Hezur-haragizko gimnasioa

Euskal Herrian ugaritzen ari da 'crossfit' kirola, indarra, ariketa gimnastikoak eta aerobikoak nahasten dituena. Geroz eta kirolgune gehiago daude. Ez da makinarik behar, eta nork bere gorputzaren pisua aprobetxatuz lan egiten du. Entrenamendu guztiak, beraz, ezberdinak dira.

Intentsitate handiko entrenamenduak egiten dituzte ordubeteko crossfit-eko saioetan. Irudian, zaleak CrossFit Drakkar Hondarribia kirolgunean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko apirilaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dago korrika egiteko makinaren soinurik. Ez eta bizikleta estatikoen kirrinkarik. Ez da inor ikusten gimnasioko tramankuluei tiraka. Baina gimnasio bat da, hala ere. Donostiako Igara auzoan dago, eta ohikoen antzekoa da, baina ez berdina. Badu beste zerbait. Crossfit-a praktikatzeko gunea da, box-a, zaleen hizkeran. Ez da inguruan dagoen bakarra. Geroz eta zentro gehiago dira Euskal Herrian AEBetatik iritsitako kirol hori eskaintzen dutenak. Indarrezko ariketak, gimnastikoak, aerobikoak... Orotariko praktikak uztartzen ditu. Helburua: «Gorputzaren mugimendu naturalak aprobetxatzea». Donostia CrossFiteko entrenatzaile Nach Rodriguezek argi dauka berrikuntza oso erakargarria dela: «Funtzionala, intentsiboa eta askotarikoa da». Eta CrossFit Bilbaoko kide Asier Onaindiak are gehiago osatu du definizioa: «Eguneroko mugimenduak errazago egiteko lantzen den kirol sistema bat da».

Urte gutxiren bueltan hedatu da. Donostiakoek 2013ko otsailean ireki zuten gunea, eta, geroztik, hazi baino ez da egin. Hastapeneko urratsak ditu gogoan Iker Saiz entrenatzaileak: «Hasieran erokeria hutsa ematen zuen, eta orain begiratu!». Eta ingurua erakutsi du eskuarekin seinalatuz. Pabiloi handi bat da sortu dutena. Albo batean, senda-baloi pisutsuak daude; sabaitik zintzilik, eraztunak; paretan, horma-barrak... Tresnak eduki badauzkate, haatik, gorputza bera da tresna garrantzitsuena, haren pisu propioa aprobetxatuz lan egitendute eta.

Ez da toki txikia. Espazioa behar dute halabeharrez; izan ere, 350 bazkide inguru dauzkate jada. Greg Glassman herritar estatubatuarrak orain dela hamabost urte sortu zuenetik, eferbeszentzian dago mugimendua. Aurrena polizia eta militarrei erakutsi zien. Orain, kiroldegien eskaintza izarra da.

Ez da Donostiakoa, beraz, Euskal Herrian dagoen gune bakarra. Box-ak sortu dituzte Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Hondarribian (Gipuzkoa), besteak beste. Azken herri horretan lan egiten du Juanjo Mateosek. CrossFit Drakkar espazioan, hain zuzen. «Aniztasunak egiten du kirol hau berezi. Espero ez duzun horretarako prestatzen zaitu. Entrenamendu guztiak ezberdinak dira». Haiek ere orain dela pare bat urte ireki zuten, eta harrera ezin hobea egin diete herritarrek. Ehun bat inguruk eman dute izena.

Egunero ezberdin

Bilbokoen kasua ezberdina da. Orain dela 35 urte irekitako gimnasio tradizional bat zuten, baina berrikuntzei adi daude, eta, horregatik, orain bi urte crossfit-a ere hasi ziren ematen. Onaindiak argi dauka arrakasta handia izaten ari dela; haatik, ez du inork iragankorra denik pentsatzerik nahi: «Ez da moda bat, nahiz eta orain modan egon».

Eta bada uste bat bi zentroetako lau coach-ek —ingelesezko adiera hori erabiltzen dute adituen artean entrenatzaileen inguruan solas egiteko— konpartitzen dutena: kirolaren beraren aniztasunak ez ezik, laguntasunak egiten du berezi, sortzen den talde izaerak. Komunitate bat osatzen dute. «Denok batera sufritzen dugu, eta horrek asko batzen du», esan du Mateosek. Eta ideia berari eutsi dio Rodriguezek: «Jendearekin egoten gara, batera lortzen ditugu helburu asko... Horrek elkartu egiten du».

Horren adibide da, esaterako, Gipuzkoako hiriburuan egiten dutena. Rodriguezek azaldu duenez, klasea hasi aurretik zerrenda pasatzen dute, zeintzuk azaldu diren jakiteko asmoz. Behin bukatuta, berriz pasatu, eta bakoitzaren denborak apuntatzen dituzte. «Lehia osasuntsua bultzatzen dugu». Hari mutur berari egin dio tira Hondarribikoak: «Ez da gimnasioko gihartsuak elkartzeko toki bat».

Baina zerk egiten du kirol hori horren berezia izatea? Zerk ezberdintzen du gainontzekoetatik? Zer dela-eta erakartzen ditu horrenbeste lagun? Emaitzak azkar lortzea, ariketen pluraltasuna, giroa... Horiek dira, batez ere, crossfit egileek aipatutakoak.

Egitekoei dagokienez, makina bat praktika daude. Hiru multzotan banatu dituzte: gimnastikoak, aerobikoak eta indarrarekin loturikoak. Esaterako, lehen multzokoak dira eserialdiak, flexioak, abdominalak, uztaiekin egindako lana... Aerobikoak, berriz: sokasaltoa, arrauna eta korrika egitea, besteak beste. Eta indarraren taldean sartzen direnetako batzuk: alterofilia eta baloi sendagarriarekin egindako eginahalak. «Gihar asko inplikatzen dituzten mugimendu konposatuak egiten ditugu», azaldu du Rodriguezek.

Ariketa mordoa dira, baina nola bateratu denak? Horixe du erronka crossfit-ek. Oro har, gutxi gorabehera, dinamika antzekoa segitzen dute kiroldegi gehienek. Ordubeteko klasean, beroketatik hasi, teknika nozioekin segitu, indarra landu, eta, bukatzeko, Work of Day egin (eguneko lana). Hain zuzen, azken parte hori da dibertigarriena, adituen arabera. Egunez egun aldatzen da. Sekula ez dute errepikatzen. Saizek azaldu du. Hark entrenamenduak prestatzen ditu, teorikoki, astero, eta gainontzeko entrenatzaileei azaltzen dizkie. Dioenez, xede bat zehazten du beti: «Helburua ezberdina izaten du entrenamendu bakoitzak: indar maximoa lortzea, erresistentzia lantzea, mugimendu jakin bat hobetzea...».

Onaindiaren irudiko, aldakortasun horixe bera da kirolaren indargunea. «Astelehenetik larunbatera entrenamendu ezberdina egiten da. Ez da entrenamendu anarkikoa, baina jendeak ez du aspertu nahi, eta hau ezberdina da». Aldaketa da gakoa. «Crossfit-a eta errutina kontzeptu antagonikoak dira, guztiz».

Bakoitzaren neurrira eginda

Mateosek azaldu duenez, nahi adina aldiz joan daiteke pertsona bakoitza kirolgunera. «Nik gomendatzen dut bi egunekin hasteko, eta gero, gustatuz gero, gehiagotan etortzeko. Bada astean hirutan etortzen den jendea, lautan...».

Gainera, moldatu egiten dituzte denek ariketak, norberaren gaitasunen arabera. Hori da Saizek nabarmendu duena. «Asteroko entrenamenduak prestatzen ditut, eta talde guztientzat berdinak dira, baina, gero, ariketa bakoitza egokitu egiten dugu, pertsonaren neurrira». Praktikara eraman du esana Rodriguezek: «Ez bazara flexio bat egiteko gai, egin dezakezu belauniko edo gorputz osoarekin lagunduta. Horrela edozeinek egin dezake edozer». Eta iritzi bera borobildu du Onaindiak: «Kalean ibiltzeko gai bazara, crossfit egiteko gai zara».

Klaseetan, ez daude mailaren arabera banatuta; ikasle guztiak batera jartzen dituzte, elkar animatu eta elkarrengandik eta elkarrekin aurrera egin dezaten. Emaitzak erraz lortzen dira, «gimnasio normal batean baino azkarrago», dio Rodriguezek.

Batek baino gehiagok pentsa dezake crossfit praktikatzea korapilatsua dela, oso kirolariak direnentzat dela. Ustea ustela da, ordea. «Edonork» egin dezake, eta egiten du, lau entrenatzaileen ustetan. «Profil asko daude. Nire amak 55 urte dauzka, eta hemen dago, gazteekin batera». Hitzok egin ditu Mateosek. Bat egin du harekin Bilbokoak. «Mundu guztiarentzat da. Bakoitzak bere gaitasunak landuko ditu. Ez dago segmentaziorik». Eta umoreko eman dio arrazoia Saizek: «Hasieran etortzen dira eta gogordurak dituzte, eta, gero, biziatu egiten dira».

Aniztasun horren lekuko dira crossfit-ean aritzen diren Erdoitza Martinez, Mikel Elorriaga, Arkaitz Gutierrez eta Alex Soto. Elorriaga orain dela urtebete eta erdi inguru hasi zen, bestelako kirol batzuek asebete ez zutelako. «Bizikletako mendi lasterketak, triatloi pare bat, bela, judoa, karatea, tenisa, arku tiroa, eskalada eta beste probatu dut, baina kirol honek kirol batengatik espero dudan guztia ematen dit, alde soziala eta kirolarena». 24 urte ditu, eta psikologia master batean dabil. Aurkikuntzak bi arloak uztartzeko aukera emango diolakoan dago. «Kirolak duen alde terapeutikoan interesatuta nabil».

Hondarribian, astean bost-sei aldiz entrenatzen da oraintxe. Hain justu, Erdoitza Martinez bezalaxe. Azken hori, baina, Bilbon ibiltzen da. «Lagun bat hasi zen crossfit munduan, eta horretaz bakarrik hitz egiten zuen. Nik beti egin izan dut korrika edota kardio, eta animatu egin nintzen». 34 urte dauzka, eta hotel batean lan egiten du. Nolanahi ere, eguneroko ogia da harentzat entrenamendua. Hasi zenean gai izango ez zela pentsatu bazuen ere, kirolera lotzen joan da. «Lehenengo aldiaren ondoren, sofan etzanda eman nuen egun osoa... Gero, baina, hasi nintzen hiru egunez joaten; ondoren, lau; eta ostean, bost!».

Ausartenak, txapelketara

«Zeure buruarekiko erronka da, eta oso aniztuna da». Horrela azaldu du Martinezek zaleengan sortu ohi den crossfit-arekiko harra. Hori da Sotori eta Gutierrezi pasatu zaiena. «Niri crossfit-ek dena ematen dit; honetarako eta honengatik bizi naiz». Sotorena da esaldia. Aurretik atletismoa egiten zuen, baina, utzi, eta kirol berri honek liluratu zuen. Gutierrezekin batera, egunero joaten da box-era. Egunero bitan, hobe esanda. «Hasi nintzen astean bitan etortzen, eta orain egunero bitan, astelehenetik igandera. Dena den, asteazkenetan eta igandetan behin bakarrik etortzen gara; atseden egunak dira. Hori bai, igandean igeri egitera ere joaten naiz», dio Gutierrezek. Donostia CrossFiten dabiltza biak, eta orain apirilaren 18an Tarragonan (Herrialde Katalanak) jokatuko den lehiaketa baterako prestatzen ari dira.

Aspaldi existitzen dira crossfit lehiaketak. Nagusia Kalifornian (AEB) jokatzen da: CrossFit Games. Orain, sariketak zabaltzen ari dira. Bi mutilak prest daude datorkien erronka onartzeko. Sailkatu diren ala ez esan behar diete, baina, hala bada, buru-belarri joango dira. Edozertarako prest. «Ez dakit zer jarriko diguten; hori ez da inoiz jakiten, momentua heltzen den arte», esan du Sotok. Izan daitezke bizikletarekin egiteko probak, igeri egitekoak, indarrarekin erlazionatutakoak... Sorpresa da elementu nagusietako bat.

Begi bistakoa da: afizioa pasio osoz bizi dute zaleek. Eta kontent daude entrenatzaileak. Are gehiago, oraindik jende gehiago animatu nahiko lukete. Gonbita egin du Onaindiak: «Jendea animatzea nahi dut, honek engantxatzen baitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.