Jose Ignacio Latorre. Fisika Teorikoko katedraduna

«Higgs bosoia izango da gauza txikienak ulertu ahal izateko ireki zaigun ate berria»

Higgs bosoiaren aurkikuntzak aurrerapauso handia ekarri du zientzialarientzat. Inoiz aztertu duten partikularik txikiena da, baina oraindik ikertzen jarraituko dute, benetako Higgs bosoia dela baieztatu arte.

BERRIA.
Donostia
2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bartzelonako Unibertsitateko Fisika Teorikoko katedraduna da Jose Ignacio Latorre (Bartzelona, 1959). Higgs bosoia eta Zientziaren Arima hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, EHUko Bizkaia aretoan, Bilbon.

Einsteinek zioen zerbait ulertzera iristen garela gure aitona-amonei azaltzeko gai garenean. Nola azalduko zenuke zer den Higgs bosoia edonork ulertzeko moduan?

Higgs bosoia funtsezko partikula bat da. Gizakiak inoiz aztertu duen elementurik txikiena aztertzen ari gara. Txikitasunaren mundu horretan, quarkak eta oinarrizko partikulak dauden mundu horretan, gauza bakarra falta zitzaigun dena ongi ulertzeko: Higgs partikula. 50 urte daramatzagu horren bila, eta, azkenean, baieztatu dugu existentzen dela. Eredu estandarra sendoa dela frogatzen du aurkikuntza horrek. Horregatik, zientzia komunitatearentzat oso albiste pozgarria izan da.

Dagoeneko baieztatu daiteke eredu estandarra edo errore tartea gainditu behar da oraindik?

Orain arte egindako ikerketa ez da guztiz ziurra. Horregatik, beste hiru hilabete luzatzea erabaki du CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluak. Orain arte bildu ditugun datuen bikoitza jasoko dugu abendura bitarte, eta espero dugu ordurako aukera estatistikoa erabat ezabatzea. Momentu honetan bost desbideratze estandar lortu ditugu, eta hori sekulako lorpena da. Nekez topatuko dugu zerbait berria, baina orain arte ikusitakoa ea benetako Higgs bosoia den baieztatu behar dugu. Kontrara, beste partikula baten aurrean bagaude, naturak ezusteko itzela edukiko du guretzat gordea. Duda horiek guztiak baztertzeko egingo dugu azterketa zehatzago bat.

Nola azal daiteke partikula batzuek masa izatea, eta besteek ez?

Partikula batzuek, elektroiak eta neutrinoak kasu, masa dute, eta horiek materia osatzen dute. Interakzioak eragiten dituzten partikulek, aldiz, —protoiek, esaterako—, ez dute masarik. Bat-batean, interakzioa eragiten duen partikula batek, V bikoitzak, masa duela konturatu ginen. Orain, Higgs partikulari esker, uler dezakegu V bikoitzak nola izan dezakeen masa. Ziurrenik, Higgs bosoia izango da gauza txikienak ulertu ahal izateko ireki zaigun ate berria. Gainera, Higgs bosoia ez du pertsona bakar batek aurkitu, baizik eta milaka zientzialari aritu dira zeregin horretan; kultura eta hizkuntza arazoak ahaztu behar dira elkarlanean aritzeko.

Zientzialariek 50 urte daramatzazue Higgs bosoiaren atzetik. Zein aldaketa ekarriko dizkio aurkikuntza horrek zientziari?

Higgs bosoia aurkitu duen azeleragailua erakitzea izugarrizko aurrerapena da bere horretan. CERNek lortzen dituen datu horiek guztiak ikertu ahal izateko, konputazioa egiteko modu berri bat asmatu dute. Sistema hori planeta osoan ezarri dute, milioi bat ordenagailutan, gutxi gora-behera. Azterketa modu hierarkiko batean egitea ahalbidetzen du horrek. Bestetik, Higgs bosoiaren aurkikuntzak ez digu ekarpen handirik ekarriko epe motzean, baina aurrerapen orok bere denbora behar du. Einsteinen erlatibitatearen teoria, esaterako, gaur egungo GPSetan erabiltzen da; bestela, kilometro ugari alferrik galduko lirateke egunero. Beraz, bitarteko teknologikoetan aurreratzen ari gara. Zientziaren oinarrizko ikerketa horrek aurrerapen teknologikoa ekarriko du epe ertainera, baina aurrerapen orokorragoa epe luzera ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.