ATZEKOZ AURRERA. Juan Uriarte. Helldorado kultur elkarteko bozeramailea

«Hertzainak-ek joko ote zuen ez genuen jakin azken unera arte»

Hamabosgarren urteurrena ospatzen ari da Helldorado kontzertu aretoa. Lau musikarik abiarazi zuten proiektua, 2001ean, eta bazkideen babesari esker jarraitu du musika eskaintzak, asteburuero.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Hamabost urtek askorako ematen dute. 1.400 musika talde baino gehiago izan dira Helldorado aretoaren taulan ateak zabaldu zituenetik. Juan Uriarte (Gasteiz, 1967) Los Padrinos eta Allnighters taldeetan baxu jotzaile aritu izan da, baina 2001etik aretoa kudeatzen duen kultur elkarteko bozeramailea da.

Zergatik erabaki zenuten kontzertu areto bat egitea Gasteizen?

Gasteizko lau musikari elkartu ginen: Ernesto Garcia (Allnighters); Jimmy (SA); Pela (Obligaciones) eta laurok. Kontzertuak ikusteko leku bat nahi genuen. Garai horretan, Gasteizen apenas zegoen lekurik guk nahi genituen kontzertuak ikusteko, eta hor hasi ginen .

Kultur elkarte moduan, gainera.

Ez genuen enpresa bat sortzeko dirurik. Baina zerbait egin nahi genuen. Taldeak ez ziren Gasteizen geratzen; ez zegoen leku egokirik, ez musikarientzat, ez guretzat, ikusleentzat.

Elkarte moduan hasi izanak arazorik eragin al zuen hasieran?

Aretoa hirigunetik at dago, eta ez da erraza norbaiti dirua eskatzea bazkide egin dadin. Jendeak ulertu zuen; hasi aurretik 600 bazkide genituen, pentsa! Eta kontuan hartu kea saldu geniela; orduan ez zegoen ezer eginda. Horrela hasi ginen: lekua hartu, guk geuk lanak egin...

Musikariek sustatutako leku bat izanda, soinuak garrantzia izango zuen hasieratik...

Ez genekiena edariak jartzea zen! Hasieratik zenbait gauza ondo egiten saiatu ginen: akustika, agertokia, kamerinoa... Kontzertuak egiteko areto bat izan nahi genuen, ez edariak saltzeko taberna bat.

Aipatu duzu taldeak ez zirela Gasteizen geratzen. Nola aurkeztu zineten, taldeak erakartzeko?

2001. urtean pentsatu behar dugu. Ez zegoen egun ezagutzen dugun Internetik, ez webgunerik... Musikariak ginenez, beste taldeetan ari ziren lagunak genituen, batez ere Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Eremu horretan zabaldu zen hemen geundela, baina nazioartean zaila genuen geure burua ezagutaraztea. 2004 eta 2005. urteetarako, nazioarteko harremanak errazagoak izan ziren, eta 2008an atzerriko taldeen gorakada izan genuen. Gaur egun, errazagoa da gurean joko duten taldeak aukeratzea.

Lortu al duzue hasieran buruan zenuten talderen bat ekartzea?

Ez dugu buruan halakorik izan. Desengainurik ez izateko biderik zuzenena planik ez egitea da. Dena den, urteen joanarekin ikusten dituzu etorri direnak eta...

Adibidez?

Sharon Jones hemen izan genuen, The Dap Kingsekin. Aste honetan hil da. Ez ginen ehun ikusle egongo gau horretan, baina orain ematen du mundu guztia egon zela! Dick Dale ere egon da, Electric Six... 2004an inork ez zuen ezagutzen James Hunter, baina asko borrokatuta ekarri genuen. Rhythm-and- bluesaren munduko onenen artean dago Hunter, eta hirugarrenez etorriko da gurera, abenduaren 10ean.

Nola lortu duzue egitasmoa ekonomikoki bideragarria izatea?

Lehen hamar edo hamaika urteetan musu truk lan eginez. Genuen dirua taldeak ordaintzeko zen, musikarien hotela, taberna edariz hornitzeko... Irabaziak izan ditugunean, txikiak betiere, aretoa hobetzeko baliatu dugu: argiak, baldintza teknikoak... Gure helburua zen taldeak ekartzea, eta, hori lortuta, sentitzen genuen bagenuela ordaina.

Hortaz, Hertzainak taldeak asmatu zuen: «Euskadin rock & rollak ez du inoiz dirurik emanen». Bide batez, 2012an une historiko bat hartu zuen Helldoradok: Hertzainak taldea bildu zen han.

Une oso berezia izan zen... oso handia. Baina azken unera arte ez genekien zer gertatuko zen!

Nola garatu zen saio hori?

Pedro Espinosa, Potatoko abeslarietako bat, Juan Boriko zenaren omenaldia ari zen prestatzen —Potatoko abeslaria izana hori ere—. Aste gutxi batzuk lehenago, Tito Aldama hil zen. Horren harira jendearekin hitz egiten hasi zen, eta... Ez genekien nor etorriko zen, ez noiz. Antolaketa aldetik kaosa izan zen, baina une handia. Sei abesti jo zituzten, baina 1980ko hamarkada bizi izan genuenontzat mugarri bat izan zen 2012an bizitakoa.

Administrazio publikoekin harremanik izan al duzue urte hauetan?

Oso noizbehinkakoa: bi edo hirutan, sortu ginenetik. Udan musika udalekuak antolatzen ditugu, aldundiak kontratatuta... Baina besterik ez. Kultur elkartea gara, baina ez dugu laguntzarik jaso.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Aurrera jarraitzen. Ez dugu buruan beste bost urtez irautea, edo talde jakin bat ekartzea. Asteburu honetako kontzertuak ondo ateratzea dugu helburu bakarra; uda arteko epea ondo joan dadila. Egunero lana ahalik eta txukunen egitea da dugun aurreikuspen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.