Telesailak

Hiltzailearen zuri-beltzeko aztarna

Steven Zaillian ‘Schindler’s List’ klasikoaren gidoigileak Netflixentzako telesail bihurtu du Patricia Highsmithen ‘Ripley’ literatur saga

RIPLEY
Mikel Yarza Artola.
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Hiru hamarkadaz gaindi iraun zuen Tom Ripley pertsonaia ikonikoak Patricia Highsmithen fikziozko unibertsoan. 1955 eta 1991 artean, The Talented Mr. Ripley eta Ripley Under Water eleberrien artean, krimenaren moralitatea eta lorratz psikologikoa aztertu zituen idazle estatubatuar sonatuak, eta ez dira gutxi izan haren lana pantailara eraman dutenak.

Rene Clement kultuko zinemagile frantziarra izan zen lehena, 1960ko Plein soleil filmarekin. Ostera, Anthony Minghella britainiarrak Hollywooderako bertsioa egin zuen 1999an, Matt Damon, Gwyneth Paltrow eta Jude Law izar hirukotea protagonista hartuta. 25 urteotan beste zenbait egokitzapen ere izan dira, baina orain heldu da istorio osatua lehen aldiz pantaila txikira, Steven Zaillianen eskutik. 

1993an gidoigile beteranoak Oscarra irabazi zuen Schindler’s List film klasikoarekin. Hannibal, Moneyball, The Irishman… tankera berekoak dira haren egitasmo seinalatuok ere, paperetik irudietara egokituriko istorioak. Eleberriak pantaila txikirako lantzeak hegalak eman dizkio 71 urteko Zilliani eta, The Night Of (HBO, 2016) telesailean bezala, oraingoan ere xehetasunez beteriko lan konplexua osatu du.

Oraingo honetan, Andrew Scott aktore irlandarrak jokatu du Ripley protagonistaren rola, trebezia handiz gainera. BBCren Sherlock telesailean Moriarty bilau amorragarria interpretatzen egin zen ezagun mundu zabalean, eta, oraintxe, nobedade bat ere badu Euskal Herriko zinema aretoetan, All of Us Strangers filma.

Luzea da oso Ripley telesaila ikusteko argudioen zerrenda. Schindler’s List-en tankeran, zuri-beltza modu ezin dramatikoagoan erabili du Zillianek. Giroa iluna eta aztoratzailea da, eta zinemagintzarako joera nonahi igar liteke. Lantegiak, hiriko kaleak, kostaldeko herrixkak… pantaila handian ikusteko modukoak dira. Plano orokorren konposizio zaindua eta muntaketaren erritmo pausatua urrun daude telebistaren ohiko kodeetatik. 

Sortzaileek plano subjektiboak baliatu dituzte kontakizunari misterioa eransteko, ikusleei atea pixkanaka irekitzeko guztiz ulertzen ez duten mundu susmagarri batera. Soinuaren erabilpena ere oso iradokitzailea da, hain justu, Jeff Russo (Fargo, Legion, Channel Zero) konpositoreak sarri erabateko isiltasunaren alde egin duelako tentsiozko unerik gorenetan.

Ripley generoko pieza bat da zentzu guztietan, erritmo formal eta narratibo ezberdinak primeran menderatzen dituen telesaila. Hegazti eta itsasoko olatuen artean kontenplazioa da nagusi une batzuetan, itolarria besteetan… amodioaren, giza desiraren eta indarkeriaren arteko marra lausoa da kontakizunaren ardatz nagusia.

Telesailak zortzi atal ditu guztira, eta hirugarrenak aparteko aipamena merezi du. Gainerakoak albo batera utzita ere, oroimenean iltzatuta gera litekeen ikus-entzunezko pieza gogoangarria baita, behin baino gehiagotan ikusteko modukoa. Akaso, Steven Zaillianen nobedade honek ez du aparteko oihartzun mediatikorik izango, ezta telebistako urteko sari preziaturik eramango ere, eta, horrexegatik, ahoz aho gomendatzeko moduko artelana da.

fitxa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.