Herriari kantatzen dio bardoak

Gaur egingo dute Gartxot Eguna Itzaltzun.Gartxot bardoaren kondaira gogora ekartzea da xedea.Bisitan joango dira Gartxoten presondegi izandako Elkorretako kobazulora

Bi egunetan hainbat ekitaldi egingo dituzte, baita haurrentzat ere. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herriaren istorioak, pasadizoak eta agintariek aditu nahi ez zituztenak kontatzen zituzten bardoek, bertso bidez, euskaraz. Itzaltzuko (Nafarroa) Gartxot izan zen bardo ezagunetariko bat. VII. mendean haren ahotsa entzuten zen Zaraitzuko ibarrean, hala dio behintzat kondairak. Zoritxarrez, Orreagako apezak Gartxoten seme Mikelot bahitu zuen, fraide bihurtu eta latinez kanta zezan. Semearen patu beltzarekin izuturik, akabatu egin zuen Gartxotek. Eta, horregatik, Elkorreta mendian eduki zuten preso. Gaur, omentzeko asmoz, Gartxot Eguna ospatuko dute Itzaltzun. Ekitaldiz bete dute antolatzaileek egitaraua; besteak beste, Elkorretarako irteera eta bertso saio berezia muntatu dituzte.

«Euskara sustatzea, Gartxoten kondaira zabaltzea eta auzolana bultzatzea». Horiek dira hiru helburuak, Maite Aranburu Gartxot Ekimeneko kideak azaldu duenez. Urtez urte antolatzen da festa, eta handitzen doa. Ez da kasualitatea. Izan ere, 1917an Arturo Campionek idatzitako Gartxot, Itzaltzuko bardoa oinarri hartuta, Gartxot, konkista aitzineko konkista pelikula plazaratu zuten 2011n. «Booma» izan zen filma, Aranbururen irudiko. Ordutik, «Euskal Herriko zazpi probintzietako jendea» joaten da Itzaltzura. Konkistaren eta erresistentziaren memoria da gorde nahi dutena.

Aurtengoa, urtero bezala, Gartxot Eguna deitu badute ere, bi eguneko hitzordua izango da. Dena dela, gaur izango dira ekintza nagusiak. Goizean goiz, Abodi mendiko Elkorreta portuan gora abiatuko dira bertaratutakoak. Kondairak dio bertako kobazulo batean kartzelatu zutela Gartxot. Haraino abiatuko dira herritarrak, behin gertatutakoaren lekukotza gertutik ikusteko. Ez da lan makala izan hara heltzeko bidea egokitzea. Gartxot Ekimeneko lanari esker izan da posible. «Urtez urte lana egin dugu, sastrakak kentzen, seinaleak ongi daudela ziurtatzen...». Eguraldi oso kaxkarra eginez gero, ordea, herrian geratuko dira txapa eta dantza tailerrak egiten umeekin.

Gero, herri bazkari autogestionatua izango dute, plazan. Eta, ostean, batzarra. Garrantzitsua da. «Urtearen errepasoa egingo dugu, eta aurrera begirako helburuak zehaztuko ditugu». Kanpotik etorritakoen ideiekin elikatu nahi dute proiektua.

Arratsalderako antolatu dute eguneko ekitaldi handia: bertso saio berezia. Dani Fano eta Asisko Urmeneta marrazkilariak, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga bertsolariak eta Ixiar Orexa eta Aitor Furundarena musikariak izango dira. Egunerako propio prestatutako ikuskizuna taularatuko dute. Gainera, badu berezitasun bat ekitaldiak. Ez da Gartxoten sorterrian izango, gainontzeko guztiak bezala, Ezkarotzen (Nafarroa) baizik. Hala bestelako ikus-entzuleak joatea espero dute.

Amaitzeko, Itzaltzura bueltatu, eta herri afaria egingo dute. «Oso jendetsua» izaten da urtez urte. «Aurreko urteko afarian 150 lagun inguru geunden; normalean, Itzaltzun, urtarrilean 25 gara!». Biztanle gutxi dituen eremua izanda, jendetzak daukan meritua azpimarratu du antolatzaileak. Aurten ere bide onetik doaz. Gaurko 170 lagunek eman dute izena. Musikak hartuko ditu kaleak gauean. Aurrena Gathubi erromeria taldea igoko da oholtzara, eta, gero, Xutik taldea.

Gartxot, hilero presente

Igandean ere izango dute zer ikusi eta gozatua. Joaldun eta txistulariek ernatuko dute herria. Geroago, Popi, Pipo eta Zarratrako pailazoen txanda izango da, umeen gozamenerako. Baina ez da goiza soilik haurrentzat izango; helduek ere izango dute zer egitekorik: 13:00ean, Ligetx koblakaria liburua aurkeztuko dute. Eta, eguerdian, herri bazkaria izango dute bihar ere. 16:30ean, haurrek Gathubi taldearekin ikasitako euskal dantzen erakustaldia eginen dute, eta 17:30ean bukatuko da egitaraua.

Gartxot Eguna bera da Gartxot Ekimeneko kideek sortzen duten arrakastatsuena; haatik, egiten dute lana urte osoan, bardoen memoriak bizirik jarrai dezan. 2014an antolatutakoak ditu akorduan Aranburuk. «Nafarroako Bardoak bertso ekimeneko saio bat antolatu genuen Otsagabian; hiru auzolan egin genituen; ekainean, uda mugako festa egin genuen; eta abuztuan, Mikelot Eguna». Anitz dute egina.

Ez da kasualitatea pertsonaia hori aukeratu izana. Ezabatu nahi izan zuten euskal kulturaren ordezkaritzat dute, inposizioaren biktimatzat. Horren adierazle da Benito Lertxundik 1981ean ateratako Altabizkar Itzaltzuko bardoari diskoa; bertan, Itzaltzuko bardoa kantan, argi uzten du abeslariak Gartxoten garrantzi politikoa: «[...] Hik Gartxot ez huen Abraham baten ohorerik eta Mikelot euskal epikaren erresinola lurrari eskaini behar izan hioken opari. Atzerriko latin zaleen uztarpean biraozko hizkuntza basatiaz kantatzea ez baitzen zilegi». Ezin dela ahantzi dio Aranburuk: «Jendeak ezagutu behar du gure historia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.