Gasteizko jaiak

Herritarrak «aske» senti daitezen bota dute aurten ere suziria gaztetxean

Txupinazo alternatiboarekin eman die hasiera Gasteizko gaztetxeak Andre Maria Zuriaren jaiei. Giro herrikoia sortzea dute xede nagusi

Gasteizko jaietako gaztetxearen txupin alternatiboa, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
17:32, Gasteiz. Andre Maria Zuriaren jaiak hastear daude, eta txupinazo alternatiboa botatzeko prestatzen ari dira gaztetxea. Iaz bezala, Markel Oleaga gaztetxeko kideak emango die jaiei hasiera. «Bi urte daramatzat gaztetxean, baina pare bat aldiz besterik ez naiz joan udaleko txupinazoa ikustera», azaldu du. Ezagunen artean eta giro herrikoian askoz ere erosoago sentitzen da bera, eta hori eskaini nahi diete, hain zuzen, bertaratzen diren guztiei. «Herritik eta herriarentzat sortutako gune askea izatea nahi dugu».

Gasteizko Alde Zaharreko muinoan dago gaztetxea, eta askotariko jendea bildu du aurtengoan ere. Oraindik ez da gaua heldu, baina garagardo bana daramate eskuan gazte gehienek, eta technoak dantzatzera gonbidatzen ditu. «Hori da orain modan dagoena», aitortu du Oleagak. Ibon Olalde Markiegi da DJa, eta aurreratu du jaietan ez duela reggaeton musika jarriko: «Ez dut gustuko». Euskal Herriko taldeen punk-rocka nahiago du.

Hamabost minutu igaro, eta betetzen hasi da gaztetxeko patioa; gazteek ez ezik, umeekin dauden zenbait helduk ere nahiago dute bertako txupinazo alternatiboa. Bien bitartean, eta espazioari azken ukituak eman nahian, batetik bestera dabiltza Oleaga eta beste kide batzuk.

Abisurik gabeko txupinazoa

17:55 dira. Gaztetxeko teilatura igo dira bi gazte; jaietako zapiek aurpegiak estaltzen dizkiete. Telebista antenaren alboan jarri dira, koloretako panpina eskuetan dutela. Zeledonek bezala, euritakoa darama berak ere, baina LGTBI banderaren koloreez osatuta dago. «Orain botako dute, edo noiz?», galdetu du ikusleetako batek. Ironiaz eta barrez erantzun dio beste batek: «Bota, bota... Leiho horretatik ez dute askorik botako!».

Leiho batetik suziria bota du, orduan, Oleagak, inolako abisurik eman gabe. Musika ez dute gelditu, eta jendeak dantzan jarraitu du suziria bota bitartean. «Oso giro ona egongo da hemen, urtero bezala», ziurtatu du Olaldek. Izan ere, txupinazoa ez da eskainiko duten ekintza bakarra; astean zehar, doako kontzertuak ere antolatu dituzte. Genocidancers, Monarch eta Yahorake taldeak jotzera gonbidatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.