Itziar Yague. Blues abeslaria

«Hiri batean, zenbat eta musika gehiago egon, hobe guztiontzat»

'Blues'-a eta 'San Prudentzio', berez, harremanik ez duten bi hitz. Arabarrek, ordea, ez dute hori uste, eta Yague blues abeslariaren kontzertu batekin hasi zituzten haien zaindariaren jaiak.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Itziar Yague (Arrasate, Gipuzkoa, 1974) abeslari eta konpositore gasteiztarra Madril eta Gasteiz artean bizi da. Espainian ematen du urtearen zati handi bat, eta han garatzen du bere ibilbide musikala, baina ahal duen guztietan itzultzen da Euskal Herrira. Haren ibilbidea omendu nahi izan dute arabarrek, eta San Prudentzio jaietako pregoiaren egunean abestu zuen, herenegun.

Aurretik zenioen urduri zeundela pregoiaren egunean kantatu behar zenuelako. Lortu zenuen kontzertuaz gozatzea?

Ederra eta zirraragarria izan zen. Jende asko, eta giro paregabea zegoen. Oso eroso eta gustura abestu nuen, eta nire musikariek beti bezala egin zuten distira. Fernando Albizu Ruiz de Alegriaren pregoia ere bikaina izan zen, Arabako zinemaz hitz egin baitzuen. Ederto atera zen guztia.

San Prudentziorekin lotzen zenituen errepertorioko abesti espezifikoak aukeratu zenituen kontzerturako?

Ez bereziki. Halere, egin nuen aukeraketa eta errepertorioa egokitu nuen. Normalean, emanaldi luzeagoak egiten ditut, elkarren artean oso desberdinak diren abestiak biltzen dituena. Atzo,nire errepertorioko abestirik dantzagarrienak abestu nituen.

Blues-a eta San Prudentzio, berez harremanik ez duten bi hitz. Uste zenuen duela urte batzuk bluesak tokia izango zuela San Prudentzioko pregoian?

Bi kontzeptu horiek oso urrun daude eta ez dute itxuraz elkarren arteko harremanik. Ez nuen imajinatzen San Prudentzion kantatzea, ez duela urte batzuk, ez duela hilabete batzuk. Oso laudagarria iruditzen zait bluesak, gutxiengoen estiloa izanik eta irrati formularik entzuten ez denez, San Prudentzio jaiak irekitzea. Harro nago horregatik, normalean estilo ezagunago bat egiten duen artista ospetsuago bati deituko lioketelako.

Nola gozatzen duzu San Prudentzioz?

Bihar bazkaria daukat kuadrillako lagunekin. Beti gustatu izan zaizkit jai hauek, udaberriko jaia da eta urteko lehenengoetakoa. San Prudentzio da urtero gehien espero izaten dudan jaia.

Zure ustez, tradizioak nola bat egiten du egungo kulturarekin eta artistekin?

Nire ustez, tradizioa kontserbatu egin behar da, musikaren ikuspegitik bai behintzat. Beste tradizio batzuk ez dira mantendu behar, noski. Baina tradizioen inguruan antolatzen dira jaiak, eta festa alaitasun partekatuak dira. Hori esanda, artista eta publiko gisa beharrezkoa iruditzen zait beste kontzertu mota batzuk programatzea. Hiri batean, zenbat eta musika gehiago egon, hobe guztiontzat.

Oso aldi gozoan zaude zure ibilbide musikalean, zure disko berriaren aurkezpen bira betean.

Hala da, bigarren diskoaren biraren erdian gaude. Pozik nago, diskoa aurkezten ari naizelako. Zorioneko emakumea naiz.

Ez du izotzik elkarrizketa hasi aurretik eskatu duzun freskagarriak; ahotsa zaintzeko?

Kantatzea beti da zaila, eta ahotsa zaindu behar da, bai. Askotan jabetzen naiz zein zaila den abestea, baina gizakiok barruan daramagun zerbait da. Bluesean zu zaren bezala aurkeztu behar duzu zeure burua. Beti daude moduak zuzenean zein diskoetan kantatzen duzuna perfektua izateko. Bluesean hori ez da garrantzitsuena, egiazko zerbait egitea baizik.

Geroz eta jende gehiago ari da bluesa sortzen?

Zirkuitu bat dago. Estilo gustagarria da, askotarikoa, baina askok ez dakite bluesa zer den identifikatzen; entzuten dutenean ere ez. Garrantzitsuena da musika egiten duen jendearentzako erreferentziak existitzea, eta bluesa egiteko gogoak piztea.

Kontzertuz betea duzu agenda.

Jotzeko ilusio handiarekin nago, inork ezagutzen ez nauen hirietan batez ere. Nire musika aurkeztea eta konektatzea da dagoen sentsaziorik onena.

Uste duzu erretreta blues bihurtudaitekeela?

Dena bihurtu daiteke blues, baina hobe da gauza batzuk ez aldatzea [barrezka].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.