Sanferminak Iruñean

Herri kirolaren oinarria: harria, egurra eta burdina

Iñaki Perurenak harria jasotzeko teknikak erakutsi ditu, eta ingude eta aizkora probak egin dituzte Foruen plazan

Iñaki Perurena, atzo, Foruen plazan, harria altxatzen. LANDER FDEZ. ARROIABE /ARP.
joxerra senar
Iruñea
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Harria, egurra eta burdina.Herri kirolaren oinarrizko hiru elementuak presente egon dira Iruñeko Foruen plazan. Alde batetik, Iñaki Perurena harri-jasotzaile leitzarrak harriak altxatzeko tekniken erakustaldia eskaini du. Beste alde batetik, Nafarroako emakumezkoen eta gizonezkoen ingude txapelketa egin dute. Gero aizkolarien txanda heldu da.

Foruen plazan bildutako asko atzerritarrak dira, eta zenbaitek ikusminez begiratu dute ikuskizuna. Euskaraz eta gazteleraz, esatariek proba bakoitza azaldu dute. Perurena izan da lehena, eta iragan mendean harri errektangularra jasotzeko lau teknikak azaldu ditu. Lehena, 1900an; Aritza harri-jasotzaileak ezarri zuen, eta behetik hartzen zen harria. Bigarrena, 1923an; Arteondok ezarri zuen, eta alboetako heldulekuetatik altxatu eta belaunean jiratu egiten zen harria. Hirugarrena, 1962an; Agerrek ezarri zuen, eta bazterretik heltzen zitzaion harriari. Azkena, 1976ean; Perurena berak ezarri zuen, eta heldulekuak aurrean jarri zizkion. Teknika hori nagusitu da.

Ondoren, Perurenak 113 kiloko harri koadroarekin, 103 kiloko harri borobilarekin eta harri zilindroakin erakustaldia egin du.

Gainera, hemezortzi kiloko burdinezko ingude batekin, txapelketa egin dute Josetxo Urrutia leitzarrak, Ander Iribarren auzarrak eta Iker Izagirre berriozarrak. Urrutiak irabazi du 85 altxaldirekin. Nesketan, Maika Aristegi iturendarrak irabazi dio Esti Gastearena iruindarrari.

Juanjo Lopez lezaundarrak lausegundo eskasengatik irabazi dio Donato Larreatxari. Enbor handi bat moztu dute, eta, bide batez, horretarako hiru aizkora mota behar direla erakutsi: zenbat eta beherago ebaki, orduan eta aizkora luzeagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.