Sanjoandolozak Bakion

Herri kirolaren festa

Sei bikote ariko dira gaur Euskal Herriko trontzalarien finalean, Bakion, kategoria mistoan. Beste herri kirol batzuen erakustaldia ere izango da

Trontzan aritzeaz gain, segalari ere aritzen da Alazne Etxaburua. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Gaur izango da Euskal Herriko trontzalarien txapelketako kategoria mistoko finala, Bakioko (Bizkaia) Urizarretako landetan, 12:30ean, San Joan Doloz festen barruan. Txapelaren bila arituko dira sei bikote. Bi bizkaitar: Arkaitz Ispizua eta Matirtze Ispizua, eta Nerea Egurrola eta Santi Zubizarreta; gipuzkoar bat: Alazne Etxaburua eta Igor Esnaola; eta hiru nafar: Irune Iskue eta Oier Cañamares, June Etxeberria eta Imanol Cañamares eta Itsaso Gonzalo eta Mikel Eugi. Sei bikoteek 45 ontzako enborrari hamabost epai eman beharko dizkiote.

Euskal Herriko herri kirol federazioko lehendakariorde Jon Ormazak adierazi du aurten ez dela egon kanporaketarik eta zuzenean finala jokatzea erabaki dela: «Urteak gorabehera, bikote gehiago edo gutxiago apuntatzen dira. Oporrak direla eta, ez da erraza izaten. Hala ere, sei bikote on apuntatu direla esango nuke».

Bikote horietako bat Arkaitz Ispizua eta Matirtze Ispizua anai-arrebek osatzen dute. 38 eta 34 urte dituzte, hurrenez hurren. Anaiaren kasuan, entrenamenduak ez du sekretu handirik, trontzan aritu eta mendian ibiltzen da. Arreba, berriz, trontzan ibiltzeaz gain, sokatiran ere aritzen dela azaldu du anaiak. Ispizuarentzat, «egundoko maila» egongo da gaurko finalean.

Sei bikoteetatik hiru nafarrak dira. Bikote horietako bateko kide da June Etxeberria txantrearra. Etxeberriak lehen aldia du Euskal Herriko txapelketan. Ispizuaren entrenamendu bera egiten du, baina, horretaz gain, sokatiran ere ibiltzen da. Horrek laguntzen duela uste du Etxeberriak.

Indarra bakarrik ez, teknikak ere bere garrantzia duela uste du: «Teknika eta bikotearekin ondo ulertzea ere garrantzitsuak dira. Batek zerra indarrez sartu eta besteak jarraitzen ez badio, bien arteko indarra galtzen da. Koordinazioa lantzeko bikotearekin denbora pasatzea da sekretua».

Egurrekin arazorik ez egotea espero du Ormazak:«Badakigu egurrak nolakoak diren, inork ez daki zer dagoen barruan. Hala ere, normalean ez da arazorik egoten trontzako egurretan, oso handiak ere ez direlako izaten», azaldu du.

Herri kirolen erakustaldia

Txapelketaz gain, beste herri kirol batzuen erakustaldia ere egingo dute Urizarretako landetan. Mikel Alzolak giza proba erakustaldia egingo du. Alzola egungo Euskal Herriko txapelduna da, eta, ordu laurdenean, hark bakarrik, 900 kiloko harriarekin bi plaza egitera ere hel litekeela dio Ormazak. Ioritz Pereira, berriz, ingudea jasotzen ariko da. Euskal Herriko txapeldunordea da Pereira, eta minutu eta erdian egin ohi dituen 84 altxaldiak errepikatzen saiatuko da. Horrez gain, ostiralean 21 urtez azpiko Euskadiko Kintopeko Txapelketa irabazi zuen Jon Gisasola mallabitar gaztea harri-jasotzaile lanetan arituko da, hiru harri desberdinekin: zilindroa, biribila eta errektangularra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.