Herriko haur bakarra

Hogeita bi urte ziren Mezkiritzen (Nafarroa) haurrik jaiotzen ez zela, baina urriaren 5ean Enara Zia sortu zen, eta harekin bukatu da umerik gabeko urteen kontaketa.

Inigo Astiz
Mezkiritz
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Heldu da notizia: haur bat jaio da Mezkiritzen (Nafarroa). Ez da mirakulu bat, ziur aski, baina bai albiste. Hogeita bi urte dira, izan ere, Erroibarko herri horretan halakorik gertatzen ez zela, eta hedatu egin da umearen jaiotzaren berria. Urriaren 5ean jaio zen Enara, eta mundu osoan izan du haren izenak oihartzuna geroztik. Herrian bertan, Euskal Herrian, eta baita, besteak beste, Espainian, Argentinan eta Ekuadorren ere. Hango eta hemengo telebista, egunkari eta irratietan aipatu dute haren izena, eta oraindik bi hilabete bete gabe dituen arren, herriko izarra da jadanik Enara.

«Harrituta gaude izan duen hedapenarekin, baina hala suertatu da», dio Xabi Ziak, Enararen aitak. «Hogeita bi urte daramagu herrian bertako haurrik ikusi gabe. Asteburuetan etortzen den bikoteren batek edo bertzek izan du haurrik denbora tarte horretan, baina herrian bizi garenon artean ez da izan umerik. Enara da aspaldiko lehena».

Zaintzarik eta arretarik ez du falta izan Amaia Murillok, amak; ezta Enarak ere, herritarrik famatuena izateaz gainera, herritarren artean kutunena eta desiratuena izan da. Honela dio aitak: «Haurdun zegoenean ere herri guztia aritzen zitzaion galdezka Amaiari, mutila edo neska zen jakin nahian, noiz jaioko zen galdezka... Gainean izan du herria haurdun gelditu zen unetik aurrera, eta oparirik ere ez zaio falta orain umeari, bizilagun guztiek eman digute-eta zerbait». Horregatik, txokolate jana antolatu zuten Enararen gurasoek herriko elkartean, herritarrei esker ona adierazteko.

«Haur aunitz eta gari guti»

Kasu bakana da Mezkirizkoa, Ziak dioenez. Inguruan den gisako bakarra. «Ondoko herrietan izan dira umeak. Bizkarreta-Gerendiainen badira hogei bat gazte hemezortzi urte baino gutxiagokoak, eta Aurizberrin ere, izango dira hogei baino gehiago. Baina hemen ez da bakar bat ere izan. Bikote gazterik ez da izan herrian, eta haurrik gabe gelditu gara urte hauetan guztietan».

Ez zen beti hala izan. Garai batean, umez betetako herria zen Mezkiritz. Hori da, behintzat, Ziak amari entzun diona. «Hamalau urtera arte joaten ziren eskolara nire amaren garaian umeak, eta hark erran izan didanez, 55 bat ume joaten ziren herriko eskolara. Denak bertakoak. Bost edo sei jaiotzen ziren orduan urtero, eta inguru honetan umerik gehien zuen herria izango zen». Ez da Ziaren amaren hitza bakarrik, hor daude froga gisa jaiotza agiriak eta baita esaera zahar bat ere: «Mezkiritz, haur aunitz eta gari guti». «Baina ikusten duzu urteekin nola aldatu den dena», dio Ziak.

«Garai batean jendetza biltzen zen herriko festetara, eta hiru taberna ere baziren. Orain, ordea, 80 bat biztanle izango gara herrian». Iruñera joan da jende asko urte hauetan, lurrak utzi, eta fabriketan lan egitera, eta horrek eragin du aldaketa neurri handi batean, Ziak azaltzen duenez.

Enara heldu arte, 22 urteko Iosu Dufur zen mezkiriztarrik gazteena. Heldu izan arren, herriko azken haurra. Hogeita bi urteko aldea ateratzen dio, beraz, herriko gazteena zenak orain herriko gazteena denari. «Ez dut uste hurrengo umea jaio arte beste hogeita bi urte pasatuko direnik», dio Ziak, «baina ez da aise izango herrian askoz haur gehiago jaiotzea. Bikote gazte askorik ere ez dago herrian. Baina ikusi egin behar ea norbait animatzen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.