Hitzaldi baterako prest dituzte aulkiak: elkarren ondoan eta borobilean. Oraindik eserlekuak hutsik direla, zirkuluaren erdian eseri dira Jone Zubizarreta (Arrasate, Gipuzkoa, 1984), Nora Goialde (Donostia, 1998) eta Maddi Murgia (Donostia, 1987) Azpi kultur elkarteko kideak. Bira 2025 jaialdiaren antolatzaileak dira hirurak; astelehenean eman zioten hasiera sormen asteari. Ikastaroak, erakusketak, azokak eta erakustaldiak egiten ari dira. Bihar bukatuko dute proiektua.
Nahita aukeratu duzue Euskaraldiaren astea?
ZUBIZARRETA: Hirurak euskaldunak gara, hasieratik egin dugu dena euskaraz, baina egia da data jarri genuenean artean ez ginela ohartu aste berean Euskaraldia izango zenik. Komunikazio guztia euskaraz egiten dugu, eta uste dut nahiz eta hertsiki Euskaraldiari lotutako ekimen bat ez izan praktikan oso proiektu euskalduna dela, guk hala egiten dugulako.
Zer motatako sortzailea da zuetako bakoitza?
ZUBIZARRETA: Arte plastikoan aritzen da Nora, diseinuan Maite, eta zeramikan ni.
Eta hiru dohainak batuta sortu da Bira.
ZUBIZARRETA: Azpi edo Azpiren antzeko espazio asko daude Donostian, eta zaila da horietan lan egitea hiri honetako erritmoarekin eta konplexutasunarekin. Beti sentitu dugu gure artean lantaldea indartzeko eta sarea sortzeko beharra, egin baikenezakeen gure lana bakarrik, baina askoz ere aberasgarriagoa baita elkarrekin egitea. Nahi edo behar horretatik abiatu ginen, eta komunikatzeko eta zabaltzeko behar horrek eraman gaitu Bira egitasmoa sortzera. Gure artean indarra batzea da helburua, eta horregatik jarri gara harremanetan gu bezalako beste sormen espazioekin.
GOIALDE: Elkar ezagutzeko eta egiten duguna jakitera emateko egiten ari gara proiektua, baina ez guk egiten duguna bakarrik erakusteko, baizik eta gure inguruan egiten denaren berri emateko. Edonori egiten diogu hona etortzeko gonbita. Asko dira zer egiten dugun galdetzera etortzen direnak, edo zer garen, edo zertarako den espazio hau. Hori dena argitzeko da Bira.
Eta zergatik izen hori?
GOIALDE: Hainbat buelta eman genizkion izenari, pentsatzen-eta aritu ginen, eta azkenerako bururatu zitzaigun bira ematearen kontzeptua ekar genezakeela izenera. Donostiako espazioetatik bira bat eman nahi dugu, sare bat sortu eta zirkuitu gisako bat egin, ahalik eta sormen mota gehien lantzeko.
Zer mota, adibidez?
GOIALDE: Parte hartuko duten espazio guztiak tipologia ezberdinetakoak dira: dendak, estudioak, tailerrak... Batzuek diseinuan egiten dute lan, besteek zeramikan, arkitekturan, jantzietan...
ZUBIZARRETA: Komertzio bat edo denda bat den kasuan, askoz ere argiago ikusten da espazio horren helburua zein den. Kolektibizatuta gaudenon kasuan, ordea, zailagoa da barruan zer gertatzen den ulertzea edo ikustea, baldin eta ez bazaude barruan. Azpin bertan, adibidez, ez dago diziplina edo lanbide bakarra, forma asko daude. Hori ere bada Biraren helburuetako bat, isilpeko lanbide horiek azaleratzea.
Zuek joan zarete parte hartzaileen gibeletik?
MURGIA: Deialdi bat egin genuen sare sozialetan, nahi zuenak interesa azaltzeko. Badakigu sormen espazio asko kanpoan geratu direla, eta horietako batzuen berri izan dugu, gainera. Baina epez kanpo sartu ziren, eta hurrengo baterako utzi behar izan ditugu. Batzuk ezagutzen genituen, eta gu geu joan gara haien atzetik; beste asko, ordea, deialdi horri esker ezagutu ditugu, haiek etorri direlako gugana.
ZUBIZARRETA: Nahi izatea eta ahal izatea ez da gauza bera, eta gertatu zaigu espazio batzuek parte hartu nahi izatea baina ezin izatea.
GOIALDE: Guk data jarri genuen, baina gero espazio bakoitzak erabaki du zer egingo duen bere orduan.
Berezitasunik badu aurtengo aldiak?
GOIALDE: Aurreko urtean ondorioztatu genuen jaialdiek askoz ere hobeto funtzionatzen dutela ekintza jakin bat baldin badago ordu jakin batean. Alegia, nahiz eta aste oso batez jaialdia etengabe zabalik egon, zaila da jendea agertzea ordu jakinik jartzen ez badiozu ekintza jakin bat egiteko. Horixe da aurten egin ditugun aldaketetako bat: parte hartzaile bakoitzak egun eta ordu jakin baterako ekintza bat prestatu du, berak aukeratutako forman.
ZUBIZARRETA: Gure hasierako ideia estudioak zabaltzea zen, espazio zabalak eskaintzea eta jendearen esku uztea noiz eta nola etorri espaziora. Baina ikusi dugu askoz ere hobeto funtzionatzen dela ordutegi bat zehaztuta eta dena lehenagotik hitzartuta. Hortaz, programa bat egin dugu aurten.
Bertze aldaketarik?
MURGIA: Bukaerako festa. Maitek aipatu duen deialdi hori zabaldu genuenean, Mogambo ostatuak [Antigua auzoan dago] bere burua eskaini zuen espazioa erabil genezan, eta pentsatu genuen jaialdiak merezi zuela bukaerako festa bat. Azken batean, gure helburua lana erakustea da, baina baita gure artean harremana egitea ere, eta horretarako ezin hobea da guztiok Mogambon elkartzea. Gainera, Mogambo nahiko leku erreferentziazkoa da Donostian, eta, festa bat tartean, errazago ezagutuko dugu elkar.
Zein dira sormen munduaren ahulguneak?
ZUBIZARRETA: Gehien-gehienetan, sormen munduko lanbideak oso prekarizatuta egoten dira, eta, gainera, Donostia oso hiri garestia da. Hiriak ez dio sormenari erraztasunik ematen, eta garatu ezinik geratzen da bidea. Horregatik daukagu gehienok beste lanbide bat, nahiko itota ibiltzen garelako bestela. Baldintza horiekin, zaila da proiektu berriak sortzea eta tira egitea, eta esango nuke hori dela gauzarik okerrena, ez dela ordaintzen eta ez dela baloratzen.
GOIALDE: Bilborekin edo Gasteizekin alderatzen badugu, adibidez, estudio bat alokatzea askoz ere garestiagoa da Donostian, eta horrek ere asko eragiten du gure lanean.
Eta zerk mantentzen zaituzte hemen?
ZUBIZARRETA: Uste dut sormenik gabe hil egingo nintzatekeela. Behar pertsonala daukat hori dena egiteko.
MURGIA: Jendeak lotzen gaitu, gauzak taldean egiteak eta talde baten parte izateak. Jende asko autonomoa da, eta bakarrik egon ordez taldean aritzea askoz ere hobea da; nire ustez, behintzat. Gainera, ikuspuntua asko zabaltzen du lanean, elkarrekin asko ikasten dugulako.
LOTSABAKO
Zer bertze gauza egiten zarete onak?
ZUBIZARRETA: Nora abesten. MURGIA: Zu jendea lotzen eta komunikatzen. GOIALDE: Bai, eta Maite antolakuntzan.Bira bukatzen denean, zer?
ZUBIZARRETA: Lanean segitu. MURGIA: Ospatu. GOIALDE: Balorazioa egin.