Gasteiz, arratsaldeko bostak. Haur eta gurasoz beteta daude plaza eta parkeak. Hiria jolastoki erraldoi bihurtu dela dirudi. Hamaika jolasleku, milaka jostailu eta irriak nonahi. Irriak eta algarak oparitu dizkio XVII. Jolas Jaialdiak Arabako hiriburuari. Herenegun hasitako jolasak ez du etenik izango igandera arte. Koloreak maite dituztenentzat, jolas egiteko gonbit paregabea.
Garai batean ludotekek egiten zuten lana zabaltzeko asmoz sortu zen Gasteizko jolasen jaialdia, duela hamazazpi urte. Ludotekak kalera atera eta plazak eta parkeak jolaserako bilgune bilakatzeazen asmoa, eta, bide batez, belaunaldien arteko harremanak sustatzea. Hasierako helburu hori betetzeko antolatzen dute geroztik urtero jaialdia, arrakasta handiz.
Jolas txokoetan jolasten
Aurten ere Gasteizko Udalak Jolas Jaialdia antolatu du, bost egunez hiria alaitasunez bete dadin. Izan ere, kaleak jolasez josi dira. Jolas egiteko, ikasteko, sentitzeko, partekatzeko eta, batez ere, irudimena aske uzteko aukera izango du parte hartzen duen orok. Gainera, tailerrak, ikuskizunak, joko tradizionalak eta beste gozagai izango dituzte etxeko txikiek.
Adin guztientzako programa zabala eskaintzen du aurtengo jaialdiak. Izan ere, jolasteko proposamen hezitzailez josita dator egitaraua: ingurumenaren zaintza, zuzeneko merkataritza, hiriko baliabideen ezagutza, arteak eta abar lantzeko.
Hainbat jolasleku prestatu dituzte, jaialdia hiri osoan zehar ezagutzera emateko: Andre Mari Zuriaren plaza, Florida parkea, Probintzia plaza, Prado parkea, Plaza Berria... Aurten, gainera, jolasleku guztietan lau jolas txoko eskaintzen dituzte: jostailuen eta balioen txokoa, arte eta kulturaren txokoa, aisia eta kirolerako txokoa eta Green Capital txokoa. Irudimena, esperimentazioa eta bizikidetza bultzatzeko guneak izango dira horiek, antolatzaileen arabera.
«Egitasmo polita eta dibertigarria iruditzen zait oso», dio semearekin Andre Mari Zuriaren plazan jolasean dabilen ama batek. «Haurrak oso gustura ibiltzen dira ezohiko iruditzen zaizkien tresnekin jolasean».
Berdez jantzita dauden antolatzaileak haurren eta gazteen laguntzaile lanetan dabiltza, goiz eta arratsaldez. «Askotariko jendea biltzen da batera jolasean aritzeko, eta hori oso polita da», adierazi du horietako batek. Murrizketen ondorioz, gune gutxiago prestatu dituzte aurten, eta dinamizatzaileak ere gutxiago dira.
Europako hiriburu berdea
Aurtengo Jolas Jaialdiak Europako hiriburu berdea omenduko du, ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotutako proposamen ludiko batekin: Ibilbide Berdea. Horrez gain, ingurumena izango du ardatz aurtengo jaialdiak, eta horrekin lotura duten balio berdeak bultzatuko dituzte tailerrek, ikuskizunen eta jolasen bidez.
Hala ere, egunotan jolas egiteko gogoa izango da nagusi hiriko txoko guztietan. Gasteizko Jolas Jaialdia hiriko erreferente bihurtu da azken urteotan, eta, antolatzaileek diotenez, «hiriaren mezu oso positiboa islatu du». Jaialdiak, hiria gune ludiko bihurtzeaz gain, «tolerantzian, errespetuan eta jolasteko eskubidearen defentsan oinarritzen den bizikidetza eredua» ere bultzatuko du.
Jaialdiak jolasteko eskubidea aldarrikatzen duela dio Gasteziko Udalak, jolas egitea «erabat funtsezkoa» baita «umeen garapen psikomotorrarentzat eta emozionalarentzat».
Hiria, jolastoki erraldoi
Abian da Gasteizko XVII. Jolas Jaialdia, herritarrak jolasaren balioaz jabetzeko eta kalean izaera ludikoa berreskuratzekoMurrizketak direla eta, iaz baino jolasleku gutxiago izango ditu aurten Jolas jaialdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu