Herritarrek beren barazkiak era autonomo eta ekologikoan ekoiztea. Etorkizun horretara iritsi nahi du Mikel Insausti Kutxa-Ekoguneko zuzendariak. Horregatik, Gipuzkoan baratze parke ekologiko baten sarea sortzeari ekin diote.
Ekoguneko arduraduren asmoa baratze horiei bizia ematea da, «aisialdi aktiborako topagune» bihurtzea. Hartara, sareko parkeak ez dira gune itxiak izango. Baratzeen jabeek ez ezik, edozein herritarrek izango du handik ibiltzeko aukera. Horregatik, parke itxura eman nahi diote; ez dute nahi baratzeen artean hausturarik, hesirik edo antzekorik ipini. Nahiz eta lursail bakoitza pertsona batek kudeatu, azkenean parkeak «batasun» itxura izango duela azaldu du Amalia Virto Kutxa-Ekoguneko Landa Garapen Jasangarriaren arduradunak.
Lezo eta Usurbil izango dira proiektua prest izango duten lehenengo bi herriak, dagoeneko dezente aurreratu baitituzte lurrak prest izateko lanak. Baratzeetako jabeak urtea amaitu aurretik hasiko dira landatzen produktuak. Lezon 64 lursail egokitu dira, eta Usurbilen, 57. Gutxi gorabehera, 30, 60 eta 90 metro koadroko baratzeak izango dira. Ekoguneak 60-70 mila euroko ekarpen ekonomikoa egin du herri bakoitzean.
Oiartzualdeko herriaren kasuan, udalak irekia du izena emateko epea. Izena eman nahi duten herritarrek www.lezo.net helbidean sartu behar dute, eta udaletxera joan behar dute erregistroan izena emateko. Baratzeen adjudikazioa zozketa bidez erabakiko dute. Usurbilen abenduan dute esleipena, eta herriko hainbat taldek lehentasuna izango dute.
Bi herri horien ondoren, Ekogunean bertan —Donostian— irekiko dute hurrengo baratze parkea. Hasi dira egokitzapen lanekin, baratzeak jarriko diren lurrak ontzen. Dena den, hurrengo udaberrira arte ez da prest egongo. Virtok azaldu duenez, San Isidro egunerako —maiatzaren 15erako— ireki nahi dute parkea, nekazarien eguna delako. 115 lursail egokituko dituzte, eta irizpideak guztiz zehaztuta ez badituzte ere, Donostialdeako herritarrek izango dute, ziurrenik, izena emateko aukera.
Interes handia sortu du Ekogunearen egitasmoak, eta dei asko jaso dituzte: proiektuaren inguruko informazio eske, izena emateko epeen eta irizpideen inguruan... Halere, itxaron egin beharko dute: urte hasieran irekiko da Ekoguneko baratzeetan izena emateko epea.
Gipuzkoako hemezortzi herri
Hiru baratze parke horiez gain, Gipuzkoako eskualde guztietako hainbat udalekin daude harremanetan Ekoguneko arduradunak: Alegia, Asteasu, Astigarraga, Azpeitia, Beasain, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Mendaro, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Zestoa eta Zegama dira herriok. Fase desberdinetan daude herriotako proiektuak: batzuekin, aurreproiektuan daude; besteekin, jada exekuzio proiektua aurreratua dute.
Normalean, udal bakoitzak jarriko du lur publikoa, eta Ekoguneak proiektua aurrera eramaten lagunduko dio. Diru ekarpenaz gain, aholkulari lanak egingo dituzte, «oinarrizko azpiegiturak» eskainita. Hortik aurrera proiektua nahi adina «aberastu» daitekeela azaldu du Insaustik. Egun duten aurrekontuaren arabera, «urtean lau herri» lagundu ahalko dituzte.
Sarearen dinamizazioa Ekogunearen esku egongo da; herrien arteko koordinazioa eramango du, eta pare bat teknikari izango ditu trebakuntza, ikastaroak eta aholkularitza emateko. Izan ere, nekazariak baratze ekologikoetan trebatzeko, erabiltzaile guztiek ikastaro bat jasoko dute hasieran.
Baratze parkeen sarean «ekologiak» eta «elikadura burujabetzak» izango duen garrantzia nabarmendu dituzte Virtok eta Insaustik. Proiektuaren giltzarri direla uste dute. Ekologismoarekin edukiko duten lotura estua erabiliko diren produktuetan antzeman daiteke. Ekogunean egingo diren baratzeetan, Lapatxeko konposta erabiltzen ari dira, eta Fraisorok bermatu du kalitatea. Usurbilen, adibidez, konpostatze fase bat baratzean bertan integratuko da.
Baratzeak eskuz ureztatuko dira, eta horretarako hainbat aska egongo dira baratze parke bakoitzean. Ura ez xahutzeko asmoz hartutako erabakia da. Horrez gain, aztertzen ari dira zein landare jarriko dituzten baratzeen ondoan, intsektu egokiak erakar ditzaten, izurrite posibleak saihesteko. Energia berriztagarriak erabiltzeari eta lekuan lekuko azpiegiturez baliatzeari garrantzia eman diote.
Gipuzkoan «hutsune» bat zegoela adierazi du Insaustik, beste herrialdeetan hasi direla antzeko proiektuak sortzen, baina lurraldean ez dagoela halakorik. Ekologismoak eta elikadura burujabetzak gero eta garrantzi handiagoa duela uste du Ekoguneko zuzendariak, eta gizartean interes handia dagoela. Horren erakusletzat jo du udalek izandako harrera. Azaldu du gaur egun duten ahalmenaren aldean eskaera asko jasotzen ari direla. Herritarren artean ere interes handia dagoela uste du, hainbat familiak etxeko balkoian tomateak eta beste barazkiak landatzen dituztelako. Balkoitik baratzera salto egiteko aukera emango diote orain.
«Nahiko ideia berria»
Gipuzkoako baratze parkeen sareak «onurak» ekarriko dituela dio Insaustik, jendea ekologian «sentsibilizatzeko» balio dezakeelako. Horrez gain, norberak bere produktuak ekoiztea «tokiko produkzioaren garrantziaz» jabetzeko modua ere izan daiteke. Gizartea tokiko produkzioarekin sentiberatuz gero «baserritarrek onurak» izan daitezkeela uste du.
Arrasaten (Gipuzkoa) ere antzeko baratze sistema bat dagoela azaldu du Ekoguneko zuzendariak, baina desberdina dela, ez baitu parke irizpidea. 80 lursail daude, baina erabiltzaileek soilik dute sartzeko baimena. Baratze parkeen sare ekologikoaren kontzeptua «nahiko berria» dela uste du, nahiz eta antzeko bi baratze dauden Gasteizen: Abetxukun eta Olarizun.
Herritarrentzako baratze sarea
Kutxa-Ekoguneak Gipuzkoan baratze parkeen sare ekologiko bat abian jartzeko asmoa du. Urte bukaerarako, prest egongo dira Usurbil eta Lezoko parkeak; eta udaberrirako, hirugarrena: Ekogunekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu