Xabi Alonso. 2011ko Urrezko Danborra

«Herritarren aitortza da sari pozgarriena»

San Sebastian bezperan bada ere, Donostiara etorri eta bertatik bertara jasoko du Urrezko Danborra Xabi Alonsok. Udaletxean emango diote hiriko ikur preziatua, 18:00etan.

Donostia
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Tolosan jaioa, Donostian hazia. Azken zazpi urteetan Liverpoolen eta Madrilen bizi izanagatik, gertuko lekuak ditu biak Xabi Alonsok. Bi herrietan ere, estimutan dute futbolaria. Gabon jaietan omenaldia egin zioten Tolosa jaioterrian; gaur, berriz, Urrezko Danborra jasoko du Donostian, hiriko ikur preziatuena. Ekitaldia udaletxeko areto nagusian izango da, 18:00etan.

Tolosa, Donostia…

Tira, bietatik dut zerbait. Jaiotzez tolosarra naiz, baina urte askoan bizi izan naiz Donostian. Egun Madrilen bizi naizen arren, Donostian dut etxebizitza.

Aitortzak eta omenaldiak, behintzat, bi herrietan jaso dituzu.

Tolosan Gabonetan omenaldi oso polita egin zidaten, maitasunez. Usabal kiroldegian haurrekin elkartu eta haiek egin zidaten harrera gogoratzen dut, batez ere; hunkigarria izan zen. Urrezko Danborra jasoko dut, ea nola ateratzen den eguna.

San Sebastian bezperan jasoko duzu. Zu izango zara halakorik egiten lehenena.

San Sebastian egunean Donostian egon nahi nuen nik, eta Urrezko Danborra egunean bertan jaso, baina futbol denboraldiak bere egutegia du, eta bezperan beharko du izan. Udaletxetik araudia zorrotz begiratu zuten, eta bezperan eman daitekeela ondorioztatu zuten. Irtenbiderik onena dela uste dut; hotza izango zen bideo-konferentzia bidezko harremana Donostiaren eta Madrilen artean.

Sari berezia al da Urrezko Danborra aitortu izana?

Esker hitzak baino ez ditut, eta harrotasun puntu bat ere bai. Urteetan pertsona oso garrantzitsuek jaso dute Urrezko Danborra, eta zerrenda horretan nire izena ikustea ohore handia da. Donostiar guztientzat eta nire alde egin dutenentzat esker oneko hitzak baino ez ditut; urteak kanpoan daramatzadan arren, herrian eta herritarren eskutik halako aitortza bat jasotzea da saririk pozgarriena.

Kanpoan bizitzeak bereziagoa egiten al du halako aitortza bat?

Zalantzarik gabe. Txikitatik danborrada bizi eta sentitzen duenak badaki zein garrantzitsua den Urrezko Danborra eta zein berezia den San Sebastian eguna. Jaso dudan saririk berezienetakoa da, oso garrantzitsua.

Jendeak estimutan zaituen adierazgarria bada behintzat.

Nirekin gogoratzen direla urteetan ikusi dut. Liverpoolera Gipuzkoa guztitik jende asko joan zen, eta Madrilera ere beste asko etorri dira. Etxetik urrun zaudenean asko eskertzen da.

Zuk zerorrek zer oroitzapen dituzu danborrada bertatik bertara bizi zenuen urteetatik?

Pare bat urtez atera nintzen haurren danborradan, Ekintza ikastolarekin; aizkoradun lehenengo, eta danborra joz, ondoren. Haurren danborradaz oso oroitzapen onak ditut. Adinean gora egin ahala, lehenengo parrandatxoak ere San Sebastian egunarekin eta Parte Zaharrarekin lotzen ditut, nahiz eta adinean gora egin ahala, eta futbola tarteko, beste modu batera bizitzen hasi nintzen festa.

Danborra edo barrila, zer nahiago duzu?

Ekintza ikastolarekin danborra jo nuela uste dut, eta etorkizunean, Donostiara itzultzen naizenean, barrila joko dudala uste dut.

Konstituzio plazan banderaren igoera ikustera joaten al zinen?

Lagun koadrilan joaten ginen, eta jendetzaren artean saiatzen ginen gure lekua egiten.

Zenbat urte dira ez duzula San Sebastian eguna Donostian ospatu?

Zazpi urte dira Reala utzi eta Liverpoolera joan nintzela; ordutik, ez naiz Donostian egon.

Liverpoolen ospatzen al zenuen?

Internet bidez jarraitzen nuen, telebistaz ikusterik ez nuelako. Familiarekin harremanetan jartzen nintzen, eta haiek gerturatzen zidaten hiriko giroa. Gerora, emaztearekin eta haurrekin lasaiago bizi izan ditut sansebastianak.

Bi seme-alabaren aita zara: Jon eta Ane. Haiek ere danborra jotzen hasi al dira?

Anek bederatzi hilabete ditu, baina Jon hasi da danborra eta makilak astintzen. 3 urte ditu, eta Donostiako Martxa zer den ez daki, baina ikasiko du, ziur. Herriko festak eta ohiturak transmitituko dizkiegu seme-alabei; santomasetan Donostian izan ginen, Olentzero etorri zen etxera, eta danborradaren berri ere izango dute. Gure sustraiak zeintzuk diren nabarmenduko diegu.

Madrilen bizita, euskaraz moldatzeko modurik ba al du Jonek?

Hitz solteak baino ez dakizki. Haurtzaindegian gaztelaniaz egiten diote, eta guk etxean euskaraz. Bi hizkuntzak jasoko ditu.

Bihar Real Madrilekin partida duzula aintzat hartuta, nekeza izan al da Donostiara etorri ahal izateko klubeko arduradunen baimena lortzea?

Kontrakoa, erraztasunak jarri dizkidate, bai presidenteak baita entrenatzaileak ere. Haiek ulertzen dute niretzat oso garrantzitsua dela Urrezko Danborra jasotzera Donostiara joatea, eta errazteko bidea egin dute.

Ez zara, gainera, Urrezko Danborra jasoko duen Real Madrileko lehenengo jokalaria; 1997an Alfredo di Stefanori eman zioten. Ba al zenuen horren berririk?

Badago lotura berezi hori, bai, eta jakinaren gainean nengoen. Gogoan dut Donostiara etortzen zenean nire etxetik ikusten nuela Di Stefano; Costa Vasca hotelera joaten zen, eta gu ondoan bizi ginen. Ez dut Urrezko Danborraren inguruan harekin hitz egiteko modurik izan.

Gaurko agenda estua duzu, ezta?

Zoritxarrez denbora gutxi egingo dut Donostian. Iritsi, saria jaso eta Madrilera itzuli behar dut. Ekitaldiaren berririk ez dut, ez dakit nondik joko duen; nahiago dut ezustea, gainera.

Danborra jotzeko modua baduzu gaur. Martxa jotzeko aukerarik izango al duzu bihar?

Egun osoa hotelean kontzentratuta pasako dut, Kopako partida 22:00etan dugulako. Internet bidez edo telebistaz ikusten saiatuko naiz, labur bada ere. Horixe izango dut eguneko harremana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.