Euskal Herriko txoko eta taberna zulo ugaritan entzun daitekeen hitza da enbido. Hitz horrek sor ditzakeen erantzunak ere aski ezagunak dira askorentzat: «enbido gehiago», «hordago»... Euskal jokoa izaki, musak sustrai sendoak ditu Euskal Herrian, eta herri askotan jokatu ohi dira ligaxka eta txapelketak.
Herriz herri jokatutako partidak oinarritzat hartu, eta Euskal Herriko mus txapelketa ehuntzen hasi zen Euskal Herriko Mus Federazioa 2009an. «Lehenago ere egiten ziren txapelketak. Iparra Hegoa elkarteak Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzen zuen, baina ez zuen Euskal Herri osoa hartzen, Orreaga Fundazioak Nafarroako mus txapelketa antolatzen zuelako». Raul Gartzia federazioko kide da, Arabako partaidea. Bosgarren aldiz antolatuko dute aurten zazpi herrialdeetako muslariak bilduko dituen nazio txapelketa. Urtetik urtera, parte hartzaile kopuruak gora besterik ez du egin; aurtengo txapelketan, 2.250 bikote aritu ziren nor baino nor gehiago. «2013koan kopuru hori gainditzea espero dugu».
Euskal Herriko lau izkinatatik etorritako 300 lagun baino gehiago bildu ohi dira finalean. Izan ere, Euskal Herri osoa kontuan hartzen duen horrelako txapelketa gutxi daude, eta horren garrantzia azpimarratu du Gartziak. «Hori da politena. Erriberatik Baionarainoko jendea biltzen da, denak jai giroan». Toki askotako jendea karta jokoaren bidez elkar ezagutzeko aukera eskaintzen du txapelketak. «Nazio bat garela irudikatzeko. Parte hartzaileez gain, autobus asko antolatzen dituztetxapelketa ikustera joateko». Agurainen (Araba) izango da hurrengo finala, martxoaren 9an.
Txapelketaren oinarria herriz herriko kanporaketak dira. Euskal Herri osoko 250 herrik baino gehiagok parte hartu ohi dute. 2013ko txapelketarako lehenengo kanporaketak hasi dira jada, etaurtarrilaren 31 arte luzatuko dira. «Edozein herritan joka daitezke kanporaketak. Baldintza bakarra da gutxienez lau bikotek parte hartu behar dutela. Lau bikote biltzen ez duten herrietako muslariak ondoko herrietara joan daitezke», dio Gartziak.
Tokian tokiko ohiturak errespetatzearen aldekoa da federazioa, eta herri edo auzo bakoitzeko arau eta ohituren arabera jokatzen dira kanporaketak. Herri elkarteek eta herriko muslariek beraiek antolatzen dituzte sailkatze probak.
Herri bakoitzeko bikote kopuruaren arabera, hainbat bikote sailkatuko dira hurrengo faserako, herrialdeko txapelketetarako. «Herrialdeko txapelketak federazioak antolatzen ditu, eta lau erregetara jokatzen dira, nazio finalaren antzera». Eztabaida luze baten ondoren adostu zuten lau erregetara jokatzeko araua ezartzea. «Zerbait adostu beharra geneukan».
Gartziaren arabera, txapelketak dituen hainbat fasetan aurrera egiteko aukerak egiten du erakargarri. «Herriko beste txapelketetan, lehiaketa bukatu, sariak banatu eta bukatu egiten da».Euskal Herriko mus txapelketan, ordea, kanporaketetan aurrera egin ahala faseetan aurrera egiten dute bikoteek, nazio finalera iritsi arte. «Batzuen ohitura falta ere sumatzen dugu, batzuetan ez baitaude kanporaketak jokatzeko beste herrietara joateko prest».
Mus txapelketa ororen antzera, Euskal Herrikoan ere sariak badaude irabazleentzat, eta ez edonolakoak, gainera. «50.000 eurotik gora banatzen ditugu». 2013ko txapeldunek 3.000 euro eta Karibera joateko lau lagunentzako bidaia irabaziko dute. Bigarren saikatutako bikoteak, berriz, 1.500 euro eskudirutan eta Kanaria uharteetara (Espainia) bi laguntzako bidaia. Hirugarrenak, 750 euro eta asteburuko egonaldia eskuratuko du. «Nola ez, horrez gain txapelak ere banatuko ditugu».
Euskal Herriko mus federazioaren webgunean karta jokoari buruzko erreferentzia historikoak topa daitezke. Mus jokoaren lehengo aipamena Manuel Larramendi jesuitak egin zuen 1754an, hiru hizkuntzako hiztegian.
Arerio estatubatuarra
Azken boladan musak arerio indartsu batekin egin du topo, eta lekua kentzen hasia zaio: pokerra. «Gasteizeko auzo batzuetan musa jokatzeko karta jokoak ere ez dauzkate; pokerrean ibiltzen dira».
Telebista eta Internet jotzen ditu erruduntzat Gartziak. AEBetatik etorritako jokoak moda antzeko bat piztu du azken urteetan, eta lehenago musean aritzen ziren gazte askok kartak aldatu dituzte, eta pokerrean hasi dira. «Pena da, euskal joko ezagunena baita musa, gure joko nagusia».
Herria hordagoka ehuntzen
Hasiak dira 2013ko Euskal Herriko mus txapelketako lehenengo kanporaketak jokatzen. 250 bat herrik parte hartuko dute. Martxoaren 9an izango da finala, Agurainen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu