Asteburuko proposamenak

Hezeguneak ezagutzeko aukera

Hezeguneen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi ugari egingo dira asteburuan hainbat tokitan

2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herrian dauden hezeguneak hobeto ezagutzeko helburuarekin, denetariko jarduerak antolatu dituzte asteburu honetarako, izan ere, igandean Hezeguneen Nazioarteko Eguna izango da. Hezegune bakoitzak dituen ezaugarrien arabera, proposamen desberdinak egingo dituzte.

Jardunaldiek hezeguneek ingurumenean duten funtzioaz sentsibilizatzea du helburu, baita horietan dagoen bioaniztasuna ezagutaraztea ere.

Gasteizen, Salburua parkearen inguruan, familia osoarentzako jarduera antolatu dute iganderako. 2014. urtea Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izanik, nekazaritza mota ezberdinek hezeguneetan duten eraginaezagutzeko txangoa izangoda. Horrez gain, hitzaldi bat ere prestatu dute gaurko, bost dokumentalistaren ikus-entzunezko materialekin hezeguneetan aurki daitekeen landare eta animalia aniztasuna erakutsiko dute.

Nafarroan, larunbat zein iganderako Figaroleko Dos Reinos aintzirara eta Torre Caracol behatokira irteera prestatu dute. Eremu horretan hegaztiei so egiteko aukera izango da, leku bikaina baita horretarako. Gainera, aintzira garbitzeko deialdia egin dute, eta han egon ohi diren sugegorrien inguruko hitzaldi bat ere izango da.

Bizkaian prestatutako jarduera Urdaibain egingo dute. Europako hegaztien negu-pasa garaia dela aprobetxatuz, Urdaibaiko biosfera erreserba ezagutzeko eta hegaztiak hobeto ikusteko bisita gidatuak egingo dituzte doan igandean, eta hezegunean aurki daitezkeen hegaztien inguruan informatu nahi duenarentzako hitzaldi bat izango da Gorbeiako parketxean.

Beste jarduera bat Igeldon izango da (Gipuzkoa), Mendizorrotz eremuan. Iganderako antolatutako irteeran, bertako putzuetan aurki daitekeen igela eta bere bizitokia gertutik ezagutzeko aukera izango du mendi irteerara joaten denak. Horretarako, Kristinaenea fundazioa, Aranzadi zientzia elkartea eta Haritzalde Naturzale Elkarteko kideek gidari lanak egin eta azalpenak emango dituzte.

HEZEGUNEEN EGUNA

Non. Gasteizko Salburua parkean, Figarolen (Nafarroa), Urdaibain (Bizkaia) eta Igeldon (Gipuzkoa).

Noiz. Larunbat eta igandean hainbat ekitaldi izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.