«Osasun krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikoek ordaindu ez dezaten», herri kultura, jai herrikoiak eta zerbitzu publikoak defendatzera deitu dute Bilboko Konpartsek. Aste Nahasia bertan behera utzita, Haizea Arriolak eta Iñigo Iglesias kideek Bilboko Konpartsen balorazioa azaldu dute gaur goizean, Bilboko Arriaga plazan. Hartutako erabakiaren gako nagusia erantzukizuna izan dela azaldu du Arriolak: «Gure konpartsakide nagusiengandik ikasi genuen zer den arduratsu izatea. 1983ko uholdeetan, beste auzokideekin, instituzioekin... pala eskuan, Zazpikaleak eta Bilboko beste leku batzuk auzolanean garbitzen ibili zirenean».
Elkarrizketaren eta elkarlanaren ordez, hainbat instituziok inposizioa eta debekuak ezarri dituztela kritikatu dute konpartsek. Horregatik, jai herrikoiak defendatzeko antolakuntza eta egitasmoak inoiz baino beharrezkoagoak izango direla azaldu du Arriolak, Euskal Herri osoan eta baita Bilboko kaleetan ere, lan eginez.
Bilboko Konpartsek aho batez erabaki zuten joan den astelehenean Aste Nahasia bertan behera uztea. «Osasun neurririk zorrotzenak izan arren», jende-pilaketarik txikiena ere ez sustatzea erabaki dute. Ohiko Aste Nagusia eta Aste Nahasia ezin antolatzeak «pena handia» eragin diela adierazi du Arriolak: «Alde batetik, ehunka konpartsakide joan den irailetik ibili dira lanean; eta, beste aldetik, bilbotarrek merezi zuten, ez bazen bata, gutxienez bestea gozatzea». Aste Nahasia 51 egitasmo ludiko eta kulturalen egitarau xumea izan behar zen, «udalak aldebakarrez bertan behera utzitako Aste Nagusia ordezkatu behar zuena». Egitasmo horietan erabiliko zituzten hainbat material erakutsi dituzte Arriaga plazan: besteak beste, saskibaloi pilotak, hiru puntuko saskiratzeen lehiaketa jokatzeko, zeinak 6,75 metroko tartea gordetzea eskatzen baitu; eta xake taula, «mundu guztiak baitaki jende asko pilatzen duen kirol bat dela».
Bilboko Udalaren jarrera bi hitzetan deskribatu dute konpartsek: «Inposizioa eta hipokrisia». Elkarlana baino gehiago, udalak inposizioa erabili duela salatu du Arriolak, jai batzorde mistoari «funtzio denak, erabakitze gunea eta aurrekontua lapurtuz». Are gehiago, nabarmendu du auzoko jaiekin portatu dela okerren, prentsaren bidez izan baitute debeku guztien berri.
Joan den asteartean, Bilboko Udalak eskatu zien Aste Nagusian ekitaldiak antolatzen dituzten eragileei aurten ezer ez egiteko. Hala ere, udalaren Bilbao Uda kultur programa bereziak aurrera jarraitzen du: «Atzo kale antzerkia egon zen hemen bertan. Ziur gaude ahalik eta osasun neurri zorrotzenak erabili zituztela, baina bitxia da burutu izana, herritarrenganako errespetu, erantzukizun eta elkartasunagatik jarduerak ez antolatzeko beste batzuei egindako eskaeren ostean». Bilbo Udaren azken ekitaldia abuztuaren 21ean izango da, Aste Nagusia hasi beharko litzatekeen larunbata baino egun bat lehenago.
Bilboko Konpartsak laster hasiko dira urteroko barne hausnarketarekin, baina Arriolak aitortu du, etorkizunari begira, aurtengo San Tomas eta hurrengo urteko aratusteak ez direla erronka errazak izango, «COVID-19ak bertan segituko baitu, ezusteko pozgarririk egon ezean». Jai herrikoi, parte hartzaile, feminista, euskaldun eta ekologistak babesteko, auzoetako jai batzordeak eta Bilboko Konpartsak indartsuak izatea komeni dela adierazi du; eta herritarron parte hartzea aldarrikatu: «Herritarrok badugu non aukeratu; eta, gustuko konpartsarik aurkitu ezean, beti dago konpartsa berri bat sortzeko aukera».