Zer da?
Jaten dugunean, janaria ahotik barrunbe torazikoan dagoen hestegorrira pasatzen da, eta hortik barrunbe abdominalean dagoen urdailera. Toraxa eta abdomena diafragma izeneko gihar batek banatzen ditu. Hestegorria diafragman dagoen hiato izeneko zulotik pasatzen da abdomenean dagoen urdailera iristeko.
Urdailaren gaineko zatia hiatoan barrena barrunbe abdominaletik torazikora pasatzen denean ematen da gaixotasun hau. Aldaketa anatomiko horrek urdaileko azidoak hestegorrira pasatzea eragiten du, azken hau narritatuz eta bihotzerrea eta halako sintomak eraginez.
Kausak
Badira gaixotasun horrekin jaiotzen diren haurrak.
Helduen kasuan, kausak ez dira argiak, baina jarraian aipatuko diren egoerek areagotu egiten dute gaixotasun hau pairatzeko aukera: gizentasuna, haurdunaldia, tabakismoa, eztul bortitzak, maiz oka egitea edo adinarekin eman daitekeen giharren erlaxazioa. Horregatik, hiatoko hernia maiztasun handiagoz ager daiteke 50 urtetik gorakoetan.
Ondorioak
Behar bezala zaintzen ez bada, okerrera egiten du. Hestegorriko narritadura eta hanturak denborarekin esofagitisa eragin dezakete, eta, larriagotzen denean, gastritisa edota urdaileko ultzerak sor daitezke. Kasurik larrienetan, eta denbora luzean zaintzen ez bada, ingurune horretako minbizia ere sor daiteke.
Ondorioz, garrantzitsua da kasu horretan jarraitu beharreko gomendio orokorrak eta elikadura gomendioak ezagutzea; alde batetik, sintomak gutxitu eta hobeto sentitzeko, eta, bestetik, ondorio kaltegarriak ekiditeko.
Gomendio orokorrak
Hiatoko herniaren diagnostikoa egiten dutenean, digestioak erraztu eta urdailaren azido ekoizpena gutxitzea izan ohi dira helburu nagusiak. Maiz antiazidoak gomendatzen dituzte. Halere, badira helburu horiek lortzen laguntzen diguten beste gomendio orokor batzuk ere:
• Azken otordua egin ondoren 3 ordu itxaron, etzan edo lotara joan aurretik. Digestioa egiten den bitartean etzanda egoteko posizioak azidoak hestegorrira pasatzea errazten duelako.
• Hobe bi burukoekin lo egitea, horrek ere zaildu egingo du urdailekoa hestegorrira pasatzea.
• Erretzen dutenek erretzeari utzi. Horrek azido gastrikoaren jariapena areagotzen du, eta hestegorri eta urdailean sor daitezkeen zauriak oker ditzake.
• Urdailean presiorik ez eragiteko, arropa lasa eraman.
• Lurretik zerbait jasotzeko, gerriaren ordez, belaunak tolestu.
• Erlajazioaren bitartez —arnasketak, yoga, meditazioa— izan dezakegun estresa murrizten saiatu. Estresak azido gastrikoa sortzen du ezer jan ez badugu ere. Horrek kaltea eragiten du urdaila edota hestegorrian.
• Ariketa fisikoa: Neurrizkoa izan dadila —biziak azido gastrikoaren ekoizpena eragin dezake— eta otorduen ondoren ordu eta erdi edo bi ordu itxaron.
Elikadura gomendioak
• Beharrezkoa bada, pisua jaitsi, urdaileko presioa gutxitu eta sintomen hobetzea eragingo du.
• Otordu oparoak ekidin. Gehiegikeriek digestioak zaildu egiten dituzte. Beraz, hobe da gutxi eta maiz jatea. Egunean 5 otordu.
• Poliki jan, janariak ongi murtxikatuz.
• Ez jan janari oso hotzak edo oso beroak, narritadura eragin dezakete.
• Frijitutako janari gehiegi ez kontsumitu: hobe plantxan, labean, papillotean...
• Debekatuak daude edo oso gutxitan hartu behar dira: janari oso koipetsuak —margarina, gurina, barrunbeak, hestebeteak, zenbait gazta, esnegaina, opilgintza...—, gatza asko dutenak, minak, eskabetxean ontziratutakoak eta txokolatea. Esaterako, esnekiak hobe gaingabetu edo erdigaingabetuak hartzea. Janarien prestakuntzarako, egokiena oliba olioa erabiltzea da. Orokorrean oso koipetsuak ez diren haragi eta arrainak har daitezke.
• Murriztu edo ezabatu urin gastrikoen jariapena eragiten duten zenbait edari: alkoholikoak, karbonikoak, tea eta kafea. Lasai edan ura, saldak, azidoak ez diren zukuak eta zenbait infusio: erromeroa, salbia...
• Azidoa duten janarien kontsumoa ere gutxitu, batez ere afalorduan ez jan: tomatea, zitrikoak, oso helduak ez diren frutak, ozpina...
• Frutak hobe helduak kontsumitzea eta purean, konpotan edo labean prestatuak. Kasu honetan, granada oso fruta gomendagarria da, urdaileko azidotasuna gutxitu egiten duelako.
• Badira zenbait janari, batez ere gordinak hartuz gero, pertsona hauetan ondoeza eragiten dutenak, hala nola baratxuria, tipula, piperra... Zure kasua bada, gutxitu edo ezabatu.
• Barazkiak orokorrean har daitezke, patata eta azenarioak zehazki on egiten diote urdaileko mukosari. Kontuz, hala ere, oso haizetsuekin: aza, azalorea, bruselako azatxoak, orburuak… Kalte eginez gero, alde batera utzi.
Gomendio horiek lagungarriak izan daitezke. Hala ere, hiatoko hernia bat dagoenean, norberaren ezaugarri eta tolerantzia maila kontuan hartuta dieta pertsonalizatu bat antolatuko duen profesional batengana jotzea izango da egokiena.
Osasuna. Elikadura
Hiatoko hernia
Bihotzerrea, digestioa egiteko zailtasuna... kausak argitzea zaila izaten den arren, badira aintzat hartzeko aholkuak eta zaindu beharreko ohiturak. Egokiena da norberaren ezaugarri eta tolerantzia mailak kontuan hartuta jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu