Bidaia luze baten ostean, leku eta espaziotik haratago, hodeiek utzitako zirrikituetatik ahaztutako mundu misteriotsua daukagu zain. Oihana horizonteraino heltzen da, eta barruan lau mila metrotik gora ezkutatzen diren mendiak zelatan badaude ere, gure azpian mila metrotan eta laurogei kilometroko lautada handi batean Balieneko harana zabaltzen da. 1938. urtean aurkitu omen zuten, baina 1955. urtera arte ez ziren heldu Balienera lehenengo misiolariak. Haranaren erdian Indonesiako armadako kuartela dago, eta misiolarien hainbat kongregazio. Bat-batean kondaira errealitate bihurtu da. Hegazkinaren pilotuak maniobrak egin ditu lurreratzeko, guk bitartean pistaren ertzean gizaki multzo bat antzeman dugu. Indonesiar batzuk senideak edota dena delakoak ikustera etorri dira; tartean emakumezko batzuk, titiak begi bistan, eta zakila ezkutatzeko gizonezkoek erabiltzen duten kukurutxo itxurako lehenengo horim-ak (koteka) ikusi ditugu. Inoiz berrogei, berrogeita hamar zentimetro har ditzakete kukurutxoek. Orain dela gutxi arte, euren lastozko etxetxoen gainean igarotako hegazkinaren burrunbak ziztu bizian ipiniko zituen bertakoak, edota txerriak akabatuko zituzten zerutik etorritako zapaltzaileak ez lapurtzeko; baina orain ez dute hankarik egiten, ohituta daude soldaduak, misiolariak, irakasleak... ikusten. Modernismoa eta kultur primitiboak elkarren ondoan ikustea ikaragarria da, irudimenak bakarrik ematen du aukera egoera hori antzezteko, baina egoera hori benetakoa da, Wamenan gaude, zibilizatuek-edo zibilizatutako herrian. Aireportuko indonesiar langile batek zartailu batez indiar bat zigortu egin du inolako gupidarik gabe, eta gu bidegabekeriaren aurrean mutu gelditu gara. Kipenus, gure gida, zain dugu jendez inguratuta. Bertakoen hizkuntzan Kaixo! nola esaten den ikasi dugu: Nayak! Bera aurretik eta gu atzetik abiatu gara hotelera eta segituan jabetu gara dendariak, tabernariak... guztiak direla kanpotarrak. Kale nagusiko bazter guztiak Indonesiako banderez apainduta daude. Datorren astean abuztuaren 12a izango da eta Indonesiak bere independentzia lortu (1945) zueneko urteurrena ospatuko du; bertakoei ukatzen diena, hain zuzen ere.
WAMENAN BUELTAKA. Goizean goiz merkatua ikusi dugu. Merkatua oso leku egokia da tribu askotako jendea ikusteko, eta euren gainean zer edo zer gehiago jakiteko. 6 urte dituztela jartzen diete koteka umeei, eta 4 urte dituztela zuntzezko gona neskatxoei. Ez dakit txantxetan ez ote digun esan Kipenusek, baina koteka barruan kakahueteak, tabakoa... gordetzendituzte. Postu asko dago eta denetariko barazkiak dituzte. Oso bitxia da mandarinak bata bestearen gainean ikustea, dorre itxura hartuta. Haraneko bazter guztietatik datoz landatutakoa trukatzeko edo saltzeko. Postuetan barazkiez gain, arraina, tabakoa eta loreak daude; azken horiek oso kolore polita ematen diote azokari. Apurtxo bat geroago bertako batekin Jiwicara joan gara. Hemen momia bat dute eta oso gurtua da. Ez dakite ezer bere jatorriaz, ezta nor den ere. Gainera ez da oso zaharra; ehun bat urte omen ditu eta etxola batean daukate gordeta. Hala ere, ez dute inolako oztoporik ipintzen aire zabalera ateratzeko, baldin eta turistok txanpon batzuk ordaintzeko prest bagaude. Autora joatean bertako atso bat hurbildu da gugana eta eskuak erakutsi dizkigu. Esku batean lau hatz-mutur falta ditu; bestean bi. Umea zela moztu zizkioten harrizko aizkora batez. Aita edo neba hiltzean oso ohikoa ei da emakumeei atzamarrak moztea. Hiletak erritu konplexuak osatuta daude, eta gorpua erre egiten da sugarrek espiritua gora eraman dezaten. Hildakoaren gertuko familiar emakumeek gorputza buztinez estaltzen dute eta ezin izaten dute garbitu buztin geruza desegin arte. Gorpua erretzean hildakoaren alabari bi hatz-mutur mozten dizkiote; gero, hosto batean biltzen dituzte zatitxoak eta hildakoaren hezurrak eta errautsekin batera gordetzen dituzte leku jakin batean. Gizonezkoei belarri zati bat mozten diote, baina ez beti.
GORA ETA BEHERA, BALIEN HARANEAN. Hemen ez dago berotzeko betarik. Denbora laburrean bederatziehun metrotik mila eta bostehunera egingo dugu. Hemengoek ez dakite inguru-minguru ibiltzen. Hemen gora eta behera egiten du bideak. Aldats pikoetan makila eskuan emakumezkoak makur-makur eginda lanean ikustea ikaragarria da. Lurraren erraietan dagoen batata biltzen egoten dira. Bidean ikusitako jendea oso atsegina da. Ez dago agurtzen ez duenik. Erritual baten antzekoa da. Batzuetan hitzez adierazten dizute euren abegikortasuna: «Nayak!», gizonezkoa bada; «Lauk!», emakumezkoa. Besteetan keinuz: bekainak goratuz eta eskuak luzatuz. Emakumezkoek umetxoak arrelepo eramaten dituzte, eta haiek orekari eusteko amaren ileari tira egiten diote. Alabaina, jaioberriak bizkarrean zintzilikatutako sareetan daramatzate ezkutuan. Behin baino gehiagotan bidexka estuetan bertakoekin egiten dugu topo eta inoiz patata gozoak jateko eskaini dizkigute. Euren amekin zeuden neskatxoak gurekin etorri dira tarte batean abesten. Gero, bidean batutako orkideez -urdinak, zuriak- lore sorta bat egin dute, eta elkarri begiratu ostean eskuak ahoan ipini eta guri eman digute. Amek masailetan margotutako irribarrea guri zuzendu digute eta gure sentimenduen erdi-erdian pausatu da. Egokitutako lo-lekua bertan egondako misiolari baten etxola da. Euren etxetxoak oso bestelakoak dira; perretxiko baten antza dute lastozko etxolek. Ilundu aurretik Kipenusekin herrixka ikustera joan gara, eta ikasitako hitz bakarra loro batek bezala erabili dugu: «Nayak! Nayak!». Herrixka inguruan soroak zabaltzen dira eta bertan garia, patata gozoa... ereiten dituzte. Gizonezkoek lurren ardura dute, eta emakumezkoek txerriena eta uztarena hartzen dituzte. Oso laborari onak dira daniak eta oso laborantza arkaikoa egiten dute: mendi magaletako zuhaitzak moztu egiten dituzte gero sua emateko eta ereiteko. Kanpotik ekarritako lanabesak (palak, pikotxak...) noiz edo noiz erabiltzen badituzte ere, oraindik egurrezko makila erabiltzen dute lurra goldatzeko. Oso okela gutxi jaten dute, baina txerriak ikusten dira. Halarik ere, oso egoera berezietan sakrifikatzen dira. Zeremonietan eta horrelakoetan akabatzen dituzte hazitako urdeak. Klanaren aberastasuna txerri kopuruak adierazten du.
EGUNGO-ASPALDIKO BORROKAK. 1970. urte ingurura arte Papua Gineako tribu askok kanibalismoa praktikatzen zuten. Antropofagiak balio sinboliko handia zuen indiarren artean, hildakoaren memoria ondratu eta bere ausardia eta jakinduria bereganatzen zituzten. Gudan hildakoak jateko ohitura bazuten ere, ondoko herrixkako auzokideekin edo gertuko leinukoekin ez zuten borrokarik egiten; ezagunen aurpegia jateak zorte txarra ekartzen zuen, nonbait. Borrokek egun bat edo asteak iraun zezaketen; hori bai, lehia bertan behera gelditzen zen hildakoren bat edo zauritu larriren bat suertatzen baldin bazen borrokan, eta ez gure zibilizatuen munduan bezala, milaka pertsona hil behar bake itxura egiteko. Lehen lurrik gabekoak elkarren kontra borrokatzen ziren, baina aske bizi ziren. Egun, kanibalismoa eta leinuen arteko borrokak debekatuta daude, baina beste uhartetatik etorritakoek lurrak eta askatasuna kendu dizkiete. Gainera, bertako misiolariek galarazi egin diete injustiziari aurre egitea; bekatua da, antza. Halarik ere, Irian Jayako herriek ez dituzte onartzen euren jauntxo berriak. Mila bederatziehun eta hirurogeita hamar, laurogei bitartean Indonesiako armadak independentistaren aurka bultzatutako jazarpenak milaka hildako eragin zituen. Organisasi Papua Merdekak (Papuako Askatasun Mugimendua) izeneko taldeak borroka armatuaren alde egin du herria askatzeko. Papua Gineako mugatik gertu aritzen da independentista talde hau; batzuek geziak eta uztaiak erabiltzen omen dituzte armadaren kontra egiteko.
KONTU KONTARI, ZALANTZAK UGARI. Gaur eliza batean egingo dugu lo, ebanjelista eliza berezi batean. Gure gainean gurutzea, Indonesiako mapa eta lehendakariaren argazkia (Abdurrahman Wahid) ditugu. Dirudienez, orain arte behintzat, misiolariek ez dute arrakasta handirik lortu herrixka honetan, eta banaka batzuk baino ez dira etorri misio inguruko etxetxoetara bizi izatera. Bizkarzorroak bazter batean utzi eta kanpora joan gara. Aldamenean bi agure, Sam eta Amo, ikusi ditugu hanum tabakoa erretzen. Trukea egin dugu: guk Winston paketetik zigarro bana eman dizkiegu, eta eurek bertakotik hostoa. Zurrupada eman kanutoari, eta eztulka hasi gara. Dena den, egindako ahalegina merezi izan du, gure lepotik egindako barreak kultura honen inozentziak gauza asko erakutsi baitizkigu. Eurek, ordea, oso gustura erre dute gurea. Bertakoen musika entzuteko ere parada izan dugu: harpa jotzen aritu dira. Musika instrumentu bakarra da ahoko harparena danien artean eta klabe desberdin bitan egiten da: bata altua eta bestea grabea. Kanabera zatitxoari mutur batean sokatxo bat ipintzen zaio dardarazteko eta jotzailearen ahoko zuloan durundia sortzeko. Gero, gure txanda izan da, baina alferrik! Entzundako musika eguna bezala itzaliz joan da, baina erlijioaren gainean Sam eta Amoren zalantzak entzuteko beta ere izan dugu Kipenusek kontatuta. Samen anaia bataiatzaileen misio batean bizi da, eta ikustera joaten denean ezin izaten du erre, misiolari bataiatzaileek debekatzen baitiote. Alabaina, katolikoen misiora joaten bada, inork ez dio inoiz trabarik ipintzen. Elizako artzainak bere seme-alabak ditu, abade katolikoa ezin da ezkondu. Elizako artzainak arropa janzteko esaten dio Sami, abade katolikoak, ordea, ez janzteko. Nork du arrazoi? Bataiatzaileen jainkoak? Katolikoenak? Musulmanenak? Adbentistenak? Nori sinetsi behar zaio? Ezin dute elkar hartu, ala? Baina zer-nolako jainkoa da ideiak aldatzen dituena! Oraingoan guri egokitu zaigu barre haizea aurpegian marraztea.
Gero, Amoren txanda izan da; honek erabilitako tonua goibelagoa izan da. Orain dela asko, gaua sortu aurretik, gure arbasoek ez zuten lurrik landatzeko, ez zuten urik edateko, ez airerik arnasteko. Bogek, gure jainkoak, egindako bidegabekeria zuzentzeko Indiako Ozeanoko sumendiek sortutako irlarik handiena aukeratu zuen mendi handietan lurrik gabekoentzat haran bat egiteko. Bogek aihotza hartu eta mendikateari kolpe handi bat eman zion lurrik gabekook haran emankor bat izateko. Horregatik guk ez ditugu zerutik burdinazko txori batean etorritakoak maite, horiek ez dira Bogek bidalitakoak, horiek gure sinesmenak eta ohiturak aldatu nahi dituzte.
Agian, Somek eta Amok ez dute ikusiko, baina guk onena opa diogu herririk gabeko herriari, eta ea egunen batean «Irianarrak gara!» oihukatzen duten.
Herririk gabeko herria
1983. urtetik aurrera, Indonesiako Gobernuak transmigrazio programa bat bultzatu du gainpopulazioari aurre egiteko. Hori dela eta, hiru milioi pertsona baino gehiago uhartez aldatu dira. Gehienak, (Jaba, Bali...) gobernuak indarrez hartutako Papua Gineako mendebaldeak osatutako uhartearen erdira (Irian Jaya) joan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu