Herria zatitu dezakeen orena

Bihar goizaldean aldatuko beharko da orena. Nahiz eta Europako Parlamentuak 2019az geroztik onartua duen gehiago ez aldatzeko direktiba, oraino ez da pikoan.

Ainize Madariaga
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bihar goizaldean egitekoa da tenore aldaketa bertze behin ere. Hala, ordularien orratzak oren batez gibelatu beharko dira: goizaldeko 03:00etan 02:00ak izanen dira. Alta, noiz arte ukanen ditu Euskal Herriak urtean bi oren? Eta segituko dua Euskal Herriak oren bat eta bakarra ukaiten herri osoan?

Tiki-taka, tiki-taka beti-bateko hotsa deboilatu beharko da gaur eta bihar artean, denboraren kurritzean ere eskua sartzen baitu gizakiak. Hala, oren bateko loa irabaziko dute euskal herritarrek, eta neguko tenorera jauzi egin.

Aspalditik milioika herritarrek urtero eta naturaltasunez egiten duten ordu aldaketa horrek non du funtsa? Argindarra aurrezteko xedez onartu zuen direktiba Europako Parlamentuak, eguzki oren bat irabazteko.

Haatik, badirudi mugatua dela energia aurrezte hori, eta, gainera, osagarriari kalte ere egiten diola. Hartara, ordu aldaketa hori dudan ezarria da gero eta gehiago.

Europako aditu talde baten ikerketaren arabera, oren aldaketa hori kendu beharra da, eta proposatu berri du nola egin daitekeen. Hala dio Barcelona Time Use Iniciative For A Healthy Society taldeak karrikaratu duen txostenak: «Gure ordu estandarra eguzki orduarekin lerrokatzeak onurak ditu, eta bi oren horiek lerrokatuak ez izateak kalteak ekartzen ditu osagarrian, ekonomian, hezkuntzan eta segurtasunean; horrek guziak bultzatzen du Europan eguzki orenetik ahal den hurbilen diren behin betiko oren tarteak ezartzera».

Talde horrek proposatzen duena da, beraz, Europa bortz oren tarteetan zatikatzea, betiere eguzki orenari ahal bezain hurran egonez, eta, bistan dena, orena gehiago aldatu behar izan gabe.

Osasunarentzat hobea

Oraingo moldeak herritarren osagarriari dakarzkion kalteak aitzinera ezarri ditu zientzialarien txosten horrek: «Ikuspegi mediko eta kronobiologikotik, hobe da giza osasunerako, osasun mental eta fisikorako, ikasteko eta lanean aritzeko, eta zaintzarako, ordu estandarra eguzki orduarekin lerrokatua izatea, eta, ondorioz, jendearen erloju biologikoarekin (zirkadianoarekin)». Alta, badirudi afera oraino ez dela arras pikoan.

2018an hasi zen Europako Parlamentua gaia lantzen, eta Europako Batzordeari galdegin zion galdetegi bat presta zezala jakiteko estatu kideek segitu nahi zutenetz edo ez oren aldaketarekin. Jakin behar da 1998az geroztik orena aldatzeko datak harmonizatuak direla Europako Batasunean.

Alabaina, 2019ko udako galdetegiak erakutsi zuen gehiengo zabalak ordu aldaketarik ez zuela haboro nahi: parte hartu zuten 4,6 milioi lagunetatik kasik %84k, hain xuxen ere. Ondorioz, Europako Batzordeak parlamentuari proposatu zion ordu aldaketari bukaera ematea.

Hala, parlamentuak ordua haboro ez aldatzeko direktiba onartu zuen 2019ko martxoan. Azpimarratzekoa da estatu bakoitzari zegokiola orduaren hautatzea: udakoa edo negukoa. Deliberoak aitzina egin izan balu, udako orena atxikitzea hautatu duten Europako Batasuneko kideek 2021eko martxoan zuketen azken aldaketa; neguko ordua hautatu dutenek, berriz, 2021eko urrian.

2021etik aitzina zen indarrean ezartzekoa orenaren gaineko erreforma Europako Batasunean; alta, COVID-19aren agertzeak eta Ukrainako gerlak arrunt izoztu dute prozedura, testua ez baitute berrikusi geroztik.

Europako Parlamentuak onarturiko direktiba hori plantan ezarriko balitz, ikusi beharko litzateke nola: neguko edo udako orena hautatu duten estatuen artean, hots. Badirudi europarren %56k udako behin betiko tenorearen alde eginen luketela. Dena den, Eskandinaviako estatuek neguko behin betiko tenorearen alde egiten dute.

Bertzalde, indarrean den sistemak ordu unibertsal koordinatuaren arabera (GMT) zatikatuak ditu Europako Batasuneko 27 estatuak: GMT, GMT+1 eta GMT+2. Euskal Herria, konparazione, GMT+1 edo Europa Erdialdeko ordutegi zatian sartzen da orain; udan, ordea, GMT+2 bilakatzen da. GMT horrek batez bertzeko eguzki tenorea islatzen du. Arestian aipatu adituen trantsizio proposamena, hain xuxen, ordu naturalen zatiketa horretan oinarritzen da, infografian ikusten den bezala.

Haien arabera, Espainiako eta Frantziako estatuek —Belgika, Luxenburgo, Herbehereak eta Irlandarekin batera- beharko lukete, lehenik, orena aldatzeari utzi, eta, bigarrenik, Mendebaldeko Europako ordua (GMT+0) ezarri, Erdialdeko Europako ordu estandarraren (GMT+1) ordez. Direktiba martxan jarriko balitz, adituek trantsiziorako bi proposamen egin dituzte: beha egotea udako ordutegira pasatu arte, eta hartan gelditzea negukora aldatu gabe; edo bi fase horiez bat egitea kolpean: udako ordura arte esperoan egon gabe, zuzenean oren bat kentzea, betiere batez bertzeko eguzki tenorearekin bat eginez.

Oraino, oren faxista

Francisco Franco diktadoreak Espainiako orena moldatu zuen 1940an, Alemania naziaren eta Italia faxistaren orduarekin bat egiteko. Frantzia okupatuak ere hala egin zuen urte berean, eta, geroago, estatu osora zabaldu. Udako eta neguko oren aldaketa, berriz, 1975ean ezarri zuen Frantziako Estatuak, 1973-1974ko petrolio krisiak eraginik: argindarra aurrezteko. Orduz geroztik, GMT+1 ordutegian gelditu dira bi estatuak.

Horiek hala, ikustekoa da estatuek zer deliberatzen duten: Espainia GMTra itzuliko balitz baina Frantzia ez, Euskal Herriak bi oren edukiko lituzke: Hego Euskal Herrian GMT eta Ipar Euskal Herrian, berriz, GMT+1. Dena den, oraino deus ez dago erabakirik, eta badirudi 2026ra arte bederen oraingo molde berak segituko duela.

Nahiz eta munduko hirurogei bat estatuk oren aldaketa aplikatzen duten, hainbatek ez dute egiten: hala nola,Tunisiak, Egiptok, Islandiak, Armeniak eta Ukrainak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.