Historiako ontzirik ezagunenetakoa da; ezagunena, seguruenik. Titanic oinarri hartuta milaka eta milaka orri zein zeluloide ordu sortu dituzte literaturak eta zinemak. Hondamendiari buruzko informazio guztia, ordea, ez da zuzena. Fikzioak mito asko sortu ditu.
James Cameron ahalguztidunaren Titanic (1997) da zinemako obra ezagunena, White Star Line konpainiaren hondamendirik handienaz ari garenean. Ekoizpen erraldoi horrek mugarria jarri zuen, izozmendi bat jota hondoratu zen transatlantikoaren kontakizunean. Balio artistikoaren eztabaida alde batera utzita, xehetasun txundigarriak eskaintzen ditu, dokumentazio lan konplexu eta zorrotz bati esker. Cameronen filmak eta haren aurretik beste batzuek, hala zineman nola literaturan, segurutzat jo dituzte hainbat aldagai Titanic-en azken orduen kontakizunean.
«Hondoraezina» zela esan omen zuen konpainiak. Ontziratu zirenen gehienek uste hori zuten; alegia, Titanic ezin zen hondoratu. Hori aditzera ematen dute hainbat filmek eta eleberrik, eta ez da horrela. White Star Line enpresako arduradunek Titanic-en bertuteak zeruraino goratu zituzten, baina ez zuten sekula esan urperatu ezin zitekeenik. Izan ere, Titanic-ek Southampton utzi zuenean bere estreinako bidaian New Yorkerako bidean, prentsaren arreta izanagatik, ez zuen oihartzun handi-handirik eskuratu. Titanic-en biki Olympic-ek aurretik egina zuen bidaia hori, 1911n, kapitain berarekin (John Smith), ibilbide berarekin eta segurtasun neurri bertsuekin, aurrerapen bertsuekin. Hark hartu zuen leku handia egunkari orrietan, Titanic-ek baino handiagoa.
Zein izan zen orkestraren azken melodia? Mitoen artean gustukoena dute ikusleek aurretik A Night to remember (Roy Ward Baker, 1958) eta ondoren Cameronen Titanic-ek islatutako orkestraren istorioa. Jendea korrika batera eta bestera heriotzari ihes egin nahian, eta orkestra musika jotzen. Itxura batean, egia da orkestra jotzen aritu zela, baina ez da segurua musikari guztiak, zazpiak, ontziarekin batera hondoratu zirenik; hots, azken momentura arte musika tresnekin aritu zirenik ezin da jakin.
Kapitaina eta enpresaria
Smith kapitainaren heriotzaren inguruan ere asko idatzi da. Heroi ala koldar? Titanic-i buruzko obra gehienek tratu ona ematen diote, baina kapitaina izan zen jazotakoaren azken arduraduna. Ez zuen ontziaren abiadura moteldu, aurrez aurre izotza zegoela jakin zuen arren. Halaber, bidaiari kopurua ezagutzen zuen eta, hala ere, salbamenduko txalupak erdi beterik joatea baimendu zuen. Titanic utzi zuen lehenengo txalupan 27 lagun besterik ez zihoazen, antza, eta ontziak 65entzat zuen lekua. Itsasontzia uzteko agindu orokorra eman ez izana da, edonola ere, kapitainaren okerrik handiena, historialari askoren iduriko. Agindu orokor hori gabe, bidaiari asko ez ziren ohartu benetako arriskuaz. Haatik, Edward John Smith bere ontziarekin batera hondoratu zen apirilaren 15eko gau hotz hartan, eta horrek salbatu zuen haren oroitzapena hein handi batean.
Bestale, J.Bruce Ismay enpresaria gertatutakoaren erantzule gisa islatu dute sarri asko filmek. Titanic eraiki zuen konpainiako presidenteak ontzia hondamendira eraman zuela uler daiteke Cameronen filma eta haren aurretik beste lan batzuk ikusita, baita Julian Fellowesek berriki telebistarako idatzitako gidoia irakurrita ere. Ismayk Titanic azkarrago joan zedin behartu ei zuen kapitaina, izotza egon ala ez. Enpresaria bizirik atera zen hondamenditik, eta prentsak ez zion barkatu. Hildakoen zerrendak argitaratu zituzten, eta alboan Ismayren izena irakur zitekeen aldizkari ezagun batean, bizirik atera zirenen zerrendako izen bakar gisa. 1912an hondamendiari buruzko txostena zuzendu zuen gizonak, Lord Merseyk, esan zuen Ismayk bidaiari asko lagundu zituela txalupetara. Hori bai: azken unean leku bat gorde zuen beretzat. Enpresariak ez zuen sekula gainditu txalupa batean ihes egin izanaren lotsa, eta White Star Line enpresa utzi zuen 1913an.
Heroiak eta koldarrak
Iturri agortezina izan da 'Titanic' literatura eta zinemarentzat. Mito asko hedatu dira itsasontziaren azken orduen inguruan, baina informazio oro ez da zuzena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu