Pasai Donibanek (Gipuzkoa) Ameriketako edo «Abya Yala» osoko ahotsak eta erritmoak hartuko ditu datozen egunetan, Gora Herriak - Jatorrizko Herriak jaialdiaren barruan. Abya Yala zer den ezagutaraztea izango da jaialdiaren ardatza: Ameriketako jatorrizko herriek beren lurraldeari ematen dioten izenetik abiatuta, kultur aniztasuna eta memoria kolektiboa ospatzeko gune izango da Pasai Donibane.
Bixi Bixi elkarteak antolatutako egitasmoak jatorrizko herrien borrokak, hizkuntzak, jakintzak eta sorkuntzak ekarriko ditu herriko kale eta aretoetara, maiatzaren 22tik ekainaren 7ra bitartean. Hitzaldiak, ikastaroak, bertso saioak, kalejirak, herri bazkariak eta musika emanaldiak bilduko ditu egitarauak, eta, koloreak eta mezuak uztartuta, herri aniztasunaren eta erresistentziaren aldeko aldarria egingo dute.
Abya Yala izena Panama eta Kolonbiako herri indigenek erabili zuten Ameriketako kontinenteari izena emateko, Kristobal Kolon iritsi baino lehen. Denboraren poderioz, beste herri askok ere euren egin dute izen hori; maiek, kasurako. Gaur egun, herri indigenen ordezkari ugarik erabiltzen dute, Amerika, Mundu Berria eta halako izenen ordez. Abya Yalak, interpretazioaren arabera, «lur heldua», «lur bizia» edo «loratzen ari den lurra» esan nahi du. Kontzeptu hori, ordea, ez da izen soila; esanahi sakonagoa du. Ez da termino geografiko hutsa, jarrera ideologiko eta politiko bati lotuta dago: izen hori erabiltzea modu bat da Europako kolonizatzaileen ikuspegiari aurre egiteko, eta kontinente osoan bizirik iraun duten herri indigenen identitatea, ikuspegia eta duintasuna agerrarazten ditu.
Egitarau betea
Ekintzaz bete dute egutegia, eta datozen egunetan hitzaldiak izango dira Pasai Donibaneko Kultur Aterpean. Gaur, 19:00etan, Jon Sarasuak eta Yuma Forero antropologoak Abya Yala: aniztasuna eta erresistentzia gaia izango dute hizpide. Hilaren 27an, berriz, Nasa eta Maia herrietako hizkuntza biziberritzeko prozesuak eta emakumeen lidergo komunitarioa jorratuko dira.
Beste hainbat hitzaldi-hizketaldi izango dira tartean. Hilaren 31n, berriz, hitza eta musika uztartuko dituen Kontu Kantari saioa egingo dute Juanba Berasategi aretoan. Ekainaren 4an, Cira Crespo historialaria eta Celeste Aguero kantari eta aktibista izango dira hizlari, deskolonizazioari eta gorputzen borrokari buruz hausnartzeko.
Jaialdiko ekitaldirik jendetsuenak ekainaren 6ko kontzertua eta ekainaren 7ko azken jai handia izango dira —Meipi gunean egingo dira—. Hilaren 6an, ostiral gauean, Olloki eta Ingot musika taldeek girotuko dute gaua, eta larunbateko egun osoko egitarauak askotariko kultur adierazpenak bilduko ditu: inauteri tradizionalak, folklore erakustaldiak, herri bazkaria, eta dantza eta musika ikuskizunak. Arratsaldean egingo dute ekitaldi nagusia, eta eguna Hija del Nopal DJaren saioarekin amaituko da, «Abya Yala osoko» musikaren erritmoan.
Gora Herriak ez da soilik ospakizun bat: aldarrikapen politiko eta kulturalerako esparru bat ere bada. Urtero legez, mundu osoan baztertuak izan diren herrien jakinduria eta iraupena goraipatzen ditu, eta ikuspegi dekolonial batetik abiatuz eraikitzen du elkartasuna. Aurten, jaialdiak zubi bat eraiki nahi du «Abya Yala» ardatz hartuta, elkarrizketa eta elkarrekikotasuna oinarri hartuta.