Estudioetako mikrofonoak alde batera utzi, eta Bergarako (Gipuzkoa) gaztetxeko mikrofonoak zabalduko dituzte gaur Txapa irratiko kideek. Kontzertua antolatu dute gauerako, eta Norman eta Fiachras taldeak gonbidatu dituzte. 22:30ean entzun ahal izango da haien musika gaztetxean, baina hara bildu ezin denak ere izango du kontzertua entzuteko aukera: Txapa irratian (97.25 FM) eta Internet bidez (www.txapairratia.org) emango dute.
Fiachras taldearentzat disko berria aurkezteko kontzertua izango da; Hiltzera goaz lanarekin datoz eta doinu berriak dakartzate. Gitarra akustikoak, akordeoia, klarinetea eta organoa dituzte lagun, eta askotariko gaiak jorratzen dituzte, rock, country eta amerikar folk doinuen bitartez: amodioa, desioa, kezkak...
Eibartik (Gipuzkoa) helduko da Norman taldea. Punka eta rocka lantzen dituzte, baina beste hainbat ukitu ere badituzte haien abestiek: hardcorea, psikodelia eta popa, esaterako. Hainbat musika lehiaketatan parte hartu dute, baina ez dute kontzertu askorik eman. Duela bi urte disko bat kaleratzeko aukera izan zuten: Norman; «psikodeliaz beteriko disko ilun bat», hala definitu dute lana. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin argitaratu zuten.
FIACHRAS ETA NORMAN
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Bergaran (Gipuzkoa), gaztetxean.
Hil aurreko iluntasun musikala
Fiachras taldeak 'Hiltzera goaz' diskoa aurkeztuko du; Norman, berriz, doinu ilunekin dator gaur Bergarara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu