Euskal jaiak Zarautzen. Beñat Intxauspe Zubiaurre. Alproja antzerki taldeko kidea

«Herritar desberdinek proiektu bera aurrera eramatea da helburua»

'Zarautz 2016: Kultur herriburua' lelopean, antzerkia egingo dute Zarauzko Alproja antzerki taldeko kideek bihar. Zarautz kultur hiriburu moduan nolakoa izango litzatekeen irudikatuko dute.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Bihar Zarautzen (Gipuzkoa) ospatuko den Euskal Jai Egunerako hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Herriko Alproja antzerki taldea arduratuko da eguerdian umorea jartzeaz, Zarautz 2016: Kulturherriburua emanaldiarekin.

Beñat Intxauspe Zubiaurre (Zarautz, 1990) antzerki taldeko partaideetako bat da, eta azpimarratu du herrian umorea jartzea dela emanaldiaren helburu nagusia.

Bihar da emanaldia. Dena prest?

Ekaina eta uztaila entseguz beteak izan dugu. Abuztuaren azken astean heldu genion berriro antzerkiari, eta, ordutik, errepasatzen jardun dugu. Prest eduki beharko, bai.

Zarautz 2016: Kultur herriburua da emanaldiaren izena. Aurrerapenik egiterik bai?

Donostia 2016ko kultur hiriburua izatearen parodia bat da, eta Zarautz kultur herri bat nola izango litzatekeen irudikatuko dugu. Horretarako, umorea erabiliko dugu.

Eta zer espero duzue?

Beti bezainbeste jende etortzea espero dugu. Normalean, 2.000 lagun inguru etortzen dira. Jai eguna izanda, gainera, uste dugu jende asko etorriko dela.

Emanaldi parte hartzailea al da?

Ez. Galdera erretorikoak egiten ditugu, eta txalo egiteko eskatzen diegu. Publikoa, parte hartzera baino gehiago, jasotzera etortzen da.

Ez da Euskal Jai Egunean antzeztuko duzuen lehenengo aldia.

1978an hasi ziren Alproja taldekoak egun horretan emanaldi bat egiten. Herrian, antzerki taldea eta dantza taldeak zeuden. Horiek batu, eta, antzerkia eta dantza uztartuz, gauza orokorra eskaintzen hasi ziren. Lehen, emanaldia bi zatitan banatzen zuten: emanaldi erdia dantza eta beste erdia antzerkia. Gaur egun, denbora gehien antzerkiak hartzen du, eta, amaieran, dantza bat egiten da.

Kritikarako tartea ere hartuko duzue, urtero legez.

Urtero, udalari kritika egiten diogu, dagoen alderdi politikoa dagoela. Udalak gaizki egiten dituen gauzak jorratzen ditugu antzerkian. Xedea jendeak hausnartzea eta ondo pasatzea da. Gure betiko osagaiak dira umorea eta kritika. Herrian eta munduan gertatu diren kontuak islatzen ditugu urtero.

Zer adinetako jendea zaudete taldean?

Aktoreek gutxienez 14 urte edukitzea eskatzen dugu. Adin horretatik hasi eta erretiratuetaraino, denetarik dago. Umeak etortzen dira, baina euren gurasoekin. Guztira, 60 aktore inguru gara, eta denok herritarrak gara.

Irabazirik gabeko taldea zarete.

Irabazirik ez daukagu, ez. Ondo pasatzea da gure helburua. Herritar desberdinek proiektu bera aurrera eramatea da helburua. Ez dugu besterik nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.