Inma Etxarri. Lekunberriko kultura teknikaria

«Herritarrei lana ekarri zien»

2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ayestaran hotelari buruzko pelikula eta liburua egiteko zereginean hainbat informazio biltzen lagundu du Inma Etxarri Lekunberriko kultura teknikariak. Oso ongi ezagutzen du herriko errealitatea. Ez alferrik, hogei urte daramatza kultura teknikari lanetan. Hotelak garai batean Lekunberriko eta Larraun ibarreko ekonomian berebiziko garrantzia izan zuela dio.

Zer eragin izan zuen hotelak herrian?

Betidanik izan du harreman estua Lekunberrirekin. Hotel handia da, eta herritarrek ospakizun handiak hor egin izan dituzte: ezkontzak, ekitaldi bereziak… Baina, mendeurrena dela eta, gehiago begiratzen hasi ginen, eta ezagutzen ez genuen hainbat informazio lortu ditugu. XX. mende hasieran Lekunberrin deus gutxi zegoen. Herritarrek etxea, baratzea eta bi animalia zituzten. Txirotasun handia zegoen. Hotelera jende asko etortzen zen, eta horrek herritarrei lana ekarri zien.

Sasoiko lanak sortzen ziren, beraz.

Adibidez, mendian egurra biltzen aritzen zena hotelarentzat aritzen zen biltzen, lau hilabetez lan egiten zuen, eta diru horrekin negua pasatzeko soldata txiki bat lortzen zuen. Berdin gertatzen zen andre garbitzaileekin. Hotela ireki eta hamarkada batzuetan garbigailurik ez zen izan, eta hamar bat emakume horretara joaten ziren hotelera, arropa garbitzera, zabaltzera eta lisatzera. Zerbitzatzen ibiltzen ziren emakumeak gauza bera, lanera joaten ziren. Maiatzetik irailera arte etortzen ziren udatiar asko, eta herritarren etxeko ekonomian bultzada handia izan zuen.

Eskualdeko ekonomiaren motorra izan zela esan daiteke?

Bai, bai. Herriko jende askok lan egin du hotelean, eta baserritarrek euren produktuak saltzen zizkieten hoteleko jabeei udatiarrak etortzen zirenean. Hotelera jaisten ziren eta barazkiak, arrautzak, txerriak, oiloak… dena erosten zitzaien. Ez zegoen gaurko baliabiderik eta jende asko hotelarentzako aritzen zen lanean. Musika bandarekin ongietorria egiten zitzaien udatiarrei. Egun handia izaten zen haien etorrera.

Hotelak herriaren bizitza ere aldatuko zuen.

Bai, noski. Hotelak denden sorrera ekarri zuen eta Plazaolako trena ere hemen gelditzen zen. Horrek jende asko ekartzen zuen. Herriaren onerako izan zen. Gerra Zibilaren garaian lau hotel zeuden Lekunberrin. Ayestaranek ekarri zuen bultzada eta beste batzuk ere ireki zituzten haren arrimuan.

Euskarak zein leku izan zuen hotelean?

Euskarak ez zuen tokirik izan hotelean. Jabeak euskaldunak ziren, baina bezeroekin harremanetan ez zuten batere erabiltzen. Kanpoko jendea zen etortzen zena, eta horiek ez zekiten euskaraz.

Era askotako jendea pasatu da hoteletik, tartean ezagun asko.

Bai. Pelikularako bakarrik berrogei lagun elkarrizketatu zituzten. Maria Jesus Aiestaranek hoteleko erregistro liburuak eta argazki zaharrak gordeak zituen, eta horrekin zerbait egin nahi zuen. Nafarroako Unibertsitateko Publikoak eta Lekunberriko Udalak artxibo hori aztertzeko akordioa egin zuten, eta unibertsitateko bekadun batek egin zuen sailkatze lana. Nafarroaren historian nahiko ezezagunak ziren historiak aurkitu ziren, tartean II. Mundu Gerrako iheslarien eskutitz batzuk. Horregatik, bideoa ez eze, liburua ere egin da, argazki zahar asko ere badaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.