Higienearen orbanak

XX. mendearen hasieran, mikrobiologiaren aurkikuntzek eta higienismoak eragin handia izan zuten Bilbon. Osasun zerbitzuen sare bat sortu zen heriotzak murrizteko, baina diskurtsoetako batzuk beharginen bizimodua gaitzesteko erabili zituzten.

Bilboko Basurtu auzoko udaltegia, desinfekzio zentroa izandakoa, urriaren 8an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Basurtu auzoko udaltegia, desinfekzio zentroa izandakoa, urriaren 8an. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspaldi galdu zuen jatorrizko helburua, baina haren arrastoak agerikoak dira gaur egun ere. Zamakolako desinfekzio zentroa izan zen urte luzez. Ordukoa da fatxada, Ricardo Bastida Bilboko udal arkitektoak diseinaturiko adreiluzko egitura dotore bat; kontserbatzen du, halaber, bi tximinietako bat, zaharrena; eta bi ateen arteko distantziak zentroaren hasierako funtzioa gogorarazten du. «Eraikinak bi kale zituen», argitu du Juan Gondra Rezola mediku erretiratu eta historialariak. «Kale bat garbia zen, eta bestea zikina; eta ez zeuden komunikatuta». Bikoteka zeuden antolatuta, halaber, gainontzeko elementuak, kutsatzeak eragozte aldera: desinfekzio ganberek bi sarrera zituzten, eta furgoneta bana erabiltzen zuten arropa garbia eta garbitu beharrekoa eramateko.

Gondrak «Bilbo hipokratikoa» deritzonaren txataletako bat izan zen zentroa. Eta sare beraren parte ziren Etxaniz Suhiltzailearen plazako Esne Tanta eta San Mames kaleko garbitegia. Jada ez dute osasunarekin zerikusirik: Zamakola kaleko zentroak Basurtu auzoko udaltegia eta haur eskola bat hartzen ditu egun, Esne Tanta hotela bilakatu zen orain dela hiruzpalau hamarkada, eta garbitegiaren fatxada baino ez dago zutik. Baina hiru aztarna horiek Bilbo jakin baten berri ematen dute: izurriteen mehatxupean egon zen Bilbo batena, osasun publikoan aurreneko urratsak egin zituen Bilbo batena. Ondarearen Europako Jardunaldien harira, Medikuntza Historiaren Euskal Museoak ibilbide bat antolatu zuen XX. mendearen hasieran ugaritu ziren osasun zerbitzu horietako batzuk bisitatzeko.

«Bilboko Esne Tantan, hainbat modalitate garatu zituzten: inudeak zeuden, baina baita aplikazio misto bat ere, behi esnearekin»

BEGOÑA MADARIETA Medikuntza Historiaren Euskal Museoko arduraduna

1916an hasi ziren eraikitzen Zamakolako desinfekzio zentroa, eta 1918ko urriaren 6an inauguratu zuten; eta, hain justu, mugarri horrek balio du laburbiltzeko zer-nolako testuinguruan loratu ziren zerbitzuok. Izan ere, Espainiako gripea hedatzen ari zen une horretan. Epidemia «izugarria» izan zen hura, Anton Erkoreka Medikuntza Historiaren Euskal Museoko zuzendariaren berbetan: mila biztanletik 12 hil zituen Euskal Herrian.

Baina gripea ailegatu zenerako, Bilbon errotzen hasia zegoen osasun publikoaren inguruko kezka. XIX. mendearen bukaeran hainbat epidemia izan ziren inguruan, eta Europako ideiak ailegatu ziren hirira: batetik, mikrobiologiak metodo berriak garatu zituen patogenoak deuseztatzeko, eta, bestetik, inguruak osasunean zuen eragina azpimarratu zuen higienismoak. Biak ala biak islatu ziren Bilboko kaleetan, etxebizitzetan, ohituretan eta arauetan.

Haurren arta bermatzeko

Zamakolako zentroak, zehazki, gaixotasun infekziosoak zituen jopuntuan: kolera, tuberkulosia, baztanga, eskarlatina, difteria eta tifusa, besteak beste. Arropa garbitzeko erabiltzen zen, baita eremu eta ibilgailu batzuk arazteko eta pertsonak desparasitatzeko ere, eta anbulantzia zerbitzua jaso zuen, orobat. Tximiniak bi labe zituen azpian: desinfektatu ezin zitezkeen oihalak erretzeko baliatzen zuten bata, eta garbigailuentzat eta bestelako makinentzat energia lortzeko bestea. Substantzia anhidrikoak erabili zituzten aurrena, eta gerora sulfurosoetara jo zuten, ez ziren-eta hain arriskutsuak.

(ID_17604507610415) (/Juan Gondra Rezola) Bilboko Esne Tanta eraikineko botilak garbitzeko gela, 1922an
Bilboko Esne Tanta eraikineko botilak garbitzeko gela, 1922an. JUAN GONDRA REZOLA

Haurren heriotzen arazoari ere heldu zioten, eta Europa izan zuten ispilu beste behin. «Frantziarrek Prusiaren aurkako gerra galdu berri zuten [1871], eta haurren heriotza tasa oso handia zen», xehatu du Begoña Madarieta Medikuntza Historiaren Euskal Museoko arduradunak. «Ume horiei laguntzea erabaki zuten, etxera bidali eta ez baitzuten urtebete betetzen». Esne Tanta deitu zioten laguntza horri: ganadu esnea banatzen hasi ziren haurren biberoientzat, eta heriotzak apaldu egin ziren ondorioz. Bilbora ailegatu zen hamarkada batzuen ondoren. «Bilbon, hainbat modalitate garatu zituzten: inudeak zeuden, baina baita aplikazio misto bat ere, behi esnearekin».

1904 inguruan sortu zuten Bilboko Esne Tanta, udalaren ekimenez, eta udal kutxen esku geratu zen laster. «Mende hasieran, osasuna ongintza kontu bat zen», ñabartu du Erkorekak. «Instituzioek oraindik ez zuten esku hartzen, salbu tuberkulosiaren aurkako kanpainetan. Estatua 1950eko urteetan egin zen guztiz kargu, Gizarte Segurantza sortu zuenean».

Urak hedatutako epidemiak

Ura estuki lotuta dago epidemiologiaren sorrerarekin: 1854an, John Snow medikuak deskubritu zuen Londresko kolera agerraldi bereziki oldarkor batek urez hornitzeko bonba batean zuela jatorria, eta iturri hori itxi ondoren kontrolatu zituzten kutsatzeak. Horrek mugarri bat ezarri zuen, eta urari berebiziko arreta eskaini zioten ordutik aurrera. 

Bilbon ere, beste horrenbeste. Garai hartan, hondakin urak itsasadarrera botatzen ziren zuzenean, eta etxeetan bi txorrota izaten zituzten: batak araztutako ura zekarren, edan zitekeena, eta besteak, itsasadarreko ura, tratatu gabea. «Txorrota horren bidez, sukar tifoideak etxeetara eramaten ari ziren», azaldu du Alejandro Baeza medikuak. 

Hala, ur zikinak zuzenean itsasora botatzeko tunel sistema bat eraiki zuten, eta Bilboko Udalak arropa garbitzeko sare bat sortu zuen, hiritarrek jantziak zuzenean ibaian garbitzen zituzten-eta. «Arropa garbiketa arazo higienikoa zen», azpimarratu du Juan Gondra Rezola mediku erretiratu eta historialariak. Garbitegiak emakumeen topaleku bilakatu ziren, eta haurrak uzteko gela bat izaten zuten.

Baina arazoa ez zen soilik zientifikoa: gainpopulazioa buruhauste bat zen osasun publikorako. «Industria iraultzaren garaian, 1875etik 1900era, Bilboko populazioa hamar halakotu egin zen», Alejandro Baeza medikuaren arabera. Higienea kaskarra zen, elikagaiak urriak, eta ez zegoen etxebizitza nahikorik: hiruzpalau familia pilatzen ziren pisu bakoitzean. Egoera hark bide eman zien kutsatzeei. Bilbok Europako tuberkulosi tasarik handiena zuen, kasu baterako. «Kezka orokorra zen ea zer-nolako erreformak egin zitezkeen hiriaren konfigurazioan, baina baita ohituretan ere, etxeak aireztatzen ziren moduan...», azaldu du Marina Segovia Vara Errioxako Unibertsitateko (Espainia) ikerlariak —ideologia higienistak Bilbon izan zuen eragina ikertu du bere doktore tesian: La recepción de los discursos higienistas. Urbanismo, género y clase en Bilbao (XIX-XX)—. Eremu zabalak lehenetsi zituzten —irizpide horiekin taxutu zen hiriko zabalgunea, adibidez—, eta Etxe Merkeak zeritzenak eraikitzen hasi ziren 1920ko urteetan, pilatzeak saihesteko.

Irizpide morala

Hala, argia da Segoviaren tesiaren ondorioa: «Bilbo ez zen garai hartako diskurtso higienisten zirkulaziotik kanpo gelditu». Tokiko prentsan, hala sozialistan nola liberalean, oparo ematen zuten osasun kontuen inguruko solasaldien berri. Baina higienismoa ez zen irizpide sanitarioa izan soilik; izan zuen, halaber, kutsu morala. Burgesiak hiri «ordenatu» bat gura zuen, eta langile auzoak koska bat ziren helburu horretarako, Segoviaren esanetan. «Epidemietan, auzo horietan egoten zen heriotza tasarik handiena, eta justu langileen lehen mugimenduak eratzen ari ziren. Auzook gaixotasunen kutsatze foku bat ziren, baina baita desordena foku bat ere». Era berean, etxeetako aglomerazioen kausaz, beharginen «ohiturak» ere deitoratu zituzten hedabideetan, txostenetan eta literaturan: azpimarratzen zuten geletan familia berekoak ez ziren gizon-emakume asko batera bizi zirela, eta sarritan horri garrantzi handiagoa ematen zioten etxebizitzaren eta elikagaien arazoari baino.

(ID_15398121) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-10-08, Bilbo. Bilbo hipokratikoa, joan den mendearen hasieran Bilbon sortu ziren osasun zer...
Juan Gondra Rezola, urriaren 8an antolatutako bisita gidatuan, Zamakolako desinfekzio zentroan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Araztasun asmoak kalte berezia egin zien prostituzioan aritzen ziren andreei. Sifilisaren hedapena kontrolatzeko aitzakiarekin, Bilboko Udalak hainbat erregelamendu onartu, eta ikuskatze ginekologiko «umiliagarriak» egitera derrigortu zituen emakume horiek. Gaixo bazeuden, ospitalean egon behar zuten bolada batez; geroago, gaitz benereoak artatzeko leku bat eraiki zuten San Frantzisko auzoko Harrobia plazan. «Goizean ikuskatzen zituzten, eta haien egoeraren berri ematen zuen kartilla bat eraman behar zuten», esplikatu du Segoviak.

Espetxeratzea ere izan zen higienismoa hedatzeko modu bat: Casa Galeran bukatu zuten prostituta, etxegabe eta lapur askok, eta, azkenerako, delitu txikiak egin zituzten gizonak ere sartu zituzten han. «Maltzurtzat edo higuingarritzat jotako elementuak bizitza publikotik baztertzeko eremu bat izan zen», ebatzi du ikerlariak.

«Epidemietan, langile auzoetan egoten zen heriotza tasarik handiena, eta justu langileen lehen mugimenduak eratzen ari ziren»

MARINA SEGOVIA VARA Errioxako Unibertsitateko ikerlaria

Alabaina, ideologia liberalek garatu zutena beharginek bereganatu zuten gero: langileei osasun gomendioak ematen zizkieten, haurrak zaintzeko jarraibideak... «Baina ideia higienista horiek jada ez zuten lehengo paternalismo kutsua eta langileari buruzko ikuspegi negatiboa. Harrotzeko motiboa bilakatu zen ez mozkortzea, etxea garbi edukitzea eta haurrak ondo artatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.