Hiri grisetik berdera

Mendiz inguratuta dago Bilbo, eta berdegune asko ditu, gainera. Inguruko mendietara joan ahal izateko, seinaleak jarriko dituzte ekainean hiriko bederatzi plazatan.

Denera, 70 kilometroko ibilbideak daude Bilbo inguruan egiteko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bilbo hiritik ingurura begiratuz gero, mendia besterik ez da ikusten. Mendiz inguratutako bailara batean dago hiria, baina oraindik Bilbo inguruko mendiek «aurpegi ezezaguna dute», Jose Luis Sabas Lan eta Zerbitzu zinegotziak azaldu duenez. Bilboko itsasadarra lehengoratzeko lan ugari egiten ari direla zehaztu du, eta hori sumatzen da, ibaian egiten ari diren kirol jardueren ondorioz. «Baina mendian ere baditugu lekuak gozatzeko; denetara, 70 kilometroko ibilbideak daude, eta hori ere sustatu nahi dugu, mendian gozatu ahal izateko leku asko baitauzkagu». Horretarako, uda iristen denerako Bilbo inguruan egin daitezkeen oinezko ibilbideak seinalatuko dituzte, hiriko plazetatik.

Duela lau urte hasi ziren Bilbo inguruko mendietan seinaleak jartzen, eta 11 ibilbide egin ahal izateko aukera ematen dute. GRak dira denak ere, baina ibilbide horien inguruko seinalerik ez dago Bilbon bertan. Hori dela eta, bederatzi plazatan gertuen dagoen ibilbiderako seinaleak jartzen hasiko dira ekainean, «jendeak erabil dezan». Errekaldeko plazatik Arraiz eta Pagasarrira joateko; Olabeagatik Kobetamendira; Zabalburu plazatik Pagasarrira; Moyua plazatik Pikotamendira (Artxanda); Begoñako basilikatik Abril mendira; Pio X.aren plazatik Artxandara; Buiatik Pagasarrira; eta Zabalgarbitik Pagasarrira. Zailtasun maila baxua daukaten ibilaldiak dira, eta ordu batetik hiru ordu artera artekoak izango dira. «Bilbo menditik gertu dago; beraz, ez dira oso ibilaldi luzeak».

Hiria ezagutzeko beste bide bat ere izango da, Sabasen ustez. «Askok ezagutzen dute Artxandako parkea eta bertatik dauden ikusmirak, baina Arraiz menditik edo Abrildik dauden ikusmirak niretzat hobeak dira, eta ezezagunagoak».

Biztanleko gune berde gehiago

Bilbotik ikusten den berdetasuna «deigarria egiten zaie kanpotarrei». Sabasek azaldu duenez, hiri gutxitan ikus daiteke Bilbon bezainbeste gune berde, eta hori aprobetxatzeko moduko baliabidea dela uste du. Azken urteetan, gainera, gero eta toki berde gehiago dago, auzo eta barruti guztietan gaur egun parkeak baitaude. Hala, duela sei urte biztanleko zazpi metro karratu berdegune zegoen, eta, gaur egun, 25. Europan aholkatzen den kopurua pertsonako 15 metro karratu direla azpimarratu du Sabasek. «Goranzko bidean goaz, eta horrela jarraitu nahi dugu». Duela hamarkada batzuk Bilbo gris kolorearengatik zen ezaguna, baina hori aldatu egin dela dio Sebasek: «Nik uste gero eta gehiago hiri berde bat garela».

Horrek guztiak, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, kanpotarren interesa ere pizten du. «Ingeles eta alemaniarrei oso erakargarriak suertatzen zaizkie ibilaldi luze horiek». Hala ere, oraindik eskaintza hori saltzeko bideak bilatzen jarraitu behar dutela uste du Sabasek: «Turista asko hemen daudenean ohartzen baitira dauzkagun ibilaldien eskaintzaz».

Baina mendi ibilaldien eskaintza ez da kanpotarrentzako zerbitzua bakarrik. Bertakoek ere estimatuko dutela uste du. Izan ere, «askok haien bizitoki inguruko ibilaldiak bakarrik ezagutzen dituzte», eta aurrerantzean jarriko dituzten seinale horiekin Bilboko berdegune gehiagotara joateko baliabideak izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.