgai.
Lehenengotariko martxa
Burdinaren martxa hura aitzindaria izan zen. Hain zuzen ere, langileen aldarrikapenekin tankera horrekin egin zen lehen ibilaldia izan zen. Hortik agian gaur egun eman izan zaion garrantzia. Baina parte hartzea ere handia izan zen. «Bostehun langile abiatu ginen Euskal Herritik, ondoren Asturiasko beste hainbesterekin elkartzeko». Denek batera egin zuten Madrilera arteko bidea Pozuelo de Alarcon herrian (Espainia) elkartu ondoren. «Herrietan itzelezko harrera egiten ziguten, lo egiteko lekuak, eta jatekoa eskainiz», oroitu du Marinak. Errepidean ere, noranzko bietan zihoazen ibilgailuen elkartasun keinuak ere jasotzen zituzten langileek. «Askok ukabila atera eta autoko tutua jotzen ziguten».
Keinu ugari jaso zituzten Madrilerainoko bidean, baina Marinak bat dauka buruan zizelkatuta. «Gaztelako lautada amaigabe horietako batean, artzain bat azaldu zen ezerezetik. Ukabila altxatu zuen, eta emoziozko malkoz bete zitzaizkion begiak». Madrilera iritsi zirenean ere, mila pertsona inguruko ibilaldia manifestazio jendetsu bat bihurtu zen. Garai hartako kroniken arabera, 50.000 ingururaino ere iritsi zen zenbatekoa. «Martxa horrek sekulako oihartzuna izan zuen iritzi publikoan», Canteraren arabera. Eta kausan gero eta ziurtasun handiagoa sortu zen langileen artean.
Halako erantzuna ez zuten espero langileek, baina denboraren perspektibarekin ezberdin ikusten du Marinak. «Ezkerraldea osoa kinka larrian zegoen, labe garaiak itxiz gero eskualdeko ekonomia osoa kolokan egon baitzitekeen». Enpresaren jarduna urteen joanean, ordea, apalduz joan zen. 1989an, 7.000 langile inguru zituen, eta martxa egin zen garaian, 6.000 ingurura jaitsi zen kopurua. Martxan, ordea, ez zuten denek parte hartu. «Norbaitek egon beharra zuen lantegian!». Hala ere, inongo momentuan ez zuten pentsatu ere egin 500 pertsonak hartuko zutenik parte Madrilerainoko martxan. «Bien bitartean, enpresatik laguntza ekonomikoa bidaltzen ziguten lanean zeuden langileek», dio Canterak.
Martxa horrekin langileek Espainiako Gobernuari presio handia egin zioten, baina azkenean enpresaren itxiera ezin izan zen saihestu. Edonola ere, kaleratzeak negoziatzeko garaian baldintza hobeak lortu zituzten langileek. «Baina ez zen hori guk aldarrikatzen genuena, guk enpresa bera martxan egotea nahi genuen». Esparru askotatik jaso zuten babesa langileek. Ezkerraldeko eragile ugarik, merkataritza elkarteek, alderdi politiko eta «baita gotzaindegitik ere!», Marinaren esanetan.
Ibilaldi horretan labe garaietako sindikatu guztiek hartu zuten parte, baina, hala ere, inongo siglarik ez zuten erakutsi. «Asturiasko zutabearekin elkartu ginen arte», dio Marinak. Haiekin elkartu zirenean, «bakoitzak bere sindikatuaren itsasgarria jarri zuen, eta hor ordura arteko laguntasun giroa asko zapuztu zen». Amaiera mingotsa eman zion horrek langileen aldarrikapenari, baina ez horregatik gutxiesten du. Hain zuzen ere, ondorengo borroka askotan erreferente ere izan dira. «Duela gutxi Asturiasko meatzariek egin duten martxa oso gertutik bizi izan nuen, gurea bezala sentitu nuen».
Lehen aldia, burdinan
Sentimendu horiek guztiak Hika ateneoan jarritako erakusketan helarazi nahi izan dute. Eskultura eta argazkia uztartu dute. Lehen esparru horretan, Canterak egin ditu eskulturak. Beste era batean ezin, eta burdinean. «Paradoxikoa dirudien arren, hainbat urtez labe garaietan lan egin ondoren, orain arte harrian, paperean eta egurrean egin izan dut lan», dio. Sekula ez burdinarekin,eta hori burdinarekin lan egitea zer zen bazekiela. Bertan hainbat esparrutan inspiratu da: labe garaietako lan egiteko modua, Burdinaren martxa eta garai hartako giro politikoa. «Enpresako zenbait barrote ere erabili ditut askatasuna irudikatzeko, esaterako». Horrez gain, pertsonen perfilak ere irudikatu ditu eskulturetan, eta paperean zenbait bozeto ere egin ditu. «Burdinean lan egiteko modua zein den erakutsi gura izan dut, baina baita paperekoa ere. Horixe bera aldarrikatu nahi dut». Burdinaren martxa irudikatzeko, bestetik, zenbait hanka jarri ditu bere lanetan. «Zenbat neke ez zen egongo egun horietan ibilaldi horretan».
Baina eskulturen bidez irudipen bat egin daiteke, eta argazkiek garai hartako kronika egiten laguntzen dute. Labe garaiak oraindik ekoizten zuten garaiko argazkiak jarri dituzte lehenengo giroan sartzeko. Ondoren bildu dituzte martxako uneak. «Ibilaldi horretan, elkartasun eta laguntasun handia egon zen, eta argazkiek ere horixe bera irudikatzen dutela iruditzen zait», dio Marinak. Eta horixe bera da, era berean, helarazi nahi duten mezua. Oraingoz, erakusketak ibilaldi motza izan du, baina gehiago zabaltzeko prest daude egileak. Gatazka hura ahanzturan herdoildu ez dadin.
Ezarian. Burdinaren martxa
Herdoildu ez dadin
Duela hogei urte Bizkaiko labe garaietako langileek egin zuten Burdinaren martxa gogoratzeko erakusketa jarrita dago BilbonHainbat langileren argazki eta eskulturekin gatazka hura ez ahaztea da helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu