Herri baten hamaikakoa

Jokalari eta entrenatzaile ugarik ordezkatu dute ehun urteetan euskal selekzioa, partida bakoitza ofizialtasunaren aldeko urrats baten eran ikusiz. Baina bidea luzea da oraindik, eta konpromisoa eskatu diete politikariei.

1. Gerra garaian. Euskal selekzioko jokalariak, 1937an, Parisen (Frantzia). JOSEBA GOTZON VARELA.
Saioa Alkaiza Guallar Ainara Arratibel Gascon
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bilbo. 1915. Euskaldunek eta kantabriarrek osatutako Seleccion Norte futbol zelaira irten zen. Parean, Seleccion Centro, Madrilgo taldea. Partida estu bat jokatuta, azkenean, Norte-koek irabazi zuten, bat eta huts. Ostean, Kataluniari gailendu zitzaizkion, eta Espainiako Eskualdeetako Kopa eskuratu zuten. Historikoa da data, hori izan baitzen egungo euskal selekzioaren ernamuina, aurreneko hazia. Gerora, soilik euskal herritarrekin osatu, eta makina bat izen hartu du taldeak: Baskoniako Selekzioa, Euzkadiko Selekzioa, Euskadiko Selekzioa, Euskal Herria... Hasierako espirituari eutsi dio beti. Ofizialtasunera bidean, mendeurrena beteko du aurten.

«Munduari argi utzi behar diogu herri bat garela, eta beharra daukagula herri hori futbol zelai batean ordezkatzeko». Roberto Martinez Tiko iruindarra mintzo da. Egun erretiroa hartuta badago ere, Osasunan, Athleticen eta Eibarren aritutakoa da, eta pasioz egin du solas selekzioaren inguruan. Lauzpabost aldiz jokatu du euskal selekzioan. «Esperientzia oso polita izan zen. Sekulako giroa zegoen. Egutegian gorriz markatutako partida zen».

Taldekideen arteko harremana ere gogoan iltzatuta dauka: «Aldagelan oso giro hurbila zegoen, konpromiso osoa». Eta Tikok bezainbesteko sentsazio positiboak gorde ditu Larraitz Lukas Realeko jokalari ohiak. Hark orain hiru urte utzi zuen futbola, hain zuzen ere, euskal selekzioarekin batera Eslovakiaren aurka Anoetan jokatutako norgehiagoka baten ostean. «Gurea eta bertakoa da selekzioa». Kirolaz harago, beste zer edo zer izan zen egun hura. «Publikoa, harmailetan, euskararen aldeko ekintza bat balitz bezala zegoen». 5.000 lagun batu ziren. Ikusleen ekina txalotzerakoan, bat egin du Lukasen iritziarekin Tikok: «Partida egunetan, festa ikaragarria bizitzen zen goizetik hiriko kaleetan. Horrelako sinergia sentituz, jokalaria beste bat bihurtzen da».

Jokalarien aldetik beti sumatu izan dute jokatzeko «interes, konpromiso eta ilusio» hori urteetan euskal selekzioko hautatzaile izan diren Mikel Etxarrik eta Jose Angel Iribarrek. «Hilabete batzuk lehenago beti hasten zaizkigu galdetzen partida noiz izango den. Egutegiak gero eta estuagoak dira, eta klub batzuek atseden hartzeko aholkatzen diete beren jokalariei. Baina gehienak etorri egiten dira, eta hori oso eskertzekoa da», esan du Etxarrik.

Konpromiso horren adibide jarri du 2008. eta 2009. urtean izandako etena. Horren arrazoia izan zen, jokalariek Euskal Herria izenarekin jokatu nahi zutela, eta federazioak, Euskadi izenarekin. «Ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenaren parte baten moduan ikusten zuten. Gainera, aukera baliatu zuten urtero partida bat baino gehiago jokatzeko beharra aldarrikatzeko», azaldu du Etxarrik. Une zaila izan zela onartu du Iribarrek, eta hark ere jokalarien konpromisoa eta selekzioko giro ona nabarmendu ditu.

Jokalarientzat ez ezik, eurentzat ere oso partida garrantzitsuak izan dira euskal selekzioarenak. Iribarrek ez du ahaztuko selekzioa zuzentzeko aukera izan zuen lehen partida. Hemezortzi urte igaro dira ordutik. Anoetan izan zen, Boliviaren aurka. «Xabier Azkargorta buru, jokalari onenekin zetorren Bolivia, eta munduko txapelketan oso joko polita erakutsita. Ederra izan zen». Zerrenda osatu aurretik Bartzelonara egindako bidaia du gogoan Iribarrek. «Orduan, hemengo goi mailako jokalari asko zeuden Bartzelonan jokatzen: Bakero, Lopez Rekarte, Begiristain, Zubizarreta... Jokatzeko baimena emango zieten jakin nahi genuen, eta Cruyffekin bildu ginen. Ikaragarria izan zen erakutsi zuen prestasuna, eta berehala esan zigun ez zegoela arazorik».

Entrenatzaile moduan, Realean eta Eibarren urteetako eskarmentua eduki arren, euskal selekzioa zuzendu zuen lehen partidan urduri jarri zela onartu du Etxarrik. «Gure selekzioa zuzentzea ardura handia zen».Beti saiatzen dira ahalik eta deialdi eta hamaikako lehiakorrena egiten: «Aurrean izaten ditugun selekzioak goi mailakoak izaten dira kasu askotan, eta serio lehiatzen ez bagara, porrot handiak har ditzakegu. Gainera, edozein aurkariari errespetua izan behar diozu». Kataluniarekin jokatutako norgehiagokak nabarmendu ditu. «Oso partida lehiatuak izan dira, eta giroa eta ofizialtasunarekiko konpromisoa, handia».

Erabaki politikoa da

«Oso hunkigarria da talde ezberdinetako jokalariak eskutik helduta ikustea euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko futbol partida batean», esan du Tikok. Taldearekin jokatu zuen azkeneko aldian, belauna apurtu zuen, eta, hala ere, gozotik gazitik baino gehiago izan zuen esperientziak.

Nazioartera begira ere jarri da, Euskal Herria ezagutzera emateko kirolak bete dezakeen eginkizuna gogoan. «Futbolak, munduko mapan, argi puntu bat ipiniko luke Euskal Herrian». Baina, ez da beti erraza izan, urardotutako papera izan du maiz selekzioak. «Goikoek» zaletasuna «moteldu» nahi dutelakoan dago. Federazioa ere jarri du jo puntuan. Bertako kideen eta jokalarien artean batzuetan izaniko iritzi ezberdinekin oroitu da.

Horregatik, ofizialtasunerako bidea «ez da batere erraza». Aldarria egin du, federazioari begira: «Inbertsio handiagoak egin beharko lituzkete, gure indarra gutxiesten baitute».Eta konponbide gisa, lanerako gonbita egin die politikariei, betiere herritarrak, zaleak eta jokalariak ahantzi gabe: «Buruzagiak indarrez eta batasun osoz egon beharko lirateke aurrera jotzeko. Sukaldeko lana eginez, eta jantokira noizbehinka joanda».

Ofizialtasuna ere zail ikusten du Etxarrik. «Kirol ikuspegitik FIFAk eman behar digu baimena, eta hori oso zaila da. Baina guk gerra ematen jarraitu behar dugu, urtero-urtero jokatzen, eta gure partidak ahalik eta ikusgarritasun handiena izaten ahalegintzen. Hortik aurrera, politikariek hartu behar dute ardura, eta urratsak egin».

Iribarrek baikortasun handiagoz ikusten du egoera, eta ESAITek ofizialtasunaren alde urteotan egindako lanaren garrantzia aitortu du: ESAIT desagertu arren, oinarri sendoak ikusten ditu ofizialtasunaren bidean. Orain arteko bidea olatu handi batekin parekatu du. «Olatuak ozeano handi bat du aurretik, baina denek elkarrekin lan egiten badugu, lehorrera iritsiko da. Kontua elkarlanean jarraitzea da».

Ofizialtasunaren bidean, Etxarriren eta Iribarren arabera, oso garrantzitsua da atzerrian jokatzeko aukera edukitzea. Azken urteetan hirutan izan dira kanpoan: Estonian, Venezuelan eta Katalunian. Estoniakoa ekarri du gogora Etxarrik: «Selekzioek partida ofizialak zituzten asteburu batean jokatu zenez, FIFAren protokoloarekin jokatu zen. Jokalariak ikurrinarekin eta umeekin atera ziren zelaira».

Venezuelako partida ere ez dute ahaztuko, batez ere han bizi diren euskal herritar ugari bertaratu zirelako norgehiagoka ikustera. «Gainera, haientzat Ameriketako Kopa prestatzeko partida garrantzitsua zen». Iribarri, hala ere, arantza bat geratu zaio horren inguruan. «Ez zuten zuzenean telebistan eman».

Bestelakoa da Lukasen arantza: emakumezkoen taldea ofizialtasunaren alde jokatzen «oso berandu» hasi zela uste du. 2006an izan zen. «Asko esaten da: berdintasuna, berdintasuna... Baina emakumeak ez daude federazioan sartuta. Agintari guztiak gizonak dira, eta ez dute egiten emakumeen alde». Gainera, kexu da, lehenengo norgehiagoka horietan hedabideek ez zietelako behar besteko arreta eskaini. Urteotan egoera gutxi aldatu dela dio. Konponbidea: «Federazioan emakume gehiago sartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.