Mireia Mochales eta Batiste Ezeiza. Piraten bozeramaileak

«Herria gai da babesle handirik gabe jaiak antolatzeko»

Donostiako Piratek Edozer Dugu Posible eguna antolatu dute datorren asteazkenerako. Herri jaiak aldarrikatzeko hainbat ekitaldi izango dira Zurriola hondartza inguruetan, eta Manu Chaok itxiko du eguna.

Donostia
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Batiste Ezeiza (Donostia, 1985) eta Mireia Mochales (Donostia, 1989) Donostiako Piraten bozeramaileek diotenez, asteazkenean Edozer Dugu Posible egunean Zurriola ingurua jendez bete dadin nahi dute piratek. Arrakasta aurreikusita, atzo hasi zituzten muntaketa lanak. Ilusio handiz prestatu dute jardueraz betetako egun hori, elkartasuna eta euskara ardatz. Horri esker, piraten mugimenduak oihartzuna izango duelakoan daude, eta beren balioak zabaltzeko aukera gisa ikusten dute.

Datorren asteazkenean, Edozer Dugu Posible eguna izango da Donostian. Zein helbururekin antolatu duzue?

BATISTE EZEIZA: Herri jaien aldeko eguna izango da. Gure asmoa da ikusaraztea zein den guretzat jaiak egiteko era egokiena eta herria gai dela babesle handirik gabe jaiak antolatzeko.

MIREIA MOCHALES: Hain zuzen ere, erakutsi nahi dugu edozer dugula posible, eta aukera ona iruditu zitzaigun, uda gerturatzen zen heinean, Aste Nagusitik kanpo ere herri jaien aldarria Donostian zabaltzeko.

Zer espero duzue ekarriko diola egun horrek piraten mugimenduari?

B. E: Lan karga oso handia, baina, beste alde batetik, uste dugu bozgorailu indartsua izango dela.

Eguneko ekitaldi nagusia Manu Chaoren kontzertua da; hala ere, egun osoko egitaraua egitea erabaki duzue. Zergatik?

B.E: Oihartzun handiena horrek izan du, baina guk ez dugu uste beste ekitaldien gainetik dagoenik. Hasieratik saiatu gara esaten herri jaien aldeko eguna dela, ez Manu Chaoren kontzertu bat. Egia da horrek jende asko erakartzen duela, baina, horregatik, guk ere esfortzu berezia egin dugu komunikatiboki zabaltzeko ez dela kontzertu soila, Edozer Dugu Posible eguna dela eta egun hori Manu Chaoren kontzertuarekin bukatuko dela, besteak beste.

Zergatik Manu Chao?

B. E: Aspalditik izan dugu harremana harekin, eta izan dira gerturatze batzuk. Edozer Dugu Posible egunaren berri izan zuenean, bere burua eskaini zuen; Manu Chaok piratoi egin digun oparia da hau.

Piratak sortu zirenean, 2003an, oso jende gutxi biltzen zen, baina kopurua handituz joan da urtez urte. Zer balorazio egiten duzue horren inguruan?

B. E: Horrek oso garbi erakusten du Donostian gabezia handi bat zegoela jaien inguruan; jaiak ikuskizun hutsa ziren. Piratok jai parte hartzaileak antolatu nahi genituen; nahita edo zoriz, asmatu egin genuen formatuarekin, eta emaitza paregabea lortuz.

M. M: Antolakuntza aldatu behar izan dugu, baina gure balorazioa oso positiboa da; inoiz ez genuen pentsatu hainbeste jende ariko zela, ez bakarrik parte hartzen, baita jaien alde lanean ere.

Jende kopuruaren gorakada horrek ba al du alde negatiborik?

B. E: Antolakuntza lana zailtzen du, baina beharrezkoa da, eta polita. Gure helburua donostiar guztiak pirata izatea da; orduan izango da Aste Nagusia guztiona.

M. M: Ez da erraza parte hartzea bermatuz hainbeste jende ezberdinengana iristea, baina, esan dugun moduan, beharrezkoa da.

Piraten mugimendua jai eredu alternatibo bat aldarrikatuz sortu zen, baina azken urteotan gero eta harreman estuagoak ditu udalarekin. Zer adierazten du horrek?

B. E: Ordura arte ez zegoen jai eredu bat sortu nahi izan genuen piratek, gabezia bat betetzearren. Udalak ere ikusi zuen atzean lanketa bat zegoela, eta elkarrekin gabezia hori betez joan gara. Guretzat, hau ez da alternatiba bat: jai ereduak horrelakoa izan behar du, eta instituzio ofizialek ontzat hartzen badute, ongi etorriak izango dira.

Esan al daiteke piratak gero eta publiko zabalago batentzat ari direla?

B. E: Piratok beti saiatzen gara ahalik eta ikuspegi zabalena edukitzen, baina beti da oso aberasgarria kontuan hartu ez dugun hori guregana etortzen denean; eta kofradien sistemarekin, geroz eta gehiago etortzen da.

M. M: Azken urteotan, gero eta jende gehiago hurbiltzen zaie piratei; hor dago gakoa.

Kofradiek zer ekarri diote mugimenduari?

B. E: Alde batetik, erabakigunea zabaltzea. Azkenean, kritikatu izan dugun funtzionamendu batean erortzen ari ginen; gutxi batzuek erabakitzen genuen nolakoa izango zen Aste Nagusia. Bestetik, parte hartzea erraztu du: jendeak, bere intereseko gaiak lantzen dituen kofradia identifikatu, eta haiengana jotzen du.

M. M: Eta mugimendua bera aberastu dute, guztiz.

Nola aldatu dira piratak 2003az geroztik?

B. E: Gehienbat, donostiarrek piratekiko zuten ikuspegia aldatu da. Mugimenduaren atzean logika eta aldarria daudela ikusi dute, eta, gaur egun, piratek zilegitasun handia dute Donostian.

M. M: Asko masifikatu da. Lekuak txiki gelditu ziren, eta, beharrak eraginda, handituz joan gara. Urtez urte ikasi eta hobetu dugu.

Zer ekarri diote piratek Donostiako Aste Nagusiari?

M. M: Aste Nagusi hil bat piztu genuen, eta bizitasun handia eman genion.

Zein da urte guztian duzuen planteamendua?

B.E: Azken urteotan, antolakuntza eredu berria diseinatzeak denbora asko kendu digu.

M. M: Aste Nagusitik haratago ere mugimendua presente egon dadin nahi dugu; bestelako jaietara iritsi nahi dugu, baina udako lan kargarekin zaila izaten da.

Aste Nagusiari begira, berrikuntzarik izango al da?

B. E: Bai. Kofradia gehiago gara orain, eta bakoitzak bere egitarautxoa izango du. Aurten, ia lehen aldiz, egitarauak aldi berekoak izango dira, eta aukeratu ahal izango da.

Zeintzuk dira etorkizunera begira piratek dauzkazuen proiektuak?

B. E: Epe luzera, Aste Nagusia geografikoki zabaldu nahi dugu. Gure helburuetako bat Donostia guztia abordatzea da.

M. M: Eta horretarako beharrezkoa da, kofradiak indartzea, egonkortzea eta jendearen nahiei eta beharrei erantzuteko berriak sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.