Ondarea

Hernaniar batek 1947an eroritako meteorito bat legez kanpo bereganatu ote zuen ikertzen ari dira

Interneten enkantean jarri du meteoritoa, hasteko 27.500 euro eskatuta, baina Espainiako museo bateko buruek pieza ezagutu, eta saltzailea salatu dute. Manuel Laborde enpresaburu eta ikertzailearen esku egon zen harria, 1993. urtean hil zen arte.

Berreskuraturiko meteoritoaren puska. FERNANDO ALVARADO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 27a
16:56
Entzun

Reliego herrian (Leon, Espainia), Domu Santu egunean, 1947an, herritarrak kalera atera ziren burrunba handi bat entzun ostean. Herriaren erdian, gurdi baten ondoan, 35 zentimetro sakon zen zulo bat topatu zuten, kea zeriola. Barruan, bederatzi kiloko meteorito bat topatu zuten. Baina duela 60 urtetik ez zegoen harri haren pusketetako baten berri, norbaitek Interneten salgai jarri duen arte. Azkenean, Euskal Herrian topatu dute, Hernanin (Gipuzkoa).

Harria zatitu egin zuten ikertzeko: puska batzuk Madrilgo Zientzia Naturalen Museo Nazionalera bidali zituzten, eta besteak, Washingtongo eta New Yorkeko zientzia museotara. 585 gramoko pieza bat Manuel Laborde ingeniari eta enpresaburu tolosarraren esku geratu zen gero. Andoainen barauts lantegia zuen Labordek, orain Martin Ugalde Kultur Parkea hartzen duen lekuan. Laborde Aranzadi zientzia elkarteko sortzaileetako bat izan zen, 1947. urtean bertan, eta hainbat ikerketa egin zituen. Horren harira heldu zen meteorito puska haren eskura, hura izan baitzen piezaren ikerketaren arduradunetako bat.

Baina duela 60 bat urtetik ez zegoen meteorito puska horren berririk. Iaz arte.

2020ko udazkenean, Todocoleccion.net webgunean iragarki bat agertu zen. Bildumagileek objektuak salerosteko erabiltzen dute gune hori. Harriaren argazkiarekin batera, «Reliegoseko 1947ko meteorito esklusiboa» mezua argitaratu zuten, pieza azaroaren 26tik aurrera enkantean jarriko zutela iragartzeko. Hasierako prezioa: 38.000 euro.

Antza denez, enkantea ez zen egin azkenean, eta eskaintza kendu egin zuten webgunetik, misterio handiz.

Urtebete geroago berriz agertu da, eta merkexeago: 37.500 euro. Gaur amaitzen zen enkantean hortik gorako dirua eskaintzeko epea.

Baina oraingoan azkarrago ibili dira Espainiako Zientzia Naturalen Museo Nazionaleko Geologia departamenduko adituak. Enkantearen berri eman diote Guardia Zibilari, eta horrek piezaren arrastoa jarraitu du, Hernaniraino. Han atzeman dute, eta gaur itzuli diote museoari.

Adierazi dutenez, pieza enkantean jarri duen pertsona ikertzen ari dira, meteorito puska legez kanpo bereganatu ote zuen aztertzeko. 1993. urtean hil zen Laborde, eta meteoritoarekin ordutik zer gertatu den argitu nahian dabiltza.

Piezaren oraingo jabearen izena baino ez dute eman: Juan Carlos. Meteoritoa nola eskuratu zuen kontatu du hark, Leongo prentsak jaso duenez. Mudantza enpresa bateko langilea izan zela, eta Laborderen ondasunak jasotzeaz arduratu zirela hura hil zenean. «Horietako asko enpresaren biltegi batean geratu ziren. Urteak pasatu ziren, eta inork ez zituen jaso. Horregatik, jabeak erabaki zuen gauza asko zaborretara botako genituela, biltegia behar zuelako, tartean "harriak" zituzten kutxa batzuk. Niri bitxiak iruditu zitzaizkidan, eta erreskatatu egin nituen. Tartean zegoen meteoritoaren puska hori».

Galdetu diote zergatik erretiratu zuen pieza enkantetik iaz. Erantzun duenez, «merkatu estrategiagatik» egin zuen. «Salgai jartzen denean ikusmina sortzen du, ezkutatzen da, eta orain erosleek interes handiagoarekin daude zain».

Beraz, gaur amaitu da meteoritoaren ibilbide gorabeheratsua. Azkenean, museo batean dago, eta han jarriko dute ikusgai. Bisitariek harriak oraindik itsatsita duen etiketa zaharra irakurri ahalko dute: Meteroritoa Aerolitoa (kondrita) Reliegos (Leon) 42°28,5 N, 5°20 W28 Abendua 1947. Madril (Zientzia Museoa) 585 gr. Andoain (Manuel Laborde).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.